Arrauna

Piztu da 'Bou Bizkaia'

Urdaibaik aurtengo bigarren bandera irabazi du segidan, Bilbon. Bermeotarrek azken luze bikaina egin dute. Santurtzi dago orain ere sailkapenaren buruan

Urdaibaiko arraunlariak ahalegin betean, atzo Bilbon jokatu zen Eusko Label Ligako zazpigarren jardunaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urtebete eskasean, beltzetik zurira igaro da Urdaibai. Aurreko denboraldian, ohorezko txandatik kanpo ibiltzera kondenatuta egon zen. Nahi eta ezin ibili zen. Sasoi honetan, baina, Jon Elortegik Bou Bizkaia ontziaren norabidea zuzentzea lortu du, baita haren kuadrillari indarra eta fedea helaraztea ere. Ontzirik azkarrena izan zen erlojupekoan atzo, Bilbon, eta, hala, sasoiko bigarren bandera astindu zuen Josu Andoni Barturen patroiak. Bizkaitarrek argi erakutsi dute aurreko astean Orion (Gipuzkoa) gertatutakoa ez zela ezustekoa izan.

Erlojupeko probak dakarren berezitasunaz gain, atzo ur-lasterrak nahiko buruhauste sortu zizkien entrenatzaileei eta lemazainei. Nahikoa zuten ontziak bi metro istriborrera edo ababorrera jotzea garaipenak ihes egiteko. Itsasgora 21:00etan izanda, ohorezko txandako taldeek aurrekoek baino haize eta ur-laster gutxiago zutela ere, Elortegik estropada aurretik marraztutako estrategia ongi bete zuten Barturenek eta arraunlariek.

Ur-lasterraren indarra ahula zela eta, ligako lau ontzi indartsuenak irteeran ez ziren erabat istribor aldera joan. Orio eta Santurtzik egin zuten irteerarik indartsuena. Talde horiek zerbaitegatik daude Eusko Label Ligako lehen bi postuetan. Lehen ziabogara segundo berean iritsi ziren San Nikolas eta Sotera ontziak. Iker Zabalak Eneko Gonzalez jarri zuen txopan estreinakoz, Asier Zurinagaren ordez. Bigarren txandakoei ateratzen zieten aldea handia zen benetan: Oriok Hondarribiari hemezortzi segundo atera zizkion luze bakar batean. Bitartean, Urdaibai bi segundo atzetik zegoen, baina burua hotz zuten Elortegik eta haren kuadrillak. Aurkaria alboan ez izateak lan hori egitea eskatzen du: ontzi barruan kontzentrazioa mantentzea, eta arraunketa ez galtzea.

Guggenheim museoaren parean, Nerbioi ibaiak egiten duen meandroaren forma horretan, OriokSanturtzirekiko segundo baten aldea zuen. Urdaibaik bere lana egiten jarraitzen zuen, eta oriotarrengandik bi segundo atzetik zihoan. Bien bitartean, Donostiarrak zortzi segundoko galera zuen.

Haizeak indarra galduzuen, eta estropada eremua leunagoa zegoen. Kanpoko ziabogako bandera, esaterako, guztiz eroria zegoen. Baina ohorezko txandako arraunlariek burua beste nonbait zuten, eta aldeak ohi baino txikiagoak ziren ontzien artean. Hirugarren ziabogara hurbiltzen ari zirela, Urdaibaik susperraldi txiki bat izan zuen, eta Santurtziren pare jartzea lortu zuen. Bi ontzi horiek eta Orio segundo batean iritsi ziren azken maniobrara.

Azken txanpa ikusgarria

Bermeotarrek bazekiten Orio eta Santurtzi estututa irabazteko aukera izango zutela. Aurreko astean, azken luze ikusgarria egin zuten, eta atzo zer esanik ez; ur geldoetan, gainera. Azken bi minutuetaraino, minutuko 37 paladako erritmoan zihoazen. Urdaibaik atzetik zituen Orio eta Santurtzi liderra. Baina konfiantzaz beteta zeuden. Barturenek Luis Gonzalez eta Mikel Calleja hankekoei paladak sarritzeko eskatu, eta herio bizian zeharkatu zuten helmuga. Ez San Nikolas ontziak, ez Soterak ez zuten bermeotarren denbora hobetu.

Zierbena izan zen azkarrena bigarren txandan, bosgarren eginda. Bizkaitarrek Hondarribia izan zuten aurkari zuzena. Lehen ziabogan, bi ontzien artean segundo baten aldea zegoen, Zierbenaren alde. Bigarren luzean, Juan Zunzunegiren taldeak beste estutu bat eman, eta bi minutuan Ama Guadalupekoa traineruari bi segundo atera zizkion. Alde hori izanda, Zierbenak nahikoa izan zuen estropada kudeatzeko. Amaieran bost segundoko abantaila atera zion Hondarribiari.

Lehen txandako garaileak egin zuen bederatzigarren, Aresek. Galiziarrek estropada oso serioa egin zuten, eta euren txandan hasieratik amaiera arte nagusi izan ziren. Ondarroak eta Kaikuk lehia oso estua izan zuten: segundo eta erdi Bizkaitarra ontziaren alde. Aresetik hamar segundora geratu zen. Azken postuan, berriz, Zarautzek amaitu zuen.

Gaur, Lekeition (Bizkaia) izango dira Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak, 11:40tik aurrera, itsas zabalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.