Oraindik badaude trabak, mesfidantzak. Asko dago egiteko. Baina herriz herri, erakundeen, elkarteen nahiz herritarren bultzadaz, ari dira sortzen gatazka politikoaz eta bizikidetzaz hitz egiteko egitasmo berriak, lehenago ezinezko ziruditenak. Txikiak izan arren. Pauso bat bada elkarrizketa esparruak sortzea bera.
2012ko Baionako Bake Foroan, esaterako, «Euskal Herriko aktore politikoen artean eztabaida abiatzera» deitu zuten sentsibilitate guztietako ordezkariek, eta ikusi dira emaitzak. Iaz, Errenteriako Eraikiz jardunaldiek edo Donostian egindako Bakearen aldeko Alkateen Konferentziak eman zuten zer esana, eta badira ildo horretan lanean ari diren udal, elkarte nahiz herritarrak.
Gipuzkoako Foru Aldunditik Bizikidetza Sustatzeko programa jarri zuten abian iaz. Hainbat proiekturentzat diru laguntzak eskaintzeaz gain, aholkularitza eta babesa ere eman diete udalei, Baketik, Lokarri eta Bakeolaren bidez. Diputazioko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendari Marina Bidasororen hitzetan, «ezinbestekoa» da erakundeen ekarpena, «konfiantza berreraiki, iraganari aurre egin, adiskidetzea sustatzeko oinarriak jarri eta oroimena eraikitzeko». Hamalau udalerritan ari dira «bizikidetza» lantzen Gipuzkoan, eta hamaseitan «oroimena».
Eusko Jaurlaritzak ere jasoa du Bake eta Bizikidetza planean herritarren parte hartzea sustatzeko ekinbidea, eta atzo jakinarazi zuen martxan jarri dituela Elkarrekin bonuak, gizarte elkarteen eta udal, erakunde eta ikastetxeen arteko lankidetzarako. Diru sailen bidez, laguntza eman nahi diete «bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak» sustatzeko ekinbideei, eta ez dute baztertzen ekarpena egitea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek ere.
MARINA BIDASORO Gipuzkoako Foru Aldundia
«Gizarte harremanak hondatu egin dira; garaia da elkar entzuteko»
Bidasororen hitzetan, «adiskidetzeko tresnak» eta «elkarrizketarako eta lanerako esparruak» eskaintzea izan behar da erakundeen lana. «Denbora luzean, indarkeria, bazterkeria eta giza eskubideen urraketak eragin handia izan du udalerrien eguneroko bizikidetzan. Pertsonen arteko harremanak, gizarte harremanak hondatu egin dira; iritsi da garaia elkar entzuteko, duintasunean berdinak garela aitortzeko, konfiantza sortzeko». Nabarmendu du udal bakoitzak bere «ezaugarri, bizipen eta ibilbidearen» arabera egin behar duela bide hori, baina beharrezkoa dela denen arteko akordio politikoa. «Ahalegindu beharko genuke errentagarritasun politikoa alde batera uzten, bestela zenbaitzuk ez baitute parte hartuko».
IKER USON Baketik fundazioa
«Ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzea da helburu garrantzitsuena»
Erakundeen bultzadak «asko» laguntzen duela dio Baketik fundazioko Iker Usonek. Diruagatik, baina, batez ere, «asmoagatik». Hainbat udalekin ari dira lanean, gehienbat, Gipuzkoan. Bizkaian, Areatzan ari dira, eta «prozesuan» dabiltza Elorrion.
Hiru arlotan saiatzen dira sailkatzen egin beharrekoa, eta hala planteatzen dituzte jardunaldi eta ekintzak: iraganaren «ikuspegi kritikoa»; zer egin daitekeen orainean, adibidez, giza eskubideen urraketa guztiak amaitzeko; eta «zer gustutako litzaigukeen etorkizunerako». Helbururik garrantzitsuena, ordea, «ezberdinen arteko elkarrizketa sustatzea» dela dio.
Open space delakoa erabiltzen dute herritarren arteko elkarrizketa bideratzeko. Hasieran, gaiak aukeratzen dituzte denen artean, mahai inguru bat osatzeko gai bakoitzarekin. Nahi duen lekuan hartzen du parte bakoitzak. Aipatutakoak akta batean jaso, eta tokian tokiko udalari pasatzen diote dena, hortik zerbait atera nahi balute ere. Usonen hitzetan, metodologiak ez du «miraririk egiten», baina horrela «bertan daudenak dira garrantzitsuena».
MARIBEL VAQUERO Urnietako Udala
«Herritarrek lagundu behar dute halako prozesu bat»
Urnietan legealdi hasieratik dabiltza bizikidetza sustatzeko jardunean. Jeltzaleek osatu zuten gobernua, baina laster hasi ziren alderdi guztiak elkarlanean —EAJ, Bildu eta PSE-EE—. «Nahiko maiz bildu gara geroztik», dio Maribel Vaquero zinegotziak (EAJ). «Konfiantza sortu da elkarren artean». Baketik-ekin sinatu zuten hitzarmena bizikidetza sustatzeko: esparru politikoan —alderdien artean—, herritarrenean eta hezkuntzan. Gainera, egindakoa zabaldu eta gizarteratzeko ildo bat ere badute.
Hezkuntza arloan «oso indartsu» aritu direla dio Vaquerok: prestakuntza saioak egin dituzte irakasle, langile eta gurasoentzat, eta lantalde finko bat dute jarraipena egiteko. Dena den, herritarren esparrua izan da aurten kalera begira gehien ikusi dena. Urtarrilean, Iragana. Oraina. Etorkizuna jardunaldiak antolatu zituzten Baketik-en laguntzaz: memoria historikoaz eta egiaz, justiziaz eta erreparazioaz jardun zuten lehen egunean Pako Etxeberriarekin, eta «biktimen pisuari buruz» bigarrenean, Karlos Martin Beristainekin. Etorkizunari buruzkoan, 40 bat lagun aritu ziren, gai ezberdinen inguruan: «Gertatutakoa onartu beharraz, elkarri entzuteaz, gazteak inplikatzeko moduaz, gune bateratuak sortu beharraz, bizikidetzan euskarak duen garrantziaz...». Vaquerok gaia «zaila» dela dio, hor dagoelako beti «borroka politikoa». «Askotan hobe da herritarrek jartzea erritmoa. Herritarrek lagundu behar dute halako prozesu bat».
NIKA LERTXUNDI Getariako Udala
«Prozesua berdintsu eman arren, bere 'arima' du herri bakoitzak»
Joan den astean egin zituzten Urnietan egindako bezalako jardunaldiak Getarian ere. Han ere, udalean ordezkaritza duten alderdiak ari dira elkarrekin (Bildu, EAJ eta Getariako Independenteak). 40 bat lagun elkartu ziren iraganari buruzko saioan, baina etorkizunaz hitz egitera espero baino jende gutxiago joan zela onartu du Nika Lertxundi alkateak (BIldu). Dozena erdi aritu ziren. «Aniztasun zabalagoa ederra litzateke». Dena den, «bakoitzak bere alea» jarri behar duela uste du, eta horretan jarraitzeko asmoa dute: ekintza gehiago antolatu nahi dituzte uda ondoren. «Nahiz eta prozesu hauek berdintsu eman herrietan, bakoitzak dauka bere 'arima'».
HARITZ IPARRAGIRRE Lasarte-Oriako Udala
«Oso ondo hartu zuen jendeak; pozik atera ziren jardunaldietatik»
Foru Aldundiaren laguntza tarteko hasi ziren lanean Lasarte-Oriako Udalean ere, Haritz Iparragirre komunikazio arduradunak azaldu duenez. Alderdien mahaian guztiak biltzea lortu zuten (Bildu, EAJ, PSE-EE eta PP), eta denek hartu zuten parte, esaterako, azaroaren 10eko Memoriaren Eguneko ekitaldian. Zenbait arazo izan dituzte gero, eta gaur egun ez dago indarrean mahai hori. Ekaina hasieran, jardunaldiak egin zituzten Baketik-ekin, eta herritarrek «oso ondo» hartu zutela dio Iparragirrek. «Oso pozik atera zen jendea jardunaldietatik, pentsaera oso ezberdinetako jendea borobil baten inguruan jarri zelako».
Elkarguneak, behetik
Bizikidetza lantzeko egitasmoek indarra hartu dute urtebete honetan, hainbat elkarte eta udalek bultzatutako lanaren ondorioz; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak martxan dituzte horretarako programak. Herritarrek parte hartzea funtsezkotzat dute denek, hasteko, elkarrizketarako guneak sortuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu