Memoria historikoa. 36ko gerra

Duela 77 urtera bidean

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek panteoia ireki dute Amasako hilerrian (Gipuzkoa), Tolosan 1936an exekutatu zituzten lau pertsonaren hezurdurak atera eta aztertzeko.

Aranzadikoek atzo Amasako hilerrian aurkitutako kaskezurrak, laborategira eramateko garbitu berritan. Lau fusilaturenak direla uste dute. PELLO ARANBURU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Villabona-Amasa
2013ko uztailaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abestu, Edurne, / abestu, Edurne. / Hori da zure Herrie». Villabona-Amasako (Gipuzkoa) erdigunetik hilerrirako bidean, Joan Manuel Serraten Edurne kanta airean. Pello Aranburuk, Aritza Kultur Elkarteko lehendakariak ekarri du gogora, bide ondoko seinalean Amasa irakurritakoan. «Se lo llevaron atado / unos hombres de metal» esaldia ahopeka. «Amasarako bidean aurkitutako hilotz bat aipatzen du kantariak», Serraten abestiaz. «Abestu, Edurne, / abestu, Edurne. / Lurperatu ote dute».

Hilerrira sartu. Edurne ez beste batzuen lurperatuen bila. Angela Zapirain Fernandezena bat. Senideekin batera erosi zuen panteoi bat egiteko lur zatia, 1.800 pezetaren truke; 450 ordaindu zituen 1960ko otsailaren 5ean Villabonako alkatetzan. 1978ko urtarrilaren 1ean hil zen Angela. Senarra zuena askoz lehenago. «Jose Agustin Garmendia. 1936ko urriak 1», hilarrian idatzita.

Panteoi bat. Serraten Edurne kanta. Eta duela 77 urteko altxamendu faxistaren lau biktimaren izena eta izana berreskuratzeko ahalegina. «Hiruren izenak dakizkigu: aipatu Jose Agustin Garmendia Urkola eta Jose Antonio Garmendia Landa eta Cruz Iribarren. Guztiek erabaki zuten herrian geratzea frankistak bazetozela jakin arren. Abuztuaren 16an sartu ziren herrira kolpistak», Aranbururen hitzak. Laugarren biktimaren izena ez, ezizena aurkitu dute: Madrileño. «Urrutikoa ere ez zela pentsatzen dugu. Urtero-urtero loreak azaltzen omen ziren hilobi honetan». Tolosarra zela esana die informatzaile batek, ezin izan dute baieztatu oraindik.

Laurek egin zuten bat Tolosako hilerrian, Aritzakoek horretan ez dute zalantzarik. «Irailaren 30ean atxilotu zituzten villabonatarrak». Herriko udaletxean, gela txiki batean eduki zituzten preso; senideak bisitan joaten zitzaizkien. Urriaren 1ean, Tolosara eraman eta epaiketarik egin gabe exekutatu zituzten, San Blas hilerriko paretaren kontra. «Tolosako hilerrian lau lagun lurperatu zituzten urriaren 2an: hiru hemengoak eta Madrileño zelakoa laugarrena». Datuok jasotzen dituzten agiriak aurkitu dituzte. «Pasados por las armas» (armaz hilak) irakur daiteke horietako batean, hiru villabonatarren izenen ondoan.

Haien gertukoek urteak egin zituzten Tolosako hilerrira bisitan joaten. «Halako batean apaizaren abisua jaso zuten: hezurrak atera egin behar zituztela obra batzuk egin ahal izateko». Zapiraindarrek beren panteoian nahi zituzten Angelaren senarraren hezurrak, Jose Agustin Garmendiarenak. «Tolosako hilerrira pertsona baten hezurren bila joan, lau fusilatuenak aurkitu, guztiak hartu, Amasara ekarri eta panteoian sartu zituzten. Senideek badakite hor daudela. Denek dakite».

Ilobaren akorduan

«Abestu, Edurne, / abestu, Edurne...». 91 urte aulki tolesgarri txiki batean kuzkurtuta, Pilar Iribarren Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek ireki berri duten panteoi ondoan eserita. Lourdes Errasti ikerlaria aurrean, kamera eskuan. «Gogoratzen naiz nola atxilotu zuten gure osaba [Cruz Iribarren]. Udaletxera eraman zuten. Berekin atxilotutako gizon bat oso urduri omen zegoen. Lasai egoteko, gure osabak, ezer txarrik ez zutelako egin». Tolosara eraman zuten, hala ere, beste atxilotuekin, «batzokiko frontoira». Han hartu omen zion aitortza eskolapio batek. Handik, hilerrira. Exekutatzera. «Gaueko hamarretan», Iribarrenen ilobaren esanetan. «Eskolapio huraxe etorri zen gure etxera handik egun batzuetara, haren azken hitzak guri esatera: ez zuela ezer txarrik egin, eta onak izateko gu ere».

Bost gazte Aranzadiko elastiko berdea soinean, lanean hasteko zain; Pako Etxeberria auzi medikua, Iribarrenen testigantza entzuten lasai. «Zapiraindarrek hartu zuten panteoia, eta guk nahi bagenuen gurea ere hona ekarriko zutela. Hala». Oroimenaren kutxari tapa kendu, eta barruan begiratzeko ordua da.

Eskailera hartu, eta badoa Etxeberria zulora. Mari Paz Zapirainek eman du lanak egiteko baimena. «Ez dakigu zer aurkituko duten. Hezurrek hogei bat urte egin zituzten Tolosan lurperatuta. Burezurrak, izterrezurrak, denak ekarri zituzten handik. Auskalo nola egongo diren, ordea», Aritza elkarteko lehendakariaren oharra.

Adituen txanda. Ezker-eskuin dauden apaletan sei gorpu ageri direla. «Hilarrian zortzi izen daude, bada». Tolosan hildako Jose Agustin Garmendiarena bata, baina haren azken bidaiako hiru lagunenak falta dira. 11 pertsonen hondarrak aurkitu behar lituzkete, beraz. «Herriko batek esan digunez, jende gehiago ere egon daiteke, guztien izenak ez daudelako hilarrian jarrita».

Etxeberria panteoi barreneko hezurtegia arakatzen. «Hemen hezurrak daude!». Tarte bat. «Hezur asko!». Kutxak. Hezur dantza. Kaskezurrei erreparatzen die bereziki auzi medikuak. Bat, bi, hiru, lau... «Burezur honek traumatismo handia dauka, nik uste tiro baten ondorioa izan daitekeela». Eta hezur gehiago. Bi ordu inguruan atera dituzte guztiak. Urarekin garbitu eta, sailkatutakoan, Etxeberriaren epaia: «Panteoiko hezurtegitik hamabi pertsonaren hondarrak atera ditugu. Burezur hauek [txoko batean bildu dituzten batzuk markatuz] gerra zibilekoak dira, puskatuta dauden eragatik. Hiru gizasemerenak dira, laugarren batenaren hondarrak ere egon daitezke».

Dena jaso. Azken burezur horien zatiak laborategian aztertzeko hartu, eta gainerakoak panteoira bueltan. «Eskerrak eman nahi dizkiegu Jexuxa Mendizabal, Pilar Iribarren eta Mari Paz Zapiraini gaurko indusketa hau egiteko eman diguten laguntzagatik», Aritzako lehendakariak. Marmolezko xaflarekin zuloa itxi. Cruz Iribarrenen ilobak ekarritako lore sorta geratu da gaurko memoria ariketaren seinale.

Zerrendakoak

«Liburu honek etorkizunerako beste egitasmo batzuei ateak irekitzeko bokazioa izan du hasieratik. Honela, liburuaren amaieran, errepresio frankistaren alderik krudelena pairatu zuten amasa-villabonatarren zerrendak aurkezten ditugu. Hurrengo gure egitekoa izen eta abizen horiei ahotsa jartzea izan beharko luke». Amasa-Villabonako frankistek idatzita utzi ziguten liburua laneko epilogoan. Aritza elkartekoek iaz aurkeztu zuten, udal artxibategian aurkitu zituzten 2.000 agirietako askorekin. Oraintxe bertan eguzkipean dauden hezurren jabeen izenak ere zerrenda haietan irakur daitezke.

Bigarren liburua ari dira prestatzen orain, urte bukaerarako argitara emateko. Hiru laguneko taldean: Pello Aranburu, Esti Amenabarro eta Karlos Almorza. Elkarrizketatu dituzten pertsona guztiak filmatu dituzte. «Lekuko zuzenik ez dugu aurkitu. Orduan ume zirenak bai, baina lekuko zuzen-zuzenik ez. Hori bai, 10.000 agiri bildu ditugu. Hildakoetan jarriko dugu arreta gehien. Eta orain ateratzen ari diren lau hauek dira herrian dauzkagun bakarrak». Hildako gehiagoren berri jaso dute, izan ere: Donostiako bonbardaketan txikitutako lau umeak, frontean eroritako soldaduak, Mauthausengo kontzentrazio eremuan (Austria) akabatutakoa... 1936ko uztailaren 18an abiarazitako altxamendu militarraren —eta ondorengo gerraren— arrastoaren neurria Villabona-Amasan. Ez da gutxi, fronterik izan ez zuen udalerri koskor baterako. «Hildako horietatik 22 altxatuen alde borrokatuz hil ziren ofizialki, eta 28 kontra. Gauzak ez dira beti zuri ala beltz, ordea. Derrigortutako asko dago ofizialki boluntario agertzen direnen artean», Aranbururen hitzetan.

Gerra irabazleek ezkutatutako 28 hildako. Herrira ekarritakoak, Zapiraindarren panteoian urte luzez sartutako laurak bakarrik. Ezkutukoak agerian uzteko garaia. 36ko gerrako biktimak hezur bizitan, hartxintxar gainean. Senideak lekuko, hilerri kale honetan. Beste maila bat, memoria berreskuratzeko testigantza, froga eta agiri bilaketaren katean.

«Abestu, Edurne, / abestu, Edurne. / Hori da zure Herrie». Serraten kanta gogoan, Amasa dioen seinalea atzean uztean, duela 77 urterako bidetik bueltan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.