Ostegun goiza. Trenean noa, Brusela eta Hendaia arteko bidean, Parisen barna. Urduri nago. Oraingo urduritasunak ez du, ordea, duela hamahiru urte izan nuenaren antzik. Ez horixe! Orduan, Paris eta Portbou arteko bidea egin nuen, autoan, frantziar polizien esku. Haiek eraman ninduten Fresneseko espetxetik Portboura, Euskal Herritik urrunen dagoen Katalan mugara, eta orduan banituen, bai, oso kezkatua izateko arrazoiak. Espainiar torturatzaileak izan nintzakeen mugan zain! Oraingoan ez dut orduko beldur itzelik, baina badakit oraindik ere tortura arriskua hor dela nolabait, ez dela desagertu...
Eguerdia. Parisen hartua dut jada bigarren trena, Hendaiaraino eramango nauena. Lau ordu barru, bertan izango ditut zain Ros eta Txabillo, Zarauzko beste bi iheslariak, eta elkarrekin egingo dugu bihar Hegoalderako txangoa. Haiek 30 urte inguru daramatzate errefuxiatuta. Nik ere beste horrenbeste eginak ditut kanpoan, baina bi alditan.
Duela ia 33 urte luze, torturaren ikaraz utzi behar izan nuen ene Zarautz maitea Iparraldean errefuxiatzeko. 22 urte nituen, eta ondorengo hogei urteak Estatu frantsesean eman nituen, erdiak kartzelan, bi espetxealditan, eta beste erdiak sasian. Nire kontrako estradizio eskaerarik ez zegoen, eta bigarren kondena bete ondoren, frantsesek mugan jarri ninduten. Zorionez, ez zitzaidan gertatu aurretik hamaika laguni gertaturikoa. Portbouko mugan ziren guardia zibilek ez ninduten ukitu ere egin. Aske geratu nintzen, eta ondorengo bi urteak, 2001etik 2003ra, ene herri maitean gozatu ahal izan nituen, baina torturaren ikarak hainbeste larritzen ninduenez, berriro ere alde egiteko erabakia hartu behar izan nuen, 22 urte lehenago bezalaxe. Bruselara etorri nintzen eta bertan bizi izan naiz geroztik, torturaren kontrako borrokan murgildua, liburuak eta artikuluak idatziz, torturarik gabeko Euskal Herria dudalako amets eta baita obsesio ere...
Bordeleko geltokira helduak gara. Pare bat ordu barru Iparraldean izango naiz. Baserri bertsolari handiak jarritako bertso-sorta batez osatua den abesti ederra dut bidelagun: «Ene Zarautz maite, nere amets laguna...». Duela hamahiru urte, 20 urteko ihesaldiaren ondoren herrira bueltatu nintzenean, abestiak aipatzen dituen pare bat lekutan izan nintzen eguraldia lagun izan ahala, Mollarrin eta Pagoetan, itsas bazter eta mendialdeko ene txokorik maitatuenak, eta oraingo honetan beste horrenbeste egiteko asmoa dut...
Iparralde! Txabillo eta Ros zain izango ditut jada. Iheslariok hamaika bizipen konpartitu baditugu ere, gure ibilbide eta egoerak oso ezberdinak izan dira urteetan zehar. Nire kasuan, psikologikoki nahiko ukituta itzuli nintzen lehen ihesaldi luzetik. Bigarren hau, ordea, lasai askoa izan dut eta primeran etorri zait pixkanaka ene onera etortzeko. Oraindik ere antidepresiborik gabe ez naiz moldatzen, baina duela hamaika urte, nengoen bezala egonik, ez nuen uste izango, ez, atzerrian hain ongi moldatuko nintzenik. Ezta hurrik eman ere!
Gaur egun, hainbat iheslari ni garai batean nengoen bezain gaizki daude munduan zehar, edo okerrago, eta orain Hegoaldera bueltatzen ahal garenok haiek ditugu bereziki oso gogoan, espetxe zuloetan dispertsaturik jarraitzen duten lagunekin batera.
A zer gogoa dugun eguna hel dadin! Izan ere, aspaldiko partez, etxekoak eta lagunak Zarautzen bertan besarkatu ahal izango baititugu. Eta ondoren, ahal dugun guztia egiten jarraitu, preso zein iheslari politiko guztiek lehenbailehen gure aukera berbera izan dezaten. Berandu baino lehen lortuko dugu. Bai horixe!

Euskal preso eta iheslariak. Azken ostirala. Itzuleraren kronika
Ene Zarautz maite
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu