Emakunde, Arartekoa eta fiskaltza bat zaintza partekatua ez hobesten

Eusko Legebiltzarrean gaiari buruzko iritzia emateko azaldu dira, eta ez dute bat egin Kidetzaren eskariarekin

Erredakzioa
2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Lehenetsi beharreko hautua». Guraso bananduak batzen dituen Kidetza elkarteko kideen arabera, seme-alaben zaintza partekatuak halakoxea izan beharko luke. Eta halaxe azaldu zuten gaiaren inguruan aurkeztu zuten lege proposamenean. Baina ez dute horren aldeko atxikimendu zabala lortu. Atzo gaiari buruzko iritzia eman zuten Eusko Legebiltzarreko Instituzio, Segurtasun eta Justizia Batzordean hiru eragile garrantzitsuk: Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, EAEko ararteko Iñigo Lamarca eta EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsoro mintzatu ziren. Eta bat etorri ziren hirurak: ez dute begi onez ikusten lege berrian zaintza partekatua «lehenetsi» beharrekoa dela jartzea. Kidetzako kideek, hiru eragileen iritziak aditu, eta beren hasierako proposamenean hainbat aldaketa egiteko asmoa dutela jakinarazi zuten.

Kalparsorok onartu zuen egun legea «murriztailea» dela oso, eta urriak izaten direla zaintza partekatuaren aldeko sententziak. Horri buelta eman behar zaiola esan zuen, eta «aukera bat gehiago» izan behar duela, bikotea ados dagoenean aztertu beharrekoa, eta ados ez dagoenean ere bai. Gurasoetako batek zaintza mota hori nahi ez badu bakarrik saihestu beharko litzatekeela azaldu zuen. Lamarcak ere esan zuen hauturik «nahigarriena» dela, baina ezin dela inor ere horretara derrigortu. Ildo berean, Landaidak aintzat hartu beharreko hautua dela esan zuen, baina ezin dela gogoz kontra ezarri, eta aintzat hartu behar dela, baita ere, zeinek egin dituen seme-alaben zaintza lanak ordura arte. Uste du aukerarik egokiena dela «adingabeentzat onuragarria bada» eta seme-alaben zaintzan jarrera parekideak badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.