Maite Iturre. Udalbiltzako lehendakariordea

«Udalek zeregin aktiboa joka dezakete bake prozesuan»

Elkarbizitza oinarri hartuta Euskal Herrian bestelako kultura politiko bat sustatzeko tokiko erakundeen egitekoa beharrezkoa dela uste du Maite Iturrek.

edurne begiristain
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Udalen eginkizuna bake prozesuetan izenburupean, nazioarteko konferentzia bat antolatu zuen joan den asteburuan GABB Kurdistango udalen elkarteak herrialde hartan. Bertan parte hartu zuen Udalbiltzako lehendakariorde eta nazioarteko arduradun Maite Iturrek. Han azaldu zuenez, udalei tresnak eman behar zaizkie Euskal Herrian abian den prozesua sustatu dezaten.

Nola sortu zen Kurdistango konferentziara joateko aukera?

Bi udal erakundeok ekainean ezagutu genuen elkar, GABB Kurdistango udalen elkarteko ordezkariek Euskal Herria bisitatu zutenean. Orduan eman ziguten konferentziaren berri, eta parte hartzera gonbidatu gintuzten. Udalbiltzarekin batera, Europako beste udal elkarte batzuk ere izan dira han, Suediakoak eta Bruselakoak esaterako, eta baita Europako eta Ekialde Hurbileko erakundeetako eta alderdietako ordezkariak ere. Oso esperientzia aberasgarria izan da.

Udalbiltzaren izenean txosten bat aurkeztu zenuen. Zein mezu eraman zenuen konferentziara?

Lehenik eta behin, Euskal Herriko egoera politikoaren azterketa egin nuen. Eta, horrekin batera, udalek bake prozesuetan lan handia egin dezaketela nabarmendu nuen. Udalbiltzan uste dugu udalek zeregin handia dutela bake prozesuetan. Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak diren heinean, eta bakea eta elkarbizitza herrietan gauzatu behar den zerbait den heinean, tokiko erakundeek oso rol aktiboa jokatu dezakete bake prozesuetan. Horretarako, lehenik eta behin aitortu beharra dago biktima asko egon direla, biolentzia mota askotarikoak eragindakoak, eta guztiok egin beharko genukeela horri buruzko autokritika. Uste dugu elkarbizitza sustatu nahi bada, pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzea funtsezkoa dela. Oinarri horiek aintzat hartuta, udalek bake prozesuak bultzatzeko jarduerak martxan jar ditzakete: besteak beste, programak, sentsibilizazio kanpainak, prestakuntza ikastaroak, argitalpenak...

Eredugarritzat jo zenuen urte hasieran Errenteriako Udalak antolatutako giza eskubideei buruzko zikloa. Zergatik?

Udalek bake prozesuan eragiteko duten gaitasunaren adibide interesgarria delako. Gisa horretako ekitaldiak antolatzeak balio handia dauka bizikidetza sustatzeko. Alegia, zikloa bera antolatzeko lortutako adostasuna balio handikoa izan zen. Jardunaldi horrek eman zuenetik harago, hura posible bihurtzea izan zen zailena, eta hori azpimarratzekoa da.

Urrian Donostian egingo den munduko alkateen konferentzia ere aipatu zenuen adibide gisa. Zein ekarpen egin diezaioke konferentzia horrek bake prozesuari?

Donostian egin nahi den udalen konferentzia Kurdistanen egindakoaren antzekoa izango da. Gogoetarako aukera emango du:udalek nola lagundu dezakete bake prozesuan? Zer egin dezakete normalizazio politikoaren alde? Gisa horretako konferentziek norabide bikoitza dute: batetik, bertan parte hartzen dutenek ateratzen dituzten ondorioak eta egiten dituzten hausnarketak daude, eta, bestetik, komunikabideetan agertzen den ekitaldi garrantzitsu bat izanda, bake prozesuan inplikatuta daudenen jarrerak noraino mugiarazten dituen ikusteko balioko du. Garrantzitsuena da gaia mahai gainean jarriko dela, toki batean eta bestean dauden jarrerak ikusiko direla, eta hausnarketa eragiteko tresna izango dela.

Euskal Herrian bestelako kultura politiko bat behar dela esan zenuen hitzaldian. Zer esan nahi zenuen?

Ezinbestekoa da onartzea aniztasuna dagoela gizartean, eta bestearen ezaugarriak aitortu behar ditugula, lehenik eta behin, hortik errespetua eta tolerantziara igarotzeko. Aitortzen baldin badugu bestearen iritzia existitzen dela, aniztasuna bermatuko dugu, eta modu horizontalean lan egiteko aukerak izango ditugu. Ordea, bestea ukatzen badugu, errealitatea bera ukatzen egongo gara. Leku askotan, Euskal Herrian barne, bestearen arrazoiak, sufrimendua eta gogoetak ukatu egin ditugu. Ikasi behar dugu bestearen existentzia onartzen eta errespetatzen, eta aniztasun horrekin lan egiten.

Udalek zein tresna dituzte baketzearen alde lan egiteko?

Txostenean aipatu nuen normalizazio politikoaren alde lanean ibilitako Johan Galtung adituaren teoria bat. Berak biolentzia eta bake motez hitz egiten du. Biolentziari dagokionez, berak dio biolentzia zuzena dagoela batetik, eta estrukturalak edo egiturazkoak diren beste biolentziak bestetik; hau da, ekonomikoak, politikoak eta sinbolikoak. Teoria hori erabilgarria da zehazteko gizabanakoek eta udalek bake prozesu batean egin dezaketena. Hainbat planotan lan egin daitekeela dio Galtungenek: batetik, modu prebentiboan, biolentzia ekiditeko, eta, bestetik, sendagarri moduan, biolentzia murrizteko. Bi bide horiek, prebentzioarena eta sendatzearena, hainbat esparrutan landu daitezke, baita udaletatik ere. Udalentzat baliagarria da hori, ikus dezaten posible dela pauso txikiak ematea bake bidean.

Udal mailan oraindik lan asko dago egiteko baketzean?

Bai, bide handia dago egiteko. Baina kontuan hartu behar da udalek, bereziki txikiek, egunerokotasunarekin lotutako gauza asko egin behar dituztela, eta norberaren ekimenaren esku dagoela baketzean urratsak egitea. Horregatik uste dugu gai hau mahai gainean jarri behar dugula, udalei adibideak eman behar dizkiegula, bidea markatu ahal zaiela, zer egin iradokitu ahal zaiela... Izan ere, udalek badute rol bat jokatzeko bake prozesuan.

Eta Udalbiltzatik zein ekarpen egin diezaiokezue bake prozesuari?

Uste dugu funtsezkoa dela bake prozesu hau aurrera eramatea gurea den helburu nagusiari eusteko, alegia, nazio eraikuntza lortzeko. Horretan ari gara lanean, baina argi dago kultura politiko berri bat zabalduta balego, askoz ere errazago litzatekeela lan egitea. Uste dugu egungo geldiune egoera haustea garrantzitsua dela gure helburuari eusteko.

Kurdistango konferentziatik zein irakaspen ekarri duzu?

Bereziki deigarria iruditu zitzaidan Kurdistango eta Siriako ordezkariek emakumearen egitekoari eman dioten garrantzia. Herrialde horietako udaletan gogor ari dira lanean emakumearen presentzia indartzeko, eta bake prozesuetan haien parte hartzea sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.