Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak58,7 milioi euroren irabaziak pilatu ditu bere bost hilabeteko historia bateratuan. Horietatik 36,7 milioi dagozkie aurtengo lehen hiruhilekoari. Urte osoan 105 milioi euro irabaztea espero du kreditu kooperatibak.
Azaroaren 1etik aurrera erakunde bakar baten gisa hasi zen funtzionatzen Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxa. Erakunde «saneatu» gisa hasi da, Espainiako Gobernuak finantza sektoreari egindako kapital eta hornidura eskaera guztiak beteak dituelako. Integrazioa amaitu aurretik 987 milioi euro bideratu zituzten bi kutxek batez ere etxegintzarekin lotutako kredituetan izan ditzaketen galerak estaltzeko. Gainera, aurten izan daitezkeen ezustekoak ere estalia ditu taldeak, 222 milioi euroren hornidura generikoa egin baitu, «baimendutako kopururik handiena».
Hornidura horien ondorioz, kreditu kooperatibak 528 milioiren galera izan zuen iaz. «Saldo negatibo hori entitatearen erreserbetara egotzi zen, integrazio prozesuan». 2011n ere hornidura handiak egin zituen Euskadiko Kutxak, eta 19,4 milioi irabazi zituen (-%62). Ipar Kutxak 10,93 milioi irabazi zituen.
Ahaleginen ondoren ere, 2012ko itxieran Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak %11ko kapital nagusia zuen, kaudimen ratiorik «onenetakoa», kutxak jakinarazi duenez. Urtarrilaren 1etik gutxienez %9ko kapitala izan behar dute finantza erakundeek.
«Jokaleku konplexua» izan arren, «behar besteko» likidezia duela dio: emandako kredituekiko gordailuen ratioa %86,9koa zen 2012aren itxieran, eta %70,9koa sektorearen batez bestekoa. Berankortasuna ere «kontrolpean» du, %6,95ean. Urtearen hasieran bezeroei emandako kreditua %0,9 jaitsi da —16.357 milioi eurotan dago—, eskaria jaitsi egin delako. Bezero partikularren gordailuak, berriz, 16.733 milioi eurora arte iritsi dira. Merkatu kuota handitu du, Max kontuak 250.000 familia erakarri dituelako.
Euskadiko Kutxa-Ipar Kutxak 25.000 milioi euroren aktiboak ditu, eta 1,3 milioi bezero. 451 bulego ditu, horietatik hiru laurdenetik gora Hego Euskal Herrian.
Urtea 36,7 milioi euro irabazita hasi du urtea Euskadiko Kutxak
Espainiako Gobernuaren eskakizun guztiak betetzeko 987 milioi hornitu zituen joan den urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu