Aro berrian, alegia 1979tik hona, euskal futbol selekzioak San Mamesen jokatu izan dituzten partiduetatik, joan den Gabonetakoa izan zen nabarmen zale gutxien bildu zituena, dozena bat mila ikusle baino ez zirelako inguratu Tunisiaren aurkako lehia ikustera. Eta harmailetan bildutako kopuru eskas horrek desilusioa sortzeaz gain, zeresana ere sortu du, besteak beste, porrotaren zergatiak bilatzen hasita egungo egoerara bultzatu gaituzten elementu negatiboak identifikatzeko garaian.
Futbol Federazioak eta Jaurlaritzak orain diote Gabonetako partiduaren zikloa amaituta dagoela eta soluzioa aro berri batean sartzea eta FIFA datetan jokatzea izan litekeela, horrek jendearen ilusioa berpiztuko lukeelako. Euskal selekzioa osatzen duten jokalariek batetik, eta ESAITek bestetik, aspaldian esan genuen Gabonetako partiduaren zikloa amaitua zegoela eta ofizialtasunaren bidean beste urrats emankorragoak eta ausartagoak eman behar zirela. Bi erakunde horiei proposamen gisa, egungo formatua gainditu eta hiru edo lau nazioren (Euskal Herria, Katalunia, Korsika, Eskozia, Irlanda...)arteko torneo edo txapelketa ofiziala antolatzea ikusten genuela adierazi genien. Baina, guk dakigunez behintzat, ez dute inoiz bide hori jorratzeko benetako saiakerarik egin, aipatu nazio horien artean, batzuk aurretik horretarako prest egon arren. Zergatik? Agian ez dutelako urrats horiek egiteko borondaterik, edo, agian, ez dutelako ofizialtasunean sinesten. Auskalo!
Horregatik, orain arte egin duten ibilbidea ikusita, alegia hutsaren hurrengoa,jende askok pentsatzen du, Euskadiko futbol federazioak selekzioaren partiduak, ofizialtasunaren alde urratsak egiteko baino, itxurak egin eta diru bilketarako antolatzen dituela. Askotan aipatu baitute euskal futboltaldeen harrobiari laguntzeko diru horren beharrean daudela. Baina guk argi dugu, helburua ofizialtasuna izanik, euskal selekzioaren partiduak parametro horietatik kanpo pentsatuta antolatu behar direla. Eta superabita egongo balitz, zentzuzkoena hori ofizialtasuna lortzeko eman behar diren urratsetan inbertitzea dela, besteak beste, zelaira joanez, zaleen ekarpena ere badelako.
Euskal jokalariek azken urte hauetan erakutsi dute, zelaian dena emateaz gain, prest daudela ofizialtasunaren aldeko urratsak egiteko. Eskertzekoak dira selekzioaren partiduaren ondoren Adurizek eta Tokerok egindako adierazpenak, alegia, egoera honi buelta eman behar diogula.
Horregatik, Federazioari egindako proposamenak, alegia 4 Nazioren Txapelketarenak are indar eta gaurkotasun handiagoa hartu du. Baina horrez gain, gure ustez, une honetan gailentzen da Ofizialtasunerako Plan Estrategiko baten diseinua, Jaurlaritzaren babesarekin eta Kirol Federazioen gidaritzapean, Eragile, Klub, Jokalari zein zaleen parte hartzeari irekia, guztiok elkarlanean modu positiboan inor baztertu gabe osatuko litzatekeena. Eta abiapuntua FIFA datetan jokatzea baino, ofizialtasunari nola bidea ireki helburu izango lukeena, bestea, datekin jolasten hastea, gure ustetan, helburua makillatzea eta jendea engainatzea baino ez delako.
Horregatik, Euskadiko futbol federazioak orain gutxi argitaratutako prentsa oharraren bukaeran egindako gonbita, alegia, ofizialtasunaren helburua lortzeko bidean dauden oztopoak gainditze aldera, erakundeekin, alderdi politikoekin iritzi kolektiboekin eta abarrekin eztabaida prozesu baterako deiari ongietorria emateaz gain, ezinbestekoa eta onuragarria dela deritzogu.
Beraz, Gabonetako partiduaren porrotak guztioi hankak lurrean jartzeko balio izan badu, gaitz erdi, galtzen diren partidak, soilik, jokatzen ez direnak direlako.
Euskal selekzioa: SOS
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu