Aranburuk espero du zerga erreformaren bidez bi urtean 127 milioi gehiago biltzea

Errenta handieneko 115.000 zergadunek gehiago ordaindu beharko dute; gainontzekoek, berdin edo gutxiago. Enpresek, gutxienez, beren irabazien %13 pagatuko dituzte

joxerra senar
Iruñea
2015eko azaroaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Erreforma ez da erasokorra». Halaxe laburbildu zuen atzo goizean Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun eta Ekonomia kontseilariak gobernuak aurkeztutako zerga erreformaren proiektua. Gobernuak Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin hitzartu du bere edukia, eta, Aranbururen hitzetan, «lau alderdiek ahalegin txalogarria» egin dute. Hamar foru lege aldatu nahi dira; tartean, Errenta, Sozietate, Ondare eta Erregaien gaineko zergak. Gobernuak kalkulatzen du 127 milioi euro gehiago bilduko direla hurrengo bi urteetan: 44 milioi euro gehiago 2016an eta 83 milioi gehiago 2017an.

Urriaren 15ean, Aranburuk Parlamentuan aurreratu zituen nondik norako nagusiak, baina hiru asteotan aldaketa batzuk ezarri zaizkio. «Garrantzitsua deritzogu zerga sistemak progresibotasun handiagoa eta, batez ere, berdintasunerako bidea berreskuratzeari. Hurrengo lau urteetan, bide horretan aldaketak eginez joango gara, ekonomiaren bilakaerak ematen dizkigun gomendioak aintzat hartuta».

Proiektua «berehala» Parlamentuan aurkeztuko dela iragarri zuen Aranburuk. Erreforma babestu duten lau alderdiek parez pare izango dituzte UPN, PP, eta PSN. Izan ere, orain arten kaleratu den edukiarekin, hiru alderdiak oso kritiko azaldu dira, eta ohartarazi dute dute nafarrek EAEko eta Espainiako zergadunek baino gehiago ordainduko dutela.Argudio horren jakitun, Aranburuk ohartarazi du zerga sistemak ez direla alderagarriak eta zerga presioa batik bat errenta handiei igoko zaiela.

ERRENTA ZERGA
Erreformaren barruan, aldaketarik handiena izango da. Batetik, orain arteko tarifa orokorra moldatuko da. 32.000 eurotik gorako oinarri likidagarriei 0,5 eta 4 puntu artean igoko zaie zerga tasa. Zenbat eta errenta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da igoera. Hasierako asmoak aldatu ditu Gobernuak alderdiekin izandako negoziazioan. Orain dela hiru aste Aranburuk berak Parlamentuan bi puntu arteko igoera proposatu zuen.

Bigarrenik, norbanakoei eta familiei seme-alabak izateagatik edo ezgaitasuna izateagatik ezarritako kenkari guztiei tratamendu bera emango zaie, eta kuotaren %25eko murrizketa ezarriko zaie: «Lehen, errenta handiagoa zuenari hobeago ateratzen zitzaion kenkaria. Akordio programatikoaren filosofia da seme-alaba guztiak berdin kostatzea Ogasunari».

Hirugarrenik, kapital etekinen gaineko tarifa ere aldatu egingo da: beste zerga tarte bat ezarriko da, eta %19-%25 arteko zerga tasak ezarriko dira. Kasu horretan ere, zenbat eta irabazi handiagoa,gehiago pagatuko da: 6.000 eurotik gorako irabaziei %21eko tasa ezarriko zaie, 10.000 eurotik gorakoei %23koa eta 15.000 eurotik gorakoei %25ekoa.

Era berean, hainbat kenkari aldatuko dira. Pentsio planei egindako diru ekarpenagatik, kenkaria ezartzeko gehieneko muga 6.000 eurotik 5.000 eurora jaitsiko da, eta 50 urtetik gorako pertsonei 8.000 eurotik 7.000 eurora. Atzerrian lana egiteagatik, zergarik ez ordaintzeko aukera 30.000 eurora mugatuko da, eta mugaldeko langileei ez zaie salbuespen hori ezarriko.

Etxebizitza erostegatik, kenkariak kendu egingo dira, babes ofizialeko erosleei izan ezik; betiere , errentaren arabera. «Azterketa ekonomikoek erakusten dute etxebizitza kenkariek mesede handiagoa egiten dietela etxegileei. Pentsio planekin antzekoa gertatzen da, eta, batik bat, bankuei egiten diete mesede», aipatu du. Aurretik etxea erosi dutenek kenkariari eutsiko diote.

Aranbururen arabera, hamar zergadunetik seik (%62) ez du igoerarik nozituko: errenta txikieneko 86.614 zergadunek gutxiago ordainduko dute; 105.685 zergadunek ez dute nabarituko, eta errenta handieneko 115.110 zergadunek ordaindu beharko dute gehiago. Dena den, zehaztu du neurrian igoko zaiela horiei: «Ez dira kopuru handiak». 2014ko egoerarekin alderatuta, 45.000 eurotik gorako diru sarrerak dituzten norbanakoei 75 eta 450 euro artean igoko zaie kuota. Bikoteen kasuan, 75.000 eurotik gorako diru sarrerak dituztenei 325 euro eta 850 euro artean.

SOZIETATE ZERGA
Enpresen irabazien gaineko zergan, erreformak enpresa handiei tasa %25etik %28ra handitzea proposatzen du; aldiz, gainerakoei orain bezala geratuko zaie: hamar milioi eurotik behera fakturatzen dutenei %23an eta milioi bat eurotik behera fakturatzen dutenei %19an. Era berean, gutxienez, enpresei %13ko tasa ordaintzea ezarri du —egun %10 da gutxienekoa—. Sicav sozietateek %1eko tasa ordaintzeari utziko diote, eta gainerako enpresen modura ordainduko dute zerga. Enplegua sortzeagatik, enpresakbehartuko dituzte kontratua bi urterako egitera eta gutxieneko soldata bider 1,5 gutxienez ordaintzera langileari. Inbertsioagatik, kenkaria zorroztu egin da, eta enpresako aktiboaren balioaren %10etik gora inbertitzera behartuko da. «Horren bidez, materialen ordezkatze hutsa egitea eragotzi nahi dugu», azaldu du Aranburuk.

ONDARE ZERGA
Zerga ez ordaintzetik libre geratzeko muga 800.000 eurotik550.000 eurora jaitsiko da. Era berean, aitorpena egitera behartuko dituzte milioi bat euroko ondarea duten zergadunak. Ondare handia baina errenta txikia duten pertsonen kasuan, zerga babes moduko bat ezarriko da: errenta zergaren eta ondare zergaren kuotek azken zerga horren oinarriaren %65 gainditzen badute, kuotaren murrizketa gehienez %65 izango da (orain arte, %75ekoa da).

BESTE ZERGAK
Erregaien txikizkako salmenten gaineko zergan 2012ko egoerara itzultzea erabaki da. Gasolioaren eta gasolinaren kasuan, mila litroko 24 euro, eta gasolio berezien kasuan, sei euro. Garraiolari eta taxi gidarientzat ez du ondoriorik izango. Ondorengotza eta Emari zergetan baldintzak zorroztu dira gezurrezko emariak eta uko egiteak saihesteko. Beste hainbat zergari aldaketa teknikoak egin zaizkio. Zergen foru lege orokorrean ere aldaketak ezarriko dira: Ogasunaren ikerketa prozeduren epea 18 hilabetera luzatuko da, eta berandu ordaintzeagatik %3,75eko interes tasa ezarriko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.