Alkatearen hitzen «funtsa» ontzat du Sestao Aurrera-k

Txabarri Garbi auzo elkarteak elkarretaratze bat antolatu du biharko, Josu Bergarari babesa adierazteko

urtzi urkizu
2014ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sestao Aurrera auzo elkarteko hainbat kidek babesa adierazi zioten ostegunean Josu Bergara alkateari, udaletxean, eta beste herritar batzuekin batera elkarretaratzea egin zuten, Sestao gizalegerik gabekoen kontra lelopean. Ohar baten bitartez, auzo elkarte horrek babesa berretsi zion atzo alkateari. «Nahiz eta modua ez zen egokia izan, funtsean haren adierazpenak osotasunean partekatzen ditugu», esan du Sestao Aurrera-k agirian. «Babesa ematen diogu, gure herrian gizalegerik gabeko jokabide berriak eragozten saiatu delako», gaineratu du. Auzo elkarteak nabarmendu du ez duela «inolako» lotura politikorik, eta bere jarrera «argia» dela ohartarazi du: «Gizalegerik gabekoei ezetz esaten diegu, datozen lekutik datozela».

Auzo elkarteak eskerrak eman dizkie osteguneko elkarretaratzean parte hartu zuten herritarrei, «joan den igandeko gertaera larriei erantzun zieten herritarrei» —igande gauean pertsona bat atxilotu zuen Ertzaintzak, liskar batean beste bati arma zuriz erasoa egitea egotzita—. Nabarmendu du lanean jarraituko duela herri «normalizatu» bat lortzeko helburuan. «Sestaon bizi garen guztiak jabetzen gara gure herriak duen egoera zailaz. Auzokideok egunero gainditu behar ditugun zailtasun handiak ezagutzen ditugu».

Sestao Aurrera-ren iritziz, alkatea «saiatzen» ari da egungo egoera alda dadin. «Zoritxarrez, urte askoan sufritzen ari gara egoera hori».

Ez da Sestao Aurrera alkatearen alde egunotan azaldu den auzo elkarte bakarra. Txabarri Garbi auzo elkarteak elkarretaratze bat antolatu du biharko, Bergarari babesa adierazteko. Sestaoko herritarrei deia egin diete Kasko plazara joan daitezen, 20:00etan.

Joan den ostegunean, dena den, Bergararen aurka protesta egin zuten herritarrak ere izan ziren Sestaon, Alkate arrazistak kanpora lelopean.

Anasagasti, alkatearen alde

EAJko senatari Iñaki Anasagastirentzat Bergara ez da arrazista, «nahiz eta hitzen erabileran hanka sartu zuen». Senatariak bere blogean Sestaoko alkatea defendatu du: «Herri bateko delinkuentzia kasu bat pasioz eta lagunarteko hizkeran ari zen aztertzen, baina ez zen immigrazio kasu bat. Bai berak bai EAJk horrela onartu dute». Anasagastik, gainera, Bergarak izandako «erreflexuak» nabarmendu ditu, «berehala prentsaurreko batera deitu, barkamena eskatu, eta hurrengo egunean etorkin elkarteei azalpenak eman zizkielako». Senatariaren iritziz, Bergarak ez du huts egitea errepikatu Miguel Arias Cañete PPren Europako bozetarako hautagaiak bezala. «Bergarak aitortu zuen adierazpenak ez zirela egokiak, eta horrek goretsi egiten du. Alkate on bat da, ez zuena bere egun onena izan».

Anasagastik, bestalde, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Eduardo Madina PSOEko diputatua kritikatu ditu, Sestaoko alkatearen aurka egunotan egin dituzten adierazpenengatik. Madinari honako hau leporatu dio: «Madrilen bizi da, Bizkaiko diputatua izanik, herrialdea apenas zapaldu gabe. Txabarriko auzoan bizitzera gonbidatuko nuke, halako txorakeriak esateari utz diezaion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.