Ismael Manterola
Begiz

Euskaraldiaren mugak

2025eko maiatzaren 20a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Badirudi Euskaraldia ez dela Guggenheim Museora iritsi. Barakaldon oinarritutako suediar multinazional batek Bilboko museoan antolatutako ekitaldi batean egon ondoren berriz ere atzerritar sentitu naiz nire herrian. Bilbon dagoen museoa eta Barakaldon dagoen enpresa baino gehiago, izan zitezkeen Madrilen eta Vallecasen dauden erakunde bi, hizkuntzaren erabilpenari begiratuz gero.

Gainera, ekitaldia etxerako diseinuak aldaketa klimatikoak eragiten dituzten arazoak konpontzeko lehiaketa baten sari banaketa zenez, pentsatu nuen kontzientziazio ariketa polita izan zitekeela munduko kultura guztien biziraupenean ere hausnartzea. Biodibertsitatearen desagerpena agerikoa den momentuan, kultur aniztasunaren desagerpenari arreta jartzeak ere ez dirudi hain tokiz kanpokoa. Hala ere, arreta pizteko modukoa da Euskal Herrian dagoen kulturaren multinazionala den Guggenheim Museoa eta altzarigintzaren multinazionala den Barakaldoko enpresa hain kezkatuta egotea klima aldaketarekin, batez ere lehenak jasotzen dituen turismoarekin, masifikazioak karbono arrasto izugarria uzten duenean, eta besteak saltzen dituen produktu asko Txinan eginda daudenean, horrek baldintza ekologikoen gainean sortzen dituen zalantzekin. Guztiok ditugu kontraesanak eta horregatik eskertzekoa da Home for our planet bezalako ekimen bat; zeinak unibertsitateko eta diseinu eskoletako ikasleekin lantzen baititu klima aldaketaren aurrean etxeko tresnetan diseinuak ekarri ditzakeen konponbideak. Espero dut greenwashing delako hutsean ez geratzea.

Hasierako gaira bueltatuta, ez dakit horrelako ekitalditan euskararen presentziak zein izan behar duen, ingelesa edo suediera erabili balitz hobeto kalkulatuko nuke, baina gaztelania besterik erabili ez zenez, egun on eta ongi etorri baino zerbait gehiago eskatuko nuke, edo, hobeto esanda, eskertuko nuke (Donostiako Zinemaldian zerbait lortu bada, ez da ezinezko ahalegina izango). Azkenean ez da nahikoa Euskal Herriko museotako paisaia idatzia bi hizkuntzetan egotea, aurrerapausoak eskatzeko garaian gaude, Euskaraldiak irauten duen 10 egunetan behintzat. Euskararen erabilpenaren ohiturak aldatzeko garaia bada, alda ditzagun artearen munduan dauden ohiturak, eta ahaleginak egin ditzagun euskara presente egon dadin artearekin harremana duen edozein ekitalditan, aspalditik dakigulako euskara ere arteaz eta artean aritzeko hizkuntza dela. Baita diseinuan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.