Zaintza partekatuari buruzko ika-mika jardunaldien antolakuntzara ere heldu da. Astelehenean, Berdintasun Gunearen barruan, Emakundek Bilbon antolatu duen jardunaldi baten aurka azaldu da Kidetza, zaintza partekatuari buruzko herri ekinaldi legegilea sustatu duen elkartea. «Objektiboak eta inpartzialak» ez izatea egotzi dio, «zaintza partekatuaren aurka jendaurrean agertutako pertsonak» besterik ez dituelako eztabaida gunera gonbidatu.
Kidetzak berak zaintza partekatuari eta erantzukidetasunari buruzko jardunaldiak egin zituen atzo —gaur jarraituko dute—. Hizlarien artean izan zen Juan Kalparsoro, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia, asteleheneko jardunaldietan ere parte hartuko duena. «Kasu patologikoetan izan ezik, gure lanak bideratu behar du adingabeek guraso biekiko harremanik ez galtzea», esan zuen. Bere hitzetan, zaintza partekatua ezin da «inoiz» izan «derrigorrezkoa», «gurasoen arteko adostasunaren ondorio» baizik, eta kontuan hartuta guraso biek «zein baldintzatan zain dezaketen umea».
Ildo beretik mintzatu zen Iñigo Lamarca EAEko arartekoa jardunaldi horietan: «Seme-alaben zaintza sistematikoki amei ematea ideologia patriarkalari dagokio, eta ikuspegi hori gainditu behar da, baina gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko baliabideak jarriz». Lamarca ez dago zaintza partekatua «inposatzearen» alde, Espainiako Konstituzioaren zein haurren eskubideen nazioarteko hitzarmenen aurka legokeelako hori: «Kasu horretan, ez lirateke haurren interesak lehenetsiko, gurasoenak baizik. Haurren interesak babesteko, kasuak banan-banan aztertu behar ditu epaileak». Arartekoak erantsi du egun badaudela horretarako tresna juridikoak, zaintza partekatua kode zibilean dagoelako.
Hain justu, Emakunderi eginiko kritikan, Kidetzak salatu du asteleheneko saioan ez dela arartekoa egongo, «adingabeen interesa defendatzeko arduradun instituzionala» den aldetik; Lamarcak Emakunderen jardunaldia babestu du, edonola ere. Kidetzak erantsi du Arartekoak zaintza partekatuaren aldeko ebazpena egina duela. Dena den, gomendio horretan zaintza sistema hori lehentasunezko jartzea onetsi du erakundeak, ez inposatzea. Hala egin dute Nafarroan, adibidez.
Kalparsorok emandako datuen arabera, baina, horrek ez dakar epaileek zaintza partekatua ematea gehienetan. Aragoiko erkidegoan 2009an ezarri zen lehentasunezkotzat, eta 2012ra arte %9,9tik %22ra igo dira zaintza sistema hori ezarritako kasuak. «Gehienetan zaintza amei ematen jarraitzen dute, horretan ados daudelako gurasoak, aitek ez dituztelako haurrak zaintzeko baldintzak».
Jardunaldiak ere, kritikagai
Zaintza partekatuari buruz Emakundek astelehenean egingo dituen jardunaldiak kritikatu ditu Kidetzak, horren aurka agertutakoak soilik mintzatuko direlakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu