Iaz abiatu zuen Eusko Jaurlaritzak Trapezistak programa, familia sarerik ez duten gazte etorkinei laguntzeko. Orduz geroztik, 450 erabiltzaileri lagundu die, eta horietako 116 gaztek jada programa utzi dute, bizitza proiektu bat hasteko. Aitzitik, 25 izan dira programa hasi eta adinagatik, euren borondatez edo arauak ez betetzeagatik hura utzi behar izan dutenak.
Programan parte hartu duten gazte gehienak gizonezkoak dira; seniderik gabe migratu dute Marokotik, Aljeriatik edo Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik, eta 22 urte dituzte batez beste. Gehienek lehen edo bigarren hezkuntza ikasketak eginak dituzte jaioterrian, eta hamazortzi hilabete baino gehiago daramatzate Euskal Herrian. Programa abiatu zenetik, urrats asko egin dira: gaur egun, erabiltzaileen %35,4k lortu dute ziurtagiri profesionala, eta %27 lan munduan sartu dira edo laster sartuko dira; 63 gaztek sinatu dute urtebetetik gorako kontratu bat, lanbide arteko gutxieneko soldata edo handiagoa duena, eta lanaldi osokoa.
Bizkaian hasi zen proiektua, pandemia garaian; Gipuzkoara zabaldu zen gero, eta uztailean iritsi zen Arabara. Bizkaiko eta Gipuzkoako hirugarren sektoreko 22 erakundek hartu dute parte programan, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailarekin batera. Horiei Arabako lau erakunde gehitu zaizkie azken hilabeteotan: IRSE Araba, Zapalan, Sartu eta Itaka.
Rosiris Lastre Itaka taldeko ordezkariak azaldu du Trapezistak programak laguntzeko aukera eman diela Arabako entitateei, baina aldi berean «erronka» bat dela: «Soilik bi langile gara trapezistei laguntzeko, baina boluntarioen sare handi bati esker lan egiten dugu». Jaurlaritzari eskatu dio emantzipazioaren auzian gehiago inplikatzeko, «hori baita arazo handienetako bat».
Unai Zabala Agintzari sozietateko zuzendari eta Trapezistak programaren koordinatzaileak azaldu du «erronka asko» dituela proiektuak oraindik, baina arreta berezia jarri du batean: gizartean «aktiboki» parte hartzea. «Gazte gehienentzat garrantzitsuena lan esparrua da; lan egin nahi dute, eta, noski, etxebizitza bat izan. Baina askotan, garrantzi handia duen hori ahazten zaigu: gizarteratzea». Gazteek euren auzoetan eta herrietan «aktiboki» parte hartzea «funtsezkoa» dela azaldu du Zabalak, «sozializazio prozesuak» eta «bizikidetza espazioak» eratzeko.
Bizi proiektu berriak
Programatik ateratzeko muga bakarra 25 urte betetzea da; eta, kasu horietan, behar izanez gero, bi urteko luzapena eskaintzen zaie erabiltzaileei. «Ez dago presarik», adierazi du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak: «Pertsona bakoitzak bere erritmoa du, baina beti aurrerantz joan behar da».
Programan parte hartu dutenen %4 dira emakumezkoak. Haietako bat da Yasar. 25 urte ditu, eta marokoarra da. Gaztelania ikasi du programari esker, eta emakumeen talde bateko kide da. Bere «ametsa betetzen» lagundu dio Trapezistak-ek. Marokon jaio zen Hali ere. Euskara ikasten ari da, Barakaldon (Bizkaia), eta programak bere bizitzan izan duen eraginaz mintzatu da: «Maila akademikoan ez ezik, maila psikologikoan izugarri lagundu digute: familia bat izan dira guretzat».
Programan dabil Aimar ere. 23 urte ditu, Aljerian jaio zen, eta ia bi urte daramatza Errenterian bizitzen (Gipuzkoa). Ingeniaritza Mekanikoa ikasi zuen jaioterrian, eta, orain, Gizarte Integrazioa ikasten ari da. Trapezistak bere bizitza hobetzeko «zubi bat» izan dela uste du, eta hasi berri duen graduari esker egoera berean dauden askori laguntzea espero du: «Jendea laguntzeko erabili nahi dut nire esperientzia».
Familia sarerik gabeko 450 gazte etorkini lagundu die Trapezistak programak
116 gaztek euren helburuak lortu dituzte, eta bizitza proiektu bat abiatu dute. 25ek, aldiz, amaitu baino lehen utzi behar izan dute programa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu