Inaki Galdos

Hitanoa

2025eko maiatzaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hika hizkera alokutiboari toki berezia eman zaio aurtengo Euskaraldian; hala erabaki duten herrietan behintzat. Oso eskertzekoa da ekimena, baita lehenagotik ere gure hizkuntzaren altxor hau biziberritzeko antolatzen ari diren hainbat esperientzia ere, tokian-tokiko jarduerak hasieran, gero koordinatu eta partekatzen joan direnak, Zirhika izeneko mugimendu txalogarria testigu. Bide batez, ez dakigu ekialdeko euskarako zuketa (edo xuketa) alokutiboaren inguruan zerbait egiten ari den norbait, ezta hizkera molde horren osasuna nolakoa den ere.

Txaloak txalo, onar dezagun hala ere ez dela gai hau batere samurra. Bizitzako beste zenbait esparrutan bezala, nondik begiratzen zaion dago kontua. Hitanoa (oraindik ere) naturaltasunez erabiltzen den herrietan ezin begirada berdina izan euskara oso gutxi —hitanoz are gutxiago— hitz egiten den herriekiko. Badago jendea, irakasle batzuk tarteko, gure hizkuntzaren egoera agonikoa ikusita, alokutiboaren aldeko borroka baztertu ez, baina ahalegin berezirik behar ez duela uste duenik, berreuskalduntzean oztopo bat izan daitekeelakoan, berez oso neketsua den prozesuan. Fosilizazio hitza ere irakurri izan dugu eztabaidaren batean. Askorentzat, bereziki hitanoaren lurraldeetan bizi garenontzat, iraingarriak gerta daitezke ikuspegi edota iradokizun horiek, baina entzun beharreko gogoetak dira.

Literaturara ere iritsi da ika-mika. Hobeto esanda, berriz azaleratu da. Adibidez, Beñat Sarasolak hika hitz egiten jarri ditu Coca-cola bat zurekin nobelako bi protagonista nagusiak, maitaleak gainera, eta kontua aitzakia gisa hartuta, eztabaida interesgarria irakurri ahal izan genuen duela hilabete batzuk sareetan. Hitanoklasten eta hitanoplasten arteko eztabaida, Xabier Olarrak ironikoki idatzi zuen bezala. Eztabaida bikoitza ere izan zitekeen, gainera: nobelan hitanoa erabili izana eta maitaleen artean erabili izana. Duela 50 bat urte Urbiako elizako kanpoaldean izandako bazkari bat etorri zait gogora. Oñatiar talde handi bat, Azpeitiko bertsolari hirukote mitikoa, Nikolas Segurola eta beste fraide batzuk testigu, hiru gizonen arteko xextra beldurgarria, hika nori egin diezaiokegun ezbaian. Gure aita zenarenen kuadrillan inoiz entzun dudan eztabaida gogorrenetakoa, seguru asko ardoak eta pattarrak erraztua.

Hitanoa biziberritzearen aldeko alderdian kokatzen dugu geure burua, beraz, horrela hitz egiterik baldin bada behintzat. Baina aldi berean garbi izan behar dugu ekar ditzakeela honek guztiak albo-kalteak, oso kontuan hartu beharko ditugunak. Izan ere, euskalkia/euskara batua edota euskaldun zahar/euskaldun berri dikotomia zitalei hitanodun/hitano gabe zatiketa gehitzen badiogu, berriz ere (bai, berriz ere) lehen mailako eta bigarren mailako euskaldunak irudikatzeko arriskua dago. Ibon Sarasolari jarraiki, jatorkeria deitu izan zaio fenomenoari, hamarkadaz hamarkada milaka pertsona euskaratik urrundu duena; laguntza behar zuten pertsonak, eta ez oztopoak. Kontuz beraz, geure altxor eder honi ematen zaion erabilpenarekin: noiz, non, nola, norekin.

Hori bai, egin dezagun ahalegin bat zuzentasunaren alde. Hika hasten garenean, bete dezagun duela hilabete batzuk orrialde hauetan Maialen Akizuk bataiatu zuen urrezko araua. Paradoxikoa dirudien arren, hitanoaren bigarren arazoa, desagertzeko arriskuan egotearen hurrengoa, hiperhitanoa da, belarrietako min handia sortzen duena. Esango genuke, hala ere, zuzentzeko erraza dela, gainerakoan euskaraz ondo edota oso ondo hitz egiten dutelako bekatari hauek. Oñatiarrak izaki, harro gaude herriko gazteek toka egiteko daukaten ohitura jatorrarekin; baita noka egiteko hasiak dituzten saiakera txalogarriekin ere. Xakonatela, xatoken, nitzonala, naukela eta beste guztiak desagertzen direnean are harroago egongo gara oraindik. Gurean, eta hitanoaren gainerako herrietan. Euskaraldiaren beste garaipen bat izango litzateke hori. Ez garrantzitsuena, baina bai nabarmena. l

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.