Joan den astean 70 urte bete zituen Ruben Bladesek (Panama, 1948), eta, orain dela bizpahiru urtetik hona behin baino gehiagotan esan duenari kasu eginez gero, ibilbide artistikoari bira bat emateko ordua iritsi zaio. Azken 50 urteetako musika latinoaren ezinbesteko pieza eta saltsaren maisua da Blades, baina badirudi utzi egingo diola ezagun egin duen kantutegia zuzenean interpretatzeari. Horregatik, atzo Donostiako 53. Jazzaldiaren barruan eskainitako kontzertuak bazuen nolabaiteko agur kutsu bat.
Roberto Delgadok zuzendutako orkestra du laguntzaile azkeneko urteetan Bladesek, saltsan espezializatutako big band bikain bat, eta haiek intro bat jo ondoren igo zen musikari panamarra Zurriolako Zurriolako hondartzako oholtzara, 21:00ak zirela, ohi duen bezala, kapela buruan eta marakak eskuetan.
Panamako banderak ikus zitezkeen publiko artean, eta bere jaioterriari eta handik alde egin ez duten herritarrei eskainitako Las calles kantuarekin hasi zuen Bladesek emanaldia, hasieratik publikoarekin komunikatzeko gogoz zegoela erakutsiz. Ondoren jo behar zuen talde «bikainarekiko» errespetuz (Too Many Zooz), esan zuen ez zela gehiegi luzatuko aurkezpenetan, baina, hala ere, Arallue kantua aurkezteko, haren egile Ray Barreto maisua ekarri zuen gogora, eta jazz jaialdi batean egonda, berak eta bere taldeak ere jazza egiten badakitela adierazi nahi izan zuten, Watch What Happens Tony Benetten estandarra jo aurretik.
Decisiones hit-a hondartzako milaka lagunek kantatu zuten, eta Gabriel Garcia Marquezekin elkarlanean egindako disko bat— Guri bioi izan ezik, inori gustatu ez zitzaiona», adierazi zuenez— gogora ekartzeko, Ojos de perro azul jo zuen.
Gero iritsi ziren Cuentas del alma eta Bladesen prestigioa eraiki duten beste hamaika doinu.
Jendetza Kursaal inguruan
Jazz Band Ball deitu duten jaiaren eguna zen atzokoa, eta, azkeneko urteetan bezala, jende ugari batu zen Kursaaleko eraikinaren inguruan prestatutako agertoki guztietan. 19:30ean ziren hastekoak Frigo guneko, Heineken terrazako eta Coca-Cola guneko emanaldiak, baina ordua iritsi aurretik ere jende asko zegoen lekua hartua.
Bruce Barth (Pasadena, 1958) pianista estatubatuarra jazzari ondo errotutako musikaria da, eta urte luzetan Terence Blanchard tronpetistaren taldeko kidea izan zen. Donostiara, ordea, hasieran deigarria egiten den proposamen batekin iritsi zen atzo: Grateful Dead (1965-1995) talde psikodelikoaren musikan oinarritutako saioarekin. Vicente Archer (kontrabaxua) eta Montez Coleman (bateria) izan zituen oholtzako lagun Barthek. Rock talde baten musika abiapuntu izan arren, Barthek jazz kontzertu bete-betea eman zuen Frigo gunean —zalantzarik gabe, Jazz Band Balleko publiko beteranoena biltzen duen agertokia—. Eta izan zuen pieza propioak ere jotzeko aukera: Lleida hiriari eskainitako Afternoon in Lleida, esaterako.
Handik metro gutxira, Heineken terrazan, Tom Ibarra gitarrista gazteak egin zuen bere emanaldia(Bergerac, Frantzia, 1999). Iaz Rising Stars Jazz saria irabazi izanak eman dio ospea Ibarrari, baina, sariaz harago, oso denbora laburrean erakutsi du eroso mugitzen dela jazzaren, funkaren eta fusioaren artean. 15 urte besterik ez zuela kaleratu zuen lehenengo diskoa (15), eta aurten Sparkling lan berria argitaratu du. Donostian Jeff Mercadiek (saxo tenorra), Auxane Cartignyk (pianoa), Antoine Vidalek (baxua) eta Pierre Lucbertek (bateria) lagunduta aritu zen, eta Ibarrak ez zuen beldurrik izan protagonismoa haiei ere emateko. Hain zuzen ere, Mercadieren saxoak hartu zuen askotan taldearen gidaritza rola. Slap eta Colors-ekin hasita, Sparkling diskoko piezak aletu zituzten, momentu erabat bizi eta elektrikoak nahiz lasaiagoak tartekatuz.
Euskal jazzarentzako plaza ere izaten da Donostiako Jazzaldia, eta atzo bide luzea egin duten hiru musikarik izan zuten lekua Kursaaleko terrazetan: Julen Izarrak (saxoa), Jon Pirisek (kontrabaxua) eta Hasier Oleagak (bateria).Gazteak hirurak, baina musika inprobisatuaren alorrean eskarmentu handikoak. Trizak taldea osatzen dute gaur, eta iaz kaleratu zuten aurreneko diskoa. Schopenhauerren aipu bat ekarri zuen gogora Pirisek Sakonera aurkezteko—«Lur gaineko soinu zerutiarrak ezin dira ulertu lur azpiko soinuak ulertu gabe»—, eta bi eremu horien artean mugitu zen taldea, melodia argien eta pasarte ilunen artean.
Gauean, BERRIAren gaurko edizioa ixteko ordua igarota, Jazz Band Ball jaiak aurrera segitzen zuen, GoGo Penguin, Julian Lage Trio, Endangered Blood eta Dick Oatts & Victor de Diego Quinteten kontzertuekin.
Donostiako 53. Jazzaldia
Agurraren lezioa
Ruben Bladesek abiatu du Donostiako 53. Jazzaldia, saltsa doinuekin. Bere piezarik ezagunenak jo ditu musikari panamarrak Zurriolako hondartzan. Jazz Band Ball jaiarekin hasi da festibala

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu