Iruñeko Talde Sozialistaren sortzailea, hiriko zinegotzia eta UGTko buruzagia izan zen Angulo. Tafallarra sortzez, ihes egin zuen 1936ko gerraren garaian, baina geroago identifikatu, Nafarroara eraman eta fusilatu egin zuten 1937ko ekainaren 2an. Iberon lurperatu zuten.
Iazko abenduan atera zituzten hobitik haren arrastoak, beste sei lagunen aztarnekin batera. Horietako bi identifikatu zituzten aurrena DNA proben bidez: Jose Roa Garcia eta Victor Martirena Alegria.
Nafarroako Gobernuak eman du Anguloren identifikazioaren berri, eta "egia, justizia eta erreparaziorako biktimek duten eskubidearekiko konpromisoa" azaldu du. PSN pozik azaldu da identifikazioagatik, eta eskerrak eman dizkie hori posible egin dutenei.