Desberdintasun sozialak. Pobrezia Nafarroan. Nerea Zugasti. NUPeko Alter taldeko ikertzailea

«Gutxieneko diru sarrerak ez daude bermatuta»

Nafarren %14,8 daude pobrezia arriskuan. Foessak emandako datuetako bat da. Egoera zailean dago Nafarroa, Zugasti ikertzailearen iritziz. Haren ustez, konponbidea bilatu behar da; «lehenbailehen», gainera.

Lohizune Amatria.
Iruñea
2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehen aldia da Foessa fundazioak gizarte bazterketari eta garapenari buruzko ikerketa bat egin duela Nafarroan. Eta datuak kezkagarriak dira. Nerea Zugasti da ikerketa egin dutenetako bat (Iruñea, 1984), Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko Departamentuko Alter ikertzaile taldekoa. 650 galdeketa egin dituzte datuak lotzeko, eta horrek balio berezia ematen dio ikerketari, haren iritziz. Azterketa amaitzen ari da orain, Miguel Laparra taldeko zuzendariarekin batera. Ikerketaren aurrerapena, baina, argitaratu berri dute: 95.000 pertsona daude pobrezia arriskuan (%14,8), eta 20.000 pertsona pobrezia larrian (%3,1).

Egoera ez da onena Nafarroan. Larriak dira datuak?

Datuek oso egoera zaileankokatzen dute Nafarroa. Oso larriak dira. Nafarroako egungo panoramaren inguruko gogoeta eragin beharko luke ikerketak. Gaizki daude pertsona asko Nafarroan, eta konponbidea bilatu beharko litzateke; lehenbailehen.

Jende asko dago ekonomikoki pobrezia egoeran; pobrezia erlatiboaren atalasetik behera asko bizi direla egiaztatu dugu. Eta, noski, pertsonen oinarrizko duintasunaren aurka dagoen egoeran ere asko daude; pobrezia larrian daude horiek. Baina ikerketan ez dugu soilik arazo ekonomikoen garrantzia nabarmendu, Nafarroan gizarte bazterketaren fenomenoak duen garrantzia ere aztertu baitugu: 115.000 pertsona inguru bizi dira gizarte bazterketan.

Pobrezia eta gizarte bazterketa ongi bereizi dituzue ikerketan.

Gizarte bazterketari buruz mintzatzean, metatutako zailtasunei buruz ari gara, baina ez alor ekonomikoan bakarrik. Ez gara soilik ari hilabete bukaerara iritsi ezinak sortzen duen zailtasunari buruz edo enplegua ez izatearen arazoari buruz. Pertsonek egunero izaten dituzten bestelako zailtasunak horiei pilatuz doaz. Bizilagunekin dituzten gatazkak edo familian bertan sortzen diren gatazkak arazo bihurtzen dira askotan. Gizarte bazterketari buruz ari garenean zailtasun horien guztien metaketaz ari gara. Ikerketak dituen indarguneetako bat da hori. Pobreziaz mintzatzean, berriz, atalase batetik beherako ditu sarrerak dituzten pertsonei buruz ari gara.

35 adierazle erabili dituzue gizarte bazterketa aztertzeko.

Pertsona askoren eguneroko bizimoduan eragina duten zailtasunei lotutako 35 adierazleek osatutako sistema erabili dugu inkestan, eta horrela egiaztatu dugu zein den Nafarroako egoera. Enpleguari dagokionez, adibidez, saiatu gara neurtzen zenbatekoa den nagusiki familia mantentzen duen pertsona langabezian dutenen ehunekoa; edo enplegu irregularra izan eta gizarte segurantzaren estaldurarik ez dutenak zenbat diren. Kontsumoari dagokionez, berriz, pobrezia larrian dauden familien ehunekoa aztertu dugu.

Ekonomikotik harago doa eragina, beraz.

Bai. Txostenarekin adierazi nahi izan ditugun ideietako bat da, gainera. Krisiaren eraginez enplegua suntsitu dela nagusitu da gehienbat; ideia hori zabaldu da. Baina ikerketaren bidez egiaztatu dugu beste alor askotan ere arazo larriak daudela Nafarroan. Esate baterako, etxebizitzaren alorrean.

Zeintzuk dira arrazoiak?

Krisian murgildu garen heinean, estres egoera gogorragoak dituzte askok; eta horrek osasun arazoak eragin dizkie askori. Krisiaren aurretik zuten osasun egoera baino okerragoa dutela esan digute askok. Familian ere arazo asko izaten dira, etxebizitzan gerta daitezkeen arazoetatik eratorriak. Etxearekin zer egin ez jakiteak, lana ez edukitzeak eta eguneroko oinarrizko gauzak bermatuak ez izateak, besteak beste, gizarte arazo larria sor dezakete.

Lan egiten duten hamarretik batek du bazterketaren eragina. Enplegua ez da beti konponbidea, beraz.

Kalitatezko enplegua da funtsezkoena. Askotan lan baldintzak izaten dira arazo: egoera prekarioak. Lan baldintza txarrak onartzen dituzte, eta horrek langileen artean hain ezaguna den fenomenoa eragiten du: lanean ibili arren pobre izatea. Lanean ari dira, baina soldatak ez die bermatzen pobrezia ekonomikotik atera ahal izatea.

Gizarteratzeko errenta baino diru sarrera txikiagoak dituzte urtean 50.000 familiak; %9,2. Baina 10.800ek jasotzen dute gobernuaren errenta.

Hilero ematen du diru laguntza gobernuak, baina zenbait familiari ez die bermatzen urte guztian jasoko dutela. Zergatik? Badakigu badela jendea ez duena laguntza eskatzen, arrazoi ezberdinengatik. Eta laguntza jaso ahal izateko baldintza denak betetzen ez dituelako kanpoan geratzen denik ere bada. Beste batzuei, berriz, bukatu egiten zaie diru laguntza. Irailean jasotzen dute, adibidez; baina urrian, azaroan eta abenduan ez dute sarrerarik. Eta zer gertatzen da orduan? Urte osoko datuak kontuan hartuz, ez zaiela ezarritako oinarrizko diru sarrera bermatzen. Gainera, laguntza jaso ahal izateko izapideak atzeratu egiten dira askotan. Denborarekin diru sarrera murriztu egiten dela ere badakigu, %80ra arte. Hau esan dezakegu, beraz: gutxieneko diru sarrerak ez daude bermatuta. Diru laguntza dute askok, baina urtean ez dute ehuneko ehun jasotzen. Hala ere, asko dira [%6,8] laguntzaren %60 eta %100 artean jasotzen dutenak.

Nafarroako garapen mailarekin, izan zitekeen gizarteratze hobea?

Nafarroako bazterketa edo pobreziaren inguruko analisi konparatibo gehienak Espainiako testuinguruan egin dira; baina, ikerketan ikusi dugunez, Europarekin alderatuz pobrezia eta estualdi larriagoa dago. [Espainiako] Estatuko zenbait lurralderekin alderatu ditugu Nafarroako datuak, garapen antzekoa dutenekin. Gizarteratze maila antzekoa edo hobea dute horietan. Baina, Nafarroako egoera Europako zenbait lurralderekin konparatzean, ez gara batere onik ateratzen.

Bazterketaren eragina handiagoa da emakumeak buru dituzten familietan. Baina baztertutako familia mantentzen duen pertsona gizonezkoa izan ohi da.

Bai. Kontzeptu ezberdinak dira; baina deigarria da zenbait aldaketa egotea. Nazionalitatearekin argiago ikusten da, agian. Baztertutako pertsonaren batez besteko profila espainiarra da. Espainiar nazionalitatea dutenak atzerriko nazionalitatea dutenak baino gehiago dira. Beraz, talde handiek eragina dute ikerketan. Atzerriko biztanleak kontuan hartzen baditugu, hala ere, ehunetik zenbatek jasaten dute gizarte bazterketaren eragina? %34,5ek. Zenbat emakumek? %16,7k. Datu horietan ikusten da, egiazki, talde kaltetuenetan krisiak izan duen eragin bereizgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.