Eusko Legebiltzarrak onartzen duen zaintza partekatuari buruzko legeak pertsona bananduei etxebizitza sozial bat izateko eskubidea aitortzeko. Horixe eskatu du Kidetzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Guraso Bananduen Fedarazioak. Elkarteak berak aurkeztutako herri ekimen legegileari egin dion ekarpenetako bat da. «Adingabeen interesak jarri behar dira ororen gainetik», adierazi du Justo Saezek, Kidetzako presidenteak.
Banantzean etxea utzi behar duten pertsonak «oso egoera zailean» geratzen direla gogorarazi du. «Kasu askotan, banketxeek ez diete krediturik eman nahi izaten. Ez dute nora joan, eta ez dute laguntzarik jasotzen. Ondorioz, kalean geratzen dira». Beste ekarpen batzuk ere egin ditu elkarteak. Eskatu du, besteak beste, gizarte funts bat sortzeko pentsioak ordaintzen ez diren kasuetarako.
Pedro Cruz lehendakariordeak onartu du alderdiren bati juridikoki «zalantzak» eragiten dizkiola zaintza partekatua kontzeptuak. «Arazoa hori bada, Espainiako AuzitegiGorenaren jurisprudentzia har daiteke kontuan. Horren arabera, zaintza partekatua ezarriko da adingabearentzat kaltegarria ez bada».
Zaintza partekatua arautu asmo duen legearen bidez auzitegietara banaketa kasu gutxiago iritsiko diren nabarmendu du Cruzek. «Legeak, gainera, adingabeen interesei erreparatuko die. Izan ere, aukera emango die bi gurasoekin harreman berdina eta duina izateko. Gurasoei, berriz, haiek zaintzeko, hezteko eta mantentzeko eskubideak eta betebeharrak bermatzen dizkie».
Espainiako Gobernuak bultzatu duen zaintza partekatua arautzeko legearen aurreproiektuarekin kritiko da Saez. «Egia da egun indarrean dagoen legearekin alderatuz aurrerapauso bat dela, baina ez zaigu egoki iruditzen epaileak zaintza partekatua ezarri ahal izatea gurasoetako batek eskatu gabe. Ezin dira maila berean jarri zaintza partekatua eta zaintza gurasoetako bati ematea. Ezin da azken erabakia epailearen esku utzi».
Eusko Legebiltzarrak iazko ekainean bozkatu zuen Kidetzak bultzatutako ekinbidearen alde. Baina, hauteskundeen ondorioz,etenda geratu zen egitasmoa. Bakartxo Tejeria legebiltzarreko presidenteak iragarri zuen hil honetatik aurrera hasiko direla gaia lantzen.
Espainiako Gobernuak, berriz, uztailean jakinarazi zuen legea aldatzeko asmoa. Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak azaldu zuen Kode Zibila aldatuko dutela. «Ezinbestekoa da gizartean gertatu diren aldaketetara egokitzea legea. Zaintza partekatuak ezin du salbuespena bat izan». Azken erabakia hartzean, epaileak kontuan hartu beharko ditu aldeek fiskalaren txostenari jarritako helegiteak, adingabeen nahia eta adituen iritzia.
Bananduei etxebizitza sozial bat bermatzeko eskatu dute
Kidetza guraso bananduen elkarteak ekarpen hori egin dio zaintza partekatua arautzeko egitasmoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu