Bengoetxeak nabarmendu du «sintonia ona» dagoela EHUren eta Jaurlaritzaren artean

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta EHUko errektorea lehenengo aldiz bildu dira gaur.

Ezkerretik eskuinera: Bengoetxea, Pradales, Perez Iglesias eta Garai. BERRIA
Ezkerretik eskuinera: Bengoetxea, Pradales, Perez Iglesias eta Garai. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko maiatzaren 20a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza talde berriak urtarrilean hartu zuen kargua, eta, harrezkero, hainbat bilera egin dituzte alderdi politikoekin eta bestelako eragileekin. Gaur, Joxerramon Bengoetxea errektorea lehenengo aldiz batu da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesekin. Bileran izan dira Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordea eta Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua ere. Bileraren ostean, adierazpenak egin dituzte, eta zera adierazi du Bengoetxeak: «sintonia ona» dagoela unibertsitate publikoaren eta gobernuaren artean.

Errektoreak azaldu duenez, orain arteko erabakien berri eman diete, baita «epe motzera, ertainera eta luzera EHUk dituen asmo estrategikoen eta datozen hilabeteetan ezagutzera emango dituztenen berri ere». Besteak beste, adierazi diote erabaki dutela ordezko irakasleek datorren urteko ikasturtetik aurrera lanaldi osoan kontratatzea, «lan baldintza kezkagarriei aurre egiteko». Halaber, eskerrak ere eman dizkio Jaurlaritzari, «orain arte eskainitako laguntzagatik», eta, bereziki, azpiegitura eta obra batzuk egin ahal izateko jasotako «konpromisoagatik»: «Pertsonen segurtasuna bermatzeko hainbat azpiegituratan egin beharreko lanak aurrera eramateko finantzaketa konpromisoa hartu du Jaurlaritzak».

Unibertsitateak sortzeko dekretua eztabaidagai

Azkenaldian eztabaida eragin duen gai bat ere izan du hizpide Bengoetxeak: unibertsitateak sortzeko Espainiako Gobernuaren dekretu proiektua. Errektoreak esan du bat egiten duela Jaurlaritzaren «kezkekin eta kritikekin». «Beti lerratuko gara unibertsitateen kalitatea bermatzeko irizpideen alde». Eta erantsi du «begi onez» ikusten duela unibertsitateen kalitatea bermatzeko proposatu duen «ziurtagirien eskema», oraindik Perez Iglesias sailburuak egindako proposamena zehatzago aztertu beharra duen arren.

Gai horixe bera izan du gaur hizpide Perez Iglesiasek gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Ziurtatu du bihar bertan eskatuko diola Espainiako Juan Cruz Cigudosa Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate estatu idazkariari proiektuaren zati bat erretiratzeko, zehazki unibertsitate telematikoak sortzeko eskumena Espainiako Gobernuari itzultzen diona. Dioenez, hori egitea autogobernuaren kontra doa, eta «marra gorri bat» da Eusko Jaurlaritzarentzat.

Steilasek ere ohar bat atera du gaiaren inguruan. Oniritzia eman diote proposamenari: «Steilasek, irakaskuntza publikoa defendatzen duen sindikatua den heinean, begi onez ikusten du ustez unibertsitatekoak diren proiektuen kontrolik gabeko hedapena galarazteko saiakera, are gehiago horrek guztiak unibertsitate publikoaren garapena geldiarazi duenean». Eta gehitu du sailburuak eskumen talka argudiatu duen arren hori ez dela ezezkoa emateko benetako arrazoia: «EAJ ez dator bat unibertsitate publikoa finantzatzeko BPGaren %1 erabiltzearekin, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak adierazi duen bezala. Bitartean, Euneiz bezalako proiektu pribatu bati ziurtatzen dio laguntza eman eta sostengatuko duela, unibertsitate gisa hartua izateko lege baldintzak bete ditzan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.