Andoni Goikoetxea atxilotu dute, espetxe zigorra bete dezan

Auzitegi Nazionalak zazpi urteko kartzela ezarri dio, eta Guardia Zibilak atzeman du, Ibarran; apirilean epaitu dute

2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
IBARRA. Guardia Zibilak Andoni Goikoetxea atxilotu du Ibarran (Gipuzkoa), Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri dion zazpi urteko kartzela zigorra bete dezan. Apirilaren 9an epaitu zuten Gazteluko bizilaguna, ETArekin lotuta, eta epaiaren zain zegoen. Atxilotua zela berak etxera deituta jakin dute sendiak eta abokatuak zein zen atxiloketaren arrazoia. Atzo arratsean Madrilera bidean zeramaten, kartzelan sartzeko.

Tolosaldeko Ataria-k jakinarazi duenez, hainbat lagunek atzo, 15:30 aldera, Ibarran, Guardia Zibilaren kontrol batean ikusi zuten Goikoetxea, Apatta industrialdean, eta ustez atxilotzen ari ziren. Sendiak eta lagunek Guardia Zibilaren Tolosako kuartelera jo zuten, baina ez zieten berririk eman. Donostiako komandantziara deitu zuten ondoren, eta han baieztatu zieten atxiloketa, 17:45 aldera.

Epaiketan, fiskaltzak bederatzi urteko espetxea eskatu zuen, eta AVTk, hamarrekoa.

ETAko kide izatea egotzita, 2013an atxilotu egin zuten. Frantzian zazpi urteko espetxe zigorra bete ostean, 2017ko azaroan aske geratu zen.

Sortuk atxiloketa salatu du. «Hemen batzuek interes handiegia dute herri honek aurrera egin ez dezan, iraganera kateatzen saiatzen baitira. Bakean eta bizikidetzan oinarritutako agertoki bat irrikaz desio du Euskal Herriak, eta ezinbestekoa da kartzelak hustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.