Hazkundearen bidea berreskuratzeko epea urtetik urtera luzatzen ari da Euskadiko Kutxa. Iaz esan zuen 2013an hasiko zirela sumatzen suspertzearen lehen printzak; aurten, ordea, urte horren amaieran jarri du hazkunde positiboa izaten hasteko aukera. Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak egindako txostenaren arabera, «behin betiko irteeratik urrun» ikusten du ekonomia, Xabier Egibar Euskadiko Kutxako zuzendariordeak. Eta ez hori bakarrik, haren ustez, «baikortasunerako aukerarik» ere ez dago une honetan.
2013. urterako egin duten aurreikuspenak negatiboak izango dira, baina aldagarriak. Izan ere, Joseba Madariaga Euskadiko Kutxako ikerketa saileko zuzendariak esan duenez, Espainiak erreskatea eskatzen baldin badu, «dena aldatuko da». Europak jarriko dizkien baldintzak ere gora-behera horretan zeresana izango duela uste du. Gainera, itxura guztien arabera, erreskate eskaera hori egongo da: «Oinarrian egongo diren beharren arabera,zaila litzateke erreskate hori ez eskatzea». Eta garbi esan du arrisku saria jaisteko modu bakarra erreskatea eskatzea dela.
Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak egin duten txostena orain arte lortutako datuen arabera egin dute, eta, horregatik, etorkizun hurbilean gerta daitekeenak dena alda dezakeela esan du Madariagak.
Eta hori garbi geratu da urte honetako datuak aztertzeko garaian. Izan ere, 2012. urtea ez da iaz aurreikusi zuten bezala amaitu. Iazko txostenean, BPGaren hazkundea moteldu egingo zela iragarri zuten, baina inondik inora ez zuten espero zenbaki negatiboak iritsiko zirenik. Baina gertatu da: BPGak %0,4ko handitu behar zuen, baina %1 txikitu da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; %0,5 handitu behar zuen Nafarroan, baina %1,4 txikituko da. Horrenbestez, 2008ko irailean krisia lehertu zenetik gaur egunera BPGa %4,7 jaitsi da. «Krisia hasi denetik ez dugu asmatu egoerari buelta nola eman».
Joerari jarraipena emanez, datorren urtean hazkundeak balio negatiboetan jarraituko du.«Etorkizuneko aurreikuspenak, iragan gertukoak izango dira», esan du Madariagak. Ekonomiak beste %1 egin beharko luke atzera EAEn, eta %0,9 Nafarroan. Urtea aurrera joan ahala, atzeraldia leunduz joango da, «eta azken hiruhilekoan hazkunde positiboak ere egon ahal izango dira». Testuinguru horretan, prezioen bilakaeran Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak ez du berebiziko arazorik aurreikusten, «barne eskaeraren ahultasuna dela eta».
Hori horrela ez bada ere, lanpostu gehiago galduko dira 2013.urtean. Eta joera hori egin duten aurreikuspenean islatu da. Aurten aktibo dauden pertsonen %14,9 beharrik gabe daudela amaituko dute urtea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, aurreikuspenen arabera, portzentaje hori %16ra igoko da 2013an. Nafarroan ere joera berdina izango du langabeziak: %15,7tik %16,5era igoko da.
Begirada nazioartean jarrita
Baina datu horiek Europako egoeraren baitan ulertu behar dira. Frantziak %0,1eko hazkundea izango du datorren urte amaieran, eta Alemanian, berriz, %0,7. Balio negatiboetan amaituko dute urtea, bestalde, Espainiak(-%1,6) eta Italiak (-%0,9). «Oraindik ez da berandu Europako hazkundea berdintzeko. Horretarako, barne eskaera indarberritu beharra dago», esan du Egibarrek. Horretaz gain, murrizketen eta erreformen egutegi bat egitea ere eskatu du. «Epe luzeagoan zabaldu behar dute doikuntzek, sinesgarriagoak izateko». Europako Banku Zentralaren gidaritzapean, «ezinbesteko aktorea».
Kontinentetik kanpo, ordea, datuek bestelako aurpegia erakusten dute. AEBek %1,9ko hazkundea izango du datorren urtean, eta garatzeko bidean dauden herrialdeek, berriz, batez beste %2,6 egingo dute gora. Alde horretatik, euskal enpresetan hazkunde hori sumatzea espero du Madariagak: «Nazioartean dauden enpresek igoera hori aprobetxatu behar dute».
Hori dela eta, 2014an ekonomiak izango duen joerarekin «baikorrak» izateko deia egin du Egibarrek. «Etxean egiten diren politikek esportazioan, nazioartean eta berrikuntzan oinarritu behar dute».
Behin betiko irteeratik urrun
Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxaren azterketaren arabera, datorren urtearen amaierara arte ez da ekonomia suspertukoLangabezia tasak gora egiten jarraituko du: EAEn %16 izango da, eta Nafarroan %16,5

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu