Ismael Manterola
BEGIZ

Panteoia

2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gutxitan izaten dugu 123. urteko eraikuntza batean egoteko aukera. Aspaldian eraikitako etxeak, jauregiak edo tenpluak desagertu egin dira hainbeste urte pasatu ondoren. Zerbait gordetzekotan, herexa arkeologiko hutsak izaten dira, baina zaila da guretzat garai hartako espazioak nolakoak ziren jakitea. Horregatik esperientzia zirraragarria da Erromako Panteoian sartzea. Kanpotik adreilu masa ilun zilindrikoa dena aldatzen hasten da sarrerako pieza bakarreko koloma erraldoietara iristean. Ataurrea zeharkatu ondoren espazio borobil aberatsera sartzeak harrituta lagatzen du ikuslea. Baina ez da koloretako marmolezko koloma eta dekorazioak txunditzen gaituena, ez baita bereziki luxuzkoa jainko guztiei eskainitako erromatar tenplua. Aitzitik, proportzio harmoniatsuak dira ikuslea harritzen dutenak, 43 metro inguruko esfera perfektua kabitzen baita Panteoiaren barruan, hau da, altuera eta zabalera bereko espazioa eraiki zuten erromatar arkitektoek.

Hain zuzen, Panteoiaren berezitasuna eraikuntza esferikoa izatea da. Erromatarren garaiko eraikuntza barruko espazioa ezagutzea berezia bada, ez da batere ohikoa eraikuntza borobil baten barruan egotea; batez ere, zaila delako funtzionaltasuna bilatzea halako formari. Hala ere, sinbolikoa izateko jaio zen Panteoia, eta ez funtzionalitate jakin bati erantzuteko. Jainko guztiei eskainitako tenpluak ortzia irudikatu behar zuen, eta horretarako irudi geometriko aproposena zirkulua da, ez duelako ez hasierarik ez bukaerarik, betikotasuna ondo adierazten duelako, alegia. Borobil baten erdian egoteak esperientzia berezia eskaintzen dio bisitariari, agian beste inon topatuko ez duen esperientzia. Hortik etorri ziren hurrengo mendeetako asmoak esfera perfektuak sortzeko, bai arkitekturan, bai beste arteetan, nahiz eta marrazkiaren, pinturaren edo eskulturaren bidez errazago izan, itxurazkoak zirelako eta ez era fisiko batean eraiki beharrekoak.

Obsesio horrekin bizi izan da mendebaldeko artea ia bi mila urtean, batez ere arkitektura: gizakiak babesteko barne espazioak eraiki nahian, baina funtzionaltasunaren morrontzatik aske behar luketen espazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.