Bilboko Luberri konpartsak eta Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuko ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean, Bilbon. Salatu dute jaietako guneetan parte hartzea galarazten dietela, eta eskatu dute «urteak irauten ari den beto politikoa» eteteko.
Agerraldian adierazi dutenez, azken hilabeteetan ahaleginak egin dituzte Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosna Batzordearekin hitz egiteko, baina ezin izan dute irtenbiderik adostu.
Gogora ekarri dute iaz herri mugimenduko ehun eragile inguruk eta 150 kulturgilek baino gehiagok adierazpen bat sinatu zutela Luberrik Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko Txosnetan parte hartzearen alde. «Gaur hemen batu garen hiru eragileok borondatea adierazi genuen Bilboko Konpartsekin eta Gasteizko Txosna Batzordearekin elkarrizketak abiatzeko. Zoritxarrez, urtebete geroago egoera blokeatuta dago oraindik».
Agerraldian adierazi dutenez, Bilboko Konpartsetan urtarrilean eztabaidatu zuten Luberri sartzeari buruz, eta kanpoan uztea erabaki zuten. Azaldutakoaren arabera, boto irizpideak aldatu zituzten, «konpartsetan sartzeko, botoen %75 baino gehiago lortu behar direla ezarri zuten, eta, hala, gutxiengo baten beto eskubidea gailendu zen. Luberrik langa hori gainditzen ez zuela argudiatuta hartu dute, aurten ere, kanpoan uzteko erabakia».
Ezezkoa emateko argudioetako bat hau izan da, haien hitzetan: Luberrirenganako konfiantza falta, iaz sarrera ukatu izana salatu ondoren piztua. «Arrazoia hori bada, ez dago ulertzerik zergatik utzi zuten iaz Luberri kanpoan, guk inolako adierazpen publikorik egin aurretik», gehitu dute.
Bestalde, esan dute GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari proposamen bat helarazi dietela Gasteizen, «Txosna Batzordeak zehaztutako baldintzetan»: «Zoritxarrez, ez dute proposamena serio landu, eta ez dute inolako proposamen alternatiborik egin nahi izan. Beraz, iaz esandakoaren aurka, Txosna Batzordeak aurten ere ez du izan egoerari irtenbidea emateko borondaterik».
«Arrazoi politikoak»
Hiru eragileen ustez, «bazterketen» atzean arrazoi politikoak daude: «Bi hiriburuetan Sortuk ordezkatzen duen ingurune politikoa etengabe aritu da Mugimendu Sozialistaren aurkako mesfidantza eragiten, jaiekin zerikusirik ez duten interes politikoek bultzatuta». Diotenez, Mugimendu Sozialista «konpetentzia politiko gisa» ikusten dute, eta «normal kudea zitekeen egoera bat blokeora eraman dute». «Iradokitzen dute ez garela gai esparru zabaletan aritzeko, baina ideia hori errealitateak berak ukatzen du. Izan ere, gaur egun beste hainbat eragilerekin elkarlanean ari gara dozenaka jai batzordetan, Palestinarekin Elkartasuna kolektiboan, plataforma ekologistetan, gazte asanbladetan, eta abar».
Jai herrikoien aldeko eredua defendatu dute. Salatu dute erakundeek gero eta traba gehiago jartzen dizkietela halakoei, eta txosnen alde egin dute. «Argi adierazi nahi dugu jaiei ezartzen ari zaizkien murrizketen aurka ekarpena egiten jarraituko dugula Mugimendu Sozialistatik».
Uste dute badagoela akordiorako tartea, eta berretsi dute «elkarlanerako prest» daudela. «Uste dugu aurtengo jaiei begira oraindik denbora dagoela konponbide bat adosteko».
Luberrik, Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak iaz ere salatu zuten txosnak jartzea ukatu zitzaiela. Gasteizko Txosna Batzordeak eta Bilboko Konpartsek esan zuten ez zegoela betorik.