Euskadiko Kutxak 30 milioirekin hartuko du parte 'banku txarrean'

BBVA ez beste finantza erakunde nagusiak, lau aseguru konpainia eta estatua bera izango dira Sareben akziodunakBanku nazionalizatuek 15.000 milioi euro handituko dute defizita aurten

Iker Aranburu.
2012ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kutxabank ez ezik, Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxa ere konbentzitu du Espainiako Gobernuak Sareb banku txarrean dirua jar dezan. Mondragon taldeko kreditu kooperatibak 30 milioi euro jarriko ditu, horietatik zortzi milioi kapital gisa eta gainontzekoak menpeko-zor gisa. Guztira, hamasei finantza erakunde, lau aseguru etxe eta estatua bera izango dira beste akziodunak. Kutxabankek banku txarraren %3 izango du, gehienez jota 128 milioi euroren inbertsioarekin.

Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxako iturri ofizialekziurtatu diote BERRIAri Espainiako Gobernuak ez dituela «behartu» Sareben parte hartzera. «Gobernuak gonbidapena egin zigun, eta gure zatia jartzea erabaki dugu, finantza sendotzeko eta krisitik irteteko balioko duelakoan».

Joan den astearen amaieran jarri zen martxan Sareb edo banku txarra. Funtsean, higiezin agentzia erraldoi bat izango da, azken urteotan bankuek pilatu dituzten etxegintzako aktibo toxikoak merkaturatzea baita bere helburua. Hau da, bankuei deskontu batekin erosiko dizkie desjabetu dituzten etxebizitzak eta lurzoruak, eta saltzen saiatuko da, sektoreko inbertitzaileei nagusiki, baina baita erosle partikularrei ere. Oraingoz 89.000 etxebizitza ditu, eta 13 milioi metro koadro lur. Horri gehitu behar zaizkio etxegintzako milaka mailegu kaskar. Orotara, 65.000 milioi euroren aktiboak izango ditu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren barne produktu gordina bezainbeste.

Arrisku hori estaltzeko 5.200 milioi eurotik gorako kapitala behar du. Lehen zatia (954 milioi) dirutan jarriko dute, eta hil honen amaieran zorra jaulkiko dute beste 3.000 milioi inguru jasotzeko. Otsailerako amaitu nahi dute prozesua, agian inbertitzaile berriekin. Lehen epe batean nazionalizatutako bankuen aktiboak bereganatuko ditu, eta kapitala handitzen duenean jasoko ditu laguntza publikoak jasoko dituzten beste bankuena.

Espainiako Gobernuak lanak izan ditu erakunde pribatuak proiektura erakartzen. Ez zuen kapitalaren gehiengoa izan nahi; bestela, lehen urteotan espero dituen galerak defizit publikoaren barnean zenbatuko zirelako eta inbertsioa estatuko zorra izango zelako. Azkenean, %45 izango du estatuak.

Luis de Guindos Ekonomia ministroak huts egin du bere esparrutik kanpoko inbertitzaile pribatuak erakartzean; Deutsche Bank eta Barclays bankuek soilik jarriko dute diru apur bat, eta sektorean inbertitu ohi duen inork ez du arriskurik hartu.

Are huts nabarmenagoa da ministroarentzat BBVAk dirurik jarri ez izana, batez ere kontuan hartuta haren buru Francisco Gonzalez PPren ingurukoa dela. Bilbon sortutako bankuak esan zuen ez zuela dirurik jarriko proiektuaren errentagarritasunaz zalantzak bazituen. Madrilgo agintariek agindu dute urtean jarritako kapitalaren %15 berreskuratuko dutela inbertitzaileek. Kopuru horiek auzitan jarri dituzte aditu askok, batez ere merkatua hondoratuta dagoelako orain eta ez delako espero epe motzean gora egitea. BBVAren hutsunea beste erakundeek bete dute, bakoitzak duen neurriaren arabera. Horrela, Santander izango da akziodun nagusia, 840 milioi jarriko dituelako (%16,2) eta haren ondotik izango da Caixa (%11,7, 606 milioi).

Oraingoz, 15.600 milioi

Sareben bidez, Espainiako Gobernuak larri dabiltzan bankuak arindu nahi ditu, berriro ere maileguak emateko moduan egon daitezen. Baina aktibo toxiko horiek gabe ere diru gehiago behar dute banku nazionalizatuek. Aurten jada 15.560 milioi euro jarriko ditu: 4.500 milioi Banco de Valencian —Caixari euro baten truke eman aurretik—, 4.465 milioi Bankiari, 3.627 milioi Novagaliciari eta 2.968 milioi Catalunya Banci. Bi azken horiek guztiz geratu dira estatuaren esku, azken azterketek erakutsi dutelako balio negatiboa dutela gaur egun. Jarritako dirua defizit publiko gisa zenbatuko dela baieztatu zuen atzo De Guindosek, baina ez zion garrantzi handirik eman, Bruselak ez baitu gehiegizko defizitaren prozedurarako zenbatuko. Gainera, ministroak gogorarazi zuen zulo hori estaltzeko Europako erreskatearen 40.000 milioi jaso dituela, baldintza onetan: %0,5eko interesa du, eta 12 urte eta erdi itzultzeko.

EBri agian beste 2.000 milioi eskatu beharko dizkio Espainiak. Izan ere, ondoko egunotan jakingo da zenbat diru beharko duten BMN, CEISS, Liberbank eta Caja3ek, Bruselak haien berregituraketa planak onartzen dituenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.