mikel elorza

Anonimoen hatsa

2025eko maiatzaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dakit beste herrialdeetan baduten —seguruenik ez gara horretan ere unique in the world izango—, baina markakoa iruditzen zait euskaldunok garatua dugun radarra, genorradarra dei genezakeena. Euskal odola, euskal sena, euskal… geneak detektatzen ditu, mundu zabalean. Euskal gene bat non, gure hubble fenotipikoa han, gutarra harrapatzeko pronto.

Tokiko hedabideentzat Grande Soleko arrantza kala baino emankorragoa izan da: Olinpiar Jokoetan domina edo parlamenturen batean eserlekua edo ez dakit beste zein balentria edo aurkikuntza lortu duen atzerritarraren herenamamaren lehengusua ezkondu bazen hemengo batekin (edo are hemen bolada batez bizi izan bazen), gurera ekartzeko merituak obratuak ditu. Eta albistea egingo. Lorpena handia bada, TBko saio batzuk ere bai.

Erraztasun berberarekin banatu ahal bagenitu pasaporteak!

Hori bai, genea daramanak meritua egin beharra dauka. Saria jaso. Bertutea. Errekonozimendua. Miresmena. Lorpena. Eta hala, Pepe Mujicaren asaben iturburuak eta erro sakonenak aurkituko ditugu, baina behin guaia dela. Terrorista zenean ez ginen haren baserriarekin akordatzen. 

Bestalde, Pepe Mujica urte luzez torturatu zutenen geneen inbestigaziorik ez dago egina, eta seguru dagoela haien artean gure deitura eder horietarik bat baino gehiago. Augusto Pinochet Ugarteren sustraien peskizan ere ez ginen asko tematu. Genorradarrak filtroak dauzka, esan gabe doa.

Baina normala ere bada, esklabisten eta torturadoreen memoria aldarrikatzen ez da inor hasten. Bere horretan ez behintzat. 

Memorian beste batzuk gorde nahi ditugu, eta ez badauzkagu, kabiarazi egin behar. Hizkuntza bat eta lurralde bat eta jendea behar dugu garen herria aldarrikatzeko, baina herri homologatua izan nahi badugu mito eta legendak ere behar ditugu, eta heroiak. Heroiak, handiak, ereduak, mundu osoan gurtuak, erreferente historikoak, zeinei plazak eta monumentuak eskaini. Eta TBko saioak, edo unitate didaktikoak.

Eta daudenak politikoki oso politak ez badira, bada… esanahiberritu egiten ditugu. Akaso latzak egin zituzten, seguruenik ahariaren adarrak baino okerragoak ziren, baina aizu, euren garaiaren seme ziren —alaba gutxi ilustreen galerian—, geure begiradatik ezin ditugu epaitu… Esanahiberritzen ditugu, beti ere ikuspegi kritiko batekin, jakina, eta birigarro malapartatu galantak uso beztituta aurkezten. Historiaren estilistak gara. 

Eta horretan bai ez garela bakarrak, hori fenomeno globala da. Eta gure artean ere lohi horietan zikindu ez denik gutxi da, plaza- eta kale-izen eta seme —alaba gutxi— kuttunekin izandako kalapitak horren lekuko. Gaia ez da ertzik gabea. 

Baina natorren berriro neure makurrera.

Genorradarra beti piztuta daukagunez, euskal gene herrenen katalogoa ere eskertuko nuke: torturatzaileak, hiltzaileak, lapurrak, kolonizadore erraldoiak, enpresari eskrupulurik gabeak, narkotrafikatzaileak…  Baina ez gero zuritu eta trabestitzeko, ezpada omenaldietan gabiltzanetan beti dagoela B aldea geure buruari gogorarazteko.

Eta gainera, horietarik batzuk akaso salbagarriak dira.

Zeren eta Pepe Mujica bezalakoak salbuespen dira, eta ilustre eta heroiek, berriz, beti eman izan didate hozkia. Haien deiturak errazago aurkituko ditugulakoan nago Aroztegian resort-a eraiki nahi duten ilustreen artean, kontra egin dieten anonimoen artean baino. 

Nik anonimoen hatsa nahiago, omengarrien herentzia genetikoa baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.