oihana arana

Venite adoremus

2023ko abenduaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Din dan don din dan don Eguberri on. Zorionaren garaia heldu da. Txipli txapla pum. Gaztainak erre artian. Bihotz errea eta buruko mina. Hator hator traumak sortu zizkizun mahaira. Kax kax kax atean, mahaia jarri duzuenean agertu dira osaba buru zuri bi. Horra Mari amama, ia ez da zutik egoteko gai, baina kroketak egin ditu guztiontzat. Trakatan trakatan hiru elefante arrosa. Hauei ez diezue esnerik jartzen gauean. Nahiko zenukeen baino gehiago jan duzu eta horrek antsietatea eragin dizu. Elurra teilatuan, motxila lepuan. Irri inposatuak eta begi gorriak. Isiltasuna izan da gaueko izar argitsuena.

Opari paperez jantzita nator gaur. Kanta aleluya. Ez zaizkit Gabonak gustatzen. Jesus jaio da. Kapitalismoaren, familia nuklearraren, heterosexualitatearen, kristautasunaren eta zoriontasun gehiegizkoaren aroa da. Kontraesanak afaldu ditugu. Ez gara ondo egon. Baina lasai, bitartean Gabon gauean Olentzero dator gurdi gainean.

Inor ez da akordatzen Gabonetan etxean egon nahi ez duen jendearekin. Hala nahi izan gabe Gabonetan bakarrik dagoen jendearekin. Mahatsak gustatzen ez zaizkion jendearekin. Mantel zuridun afariak antolatzeko baliabiderik ez duen jendearekin. Gaueko hamabiak arte itxaroteko indarrik ez daukan jendearekin. Oraindik Gabon zahar eguneko familia afarira joango ez dela esan ez duen jendearekin. Zuek denokin ari naiz. Adeste fideles.

Gabonen zentroa zoriontasuna dela esaten dutenei begiak zabaltzeko esango nieke. Gabonen zentroa errua da. Etxean bakarrik geratzen denak beste erru sentitzen du iraunarazi nahi ez duen familia eredua betikotzen duen errituan parte hartzen duenak. Osabak ardoa edan nahi duelako mahaitik jaikitzen den ilobak. Urte berria opatzeko amari noiz deitu ez dakien alabak. Amonari lana kentzeko kroketak egin dituen amak. Alabari kroketa txarrak egin dituela esango ez dion amak. Aurrez kozinatutako txipiroiak erosi dituen etxekoandreak. Bere tuperra etxetik eraman duen izeba begetarianoak. Etxean bakarrik EITBko Gabon gaueko programa osoa negarrez ikusi duen bizilagunak. Oparirik jaso ez duen emazteak. Jateko gogorik ez daukan lehengusuak. Gehiegi eta azkarregi jan duela esan dioten lagunak. Inoiz jantziko ez lukeen arropa opari jaso duen nerabeak. Abenduko psikologoko kontsultetako dirua Gabonei buruz hitz egiteko gastatu duten langile prekarioak. Errukiz haien familietako afarietara kuadrillakoak gonbidatzen dituzten kuadrillakide normatiboak. Mahai azpitik ostikadak jasotzen dituzten ahizpak. 24a igandea zela eta 23 iluntzean etxetik liburu dendarako bidea korrika egin zuten arrebak. Andreak, neskazaharrak, bollerak, emazteak, emakumeak, neskak, neskatoak, tipak.

Hori izango da, akaso, kontua. Zoriontasuna batzuena dela eta errua besteena. Hiru belaunalditako emakumeak biltzen ditu sukaldeak. Antsietatea bizitzeko hiru modu. Janari gehiegi prestatu duena, plater horiek guztiak garbituko dituena eta postrearen bila zutitu dena. Hurrengo pantailara salto egitea noiz tokatuko ote zaien pentsatzen irudikatzen ditut nire adineko bilobak. Nire amaren adineko alabak.

Izango da Gabon garai hau zoriontasunarekin lotzen duenik ere. Hein batean bai, baina barru-barruan ez dut uste halakoa izatea gustatuko litzaidakenik; ez dut neure burua elur oreinez betetako jertsea jantzita irudikatzen. Ez dut inor gaizki sentiarazteko inongo asmorik. Besterik gabe, Grinch zikin batzuk izateko eskubide osoa dugula aldarrikatu nahi dut. Inora ez joateko oinarri sendodun argudio bat da tripako mina.

Zuen adinkide gizonak berbetan entzuten dituzuen bitartean eskuak Fairyz blai dituzuen horiei guztiei. Datozen egunetan ere gogor iraun dezazuela. Eta gogoratu: norbere etxean gelditu eta Ferrero Rocher kaxa osoa bakarrik jatea ere zilegi da. Tripako minaren errua Gabonena izango da seguru. Edo erruarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.