Justo Saenz Iñiguez. Kidetzako presidentea

«Adingabeen interesa beti egon da muinean»

Ekainaren 30ean onartuko dute zaintza partekatuaren EAEko legea Eusko Legebiltzarrean; denbora luzatu izana kritikatu dute sustatzaileek hainbatetan, baina pozik agertu dira emaitzarekin.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurreko legegintzaldian hasi zuen bidea Kidetzak aurkeztutako herri ekinbide legegileak. 2011ko martxoan eraman zuten legebiltzarrera, tramitatzen hasteko. 2012ko ekainaren 28an, 85.000 sinadura lortuta, aintzat hartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Ezustekorik ezean, ekainaren 30ean lege bihurtuko da. Justo Saenz Iñiguezek gogoeta egin du bilakaeraz eta lege proposamenean egindako aldaketez.

Zer iruditzen zaizu legeak onartu duten arte egin duen bidea?

Harritu gaitu horrenbeste denbora igaro izanak. Testu egituratu bat aurkeztu genuen, eta, gure ustez, hamar hilabetean onar zezaketen. Ez da horrela izan, ordea. Hiru urte igarota ere urrira arte atzeratu nahi zuten, arrazoi teknikoak argudiatuta. Elkarretaratzeak egin ditugu, baita bilerak ere taldeekin, eta, azkenean, ekainaren 30ean bozkatuko dute.

Zergatik atzeratu da horrenbeste lege hau, zuen iritziz?

Ez dugu ulertzen atzerapenaren zergatia. PSE-EEk eta EH Bilduk ez dute lege hau aurrera eramateko interesik izan. Prozesua mantsotzeko hartu zuten lehen erabakia 30 espezialistaren agerraldia eskatzea izan zen. Nabarmendu behar da sei hilabete nahikoak direla lege bat onartzeko; fracking-aren legearekin zer gertatu den baino ez da ikusi behar.

Haustura hidraulikoaren legea sustatu zuen plataformak nabarmendu du fracking-a gizartean adostasun handia sortu duen gaia dela. Lehentasunezko zaintza partekatuak halako babesa du?

Historia apur bat egin dezagun. 2010. urtean, hiru batzar nagusiak lehentasunezko zaintza partekatuaren alde agertu ziren. 2011n, Eusko Legebiltzarrean, PSE-EE ez beste alderdi guztiek lehentasunezko zaintza partekatuaren alde egin zuten, baita Arartekoak eta fiskaltzak ere; halaber, 85.000 sinadura bildu genituen. Adostasuna bazegoen, baina, agian, alderdi batzuei ez zaie interesatu azkar joatea.

Arartekoa eta fiskala aipatu dituzu, besteak beste, baina Lamarca eta Kalparsoro lehentasunezko zaintza partekatuaren aurka agertu ziren Eusko Legebiltzarrean.

Agian informazioa berrikusi beharko zenuke. Fiskalak arauan agertzen dena defendatu zuen. Guk geuk araua aldatu genuen, adostasun politikoa lortzeko. Aldaketan, lehentasunezko zaintza partekatua kentzea proposatu genuen, eta adingabearen onerako den kasuetan zaintza partekatua baliatzearen alde egin.

Alegia, Kalparsorok defendatu zuen zaintza partekatua ez ematea kasu guztietan.

Hori da. Ezin da automatikoki eman, baizik eta adingabearentzat mesedegarria denean. Eta hori bera defendatu zuen Arartekoak. Erabakiaren ardatza, gurasoetan egon beharrean, adingabean egongo da; azken horren interesak ez dira helduen interesen pean egongo.

Hori ez al doa jatorrian proposatu zenutenaren beste norabide batean? Alegia, ez da lehentasunezkoa izango.

Hemen denok hausnartu dugu ildo horretan. Adingabearen ongizatea lehenetsi behar da, eta, horretarako, irizpide batzuk behar dira, epaileek erabaki arbitrariorik har ez dezaten. Zehaztu behar da noiz den onuragarria adingabeentzat. Puntu horren inguruan denok egon gaitezke ados, oraintxe.

Hortaz, Kidetza pozik dago lantaldeak onartu duen testuarekin?

Hor zehaztapen bat egin behar dut. Legebiltzarrean agerraldia izan baino lehen bilerak izan genituen talde politikoekin, eta, haien ekarpenak entzunda, guk geuk proposatu genizkien zenbait aldaketa: lehentasunezko zaintza partekatua kentzea iradoki genien; etxebizitzaren alorrean ere aldaketak eskatu genizkien; eta, azkenik, genero-indarkeria kasuetarako adingabeen defentsarako neurriak.

Etxebizitzaren gaiarekin zenbait aldaketa egin dituzte lantaldean. Bat al datoz zuen proposamenekin?

Aldaketa batzuk egin dituzte, hitz batzuk beste batzuekin aldatuta, baina aintzat hartu dituzte egin genizkien iradokizunak.

Herri ekinbide legegile gisa hasi zena lege bihur daiteke aste batean. Azken txanparako iradokizunik?

Nabarmendu nahiko nuke lege proiektu soziala dela, adingabearen interesa bermatu nahi duena, eta berdintasunean aurrera egiten duena. Gatazka kopurua urritu nahi du. Horrenbestez, PSE-EEri eta EH Bilduri dei egiten diegu ekinbidea babesteko. Gizartearen gehiengoa alde duela uste dut, eta ahalegindu gara adostasunak lortzen.

Legearen azken emaitza Emakundek legebiltzarrean defendatu zituen tesietara gerturatu dela uste dute zenbaitek; lehentasuna kentzea, adibidez.

[Barreak] Grazia egiten dit hori entzuteak, orain denek nahi dutelako azken emaitza bere meritutzat hartu. Adingabearen interesa muina izan da, hasieratik. Lege proposamenak egin duen gauza bakarra da helburu hori argi islatu. Beti neurtu behar zen kasuz kasu. Inoiz ez zen emango zaintza partekatua automatikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.