Oharkabean pasatu da Cipsa auzia, baina asteon, Bartzelonako 18. Instrukzio epaitegiko magistratuak, Carmen Garcia Martinezek, lau aurrezki kutxetako zazpi goi kargudun deklaratzera deitu ditu inputatu gisa. Tartean da Nafarroako Kutxako goi kargudun bat: Jesus Javier Munarriz Desojo higiezin negozioetako arduradun ohia. Inputatutako beste bat Alejandro de Dios Perramon da, CANekin hainbat inbertsiotan parte hartu duen bazkidea. Deklaratzera deitutako gainerakoak Caixa Terrasa, Caja España eta Caixa Laietana kutxetako buruzagi ohiak dira. Lau kutxek negozioak egin zituzten Cipsa agentziarekin, eta epaileak susmoa du Cipsak ustez egindako 6 milioi euroko iruzurraren berri bazutela.
Cipsa agentziak 2006ko urrian Nafarroako Kutxarekin batera Cubican Cipsa izeneko enpresa eratu zuen. Inbertitzaile bakoitzak 2,5 milioi euroko kapitala jarri zuen. Handik gutxira, Cubican Cipsa sozietate eratu berriak Mataron (Bartzelona, Katalunia) 1,2 hektareako orube bat erosi zuen 23 euro milioi euroren truke, eta CANek 21,9 milioi euroko mailegua eman zion. Gauzak ez ziren ondo joan, ordea. Hiru urteren buruan zoruak erdia balio zuen, eta kutxa maileguaren arriskua estaltzeko hornidurak jartzera behartuta zegoen. Bere bazkideak porrot egin zuen, gainera: 2009an hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen Cipsak.
Atzetik ustelkeria zantzuak agertu ziren. 2012ko uztailean Bartzelonako delitu ekonomikoetarako fiskaltzak hainbat kutxarekin batera egindako bost operazio irregular antzeman zituen, eta salaketa jarri zuen Cipsa enpresako arduradunen aurka. Operazio horietako bat zen Nafarroako Kutxarena. «Cipsako arduradunak egoeraz baliatu ziren, eta kutxetako arduradunen oniritziarekin edo euren konfiantza neurri gabe baliatuz, gezurrezko faktura bidez euren ondarea handitu zuten», zioen fiskaltzak kereila aurkeztu zuenean. Sei milioi euroko iruzurra egitea leporatu zien.
Cipsako arduradun nagusia Carlos Fernandez Gomez enpresaburu madrildarra zen. Fernandez, era berean, Fergo Aisa eraikuntza talde handiaren presidentea zen. Salaketa aurkeztu zenean, enpresak zailtasun handiak zituen, zorrak itota zegoen. Fernandezek esan zuen ez zuela ezer gaizki egin, eta atzean esku beltzak zeudela iradoki zuen. «Eraikuntza taldearen egoera hauskorraz baliatzen ari dira batzuk, eta xantaia baten biktima naiz». Fergo Aisa taldea hartzekodunen konkurtsoan sartu zen 2013ko uztailean, baina laster kezkatzeko arrazoi gehiago izan zituen Fernandezek.
Carmen Garcia Bartzelonako 18. epaitegiko magistratuaren aginduz, Guardia Zibilak enpresaburua atxilotu zuen iazko abenduan, Clement Aulet Torrens zuzendariordearekin eta Caixa Terrasari lotutako Miguel Gamellekin batera. Atxiloketak zeresana ekarri zuen Katalunian, Fernandezen etxeetako batean 40 koadro atzeman zituztelako, horietako batzuk balio handiko artistenak (besteak beste, Antoni Tapies, Josep Guinovart eta Joan Miro).
Aurtengo otsailean, Fernandezek epaile instruktorearen aurrean deklaratu zuen, eta hatzarekin seinalatu zituen kutxetako arduradunak. Bere burua zuritu zuen, eta ukatu zuen operazio horiek aberasteko erabili izana. Hala ere, Fernandezek gaineratu zuen aurrezki kutxetako goi kargudunek gezurrezko fakturen berri bazutela. Haren esanetan, bitartekariei dirua beltzean ordainduko zitzaiela ezkutatzeko balio zuten fakturek: «Sakonean bazekiten, higiezin merkatuan ohiko praktika zelako». Epaileak sinesgarritasuna eman dio deklarazioari, eta berriki aurrezki kutxetako goi kargudun horiek inputatzea erabaki du.
Nafarroako Kutxaren kasuan, auzian inplikatutako karguduna Jesus Javier Munarriz Desojo da. 1990ean hasi zen lanean CANen, eta urte luzez aurrezki kutxaren higiezin inbertsio gehienen arduradun zuzena izan zen. Egun, Caixabanken lanean jarraitzen du, eta Nafarroa, Aragoi eta Errioxako sustapen enpresen berandutze tasa kudeatzeko arduradun da.
CANeko zuzendari ohi bat inputatu dute
'Cipsa auzia' ikertzen ari den Bartzelonako epaile instruktoreak Javier Munarriz Nafarroako Kutxako goi kargu ohia inputatu du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu