Liburuetarako berariaz sortzen dituzte pertsonaiak hainbat idazlek, edo ezaguna den edo izan den norbaiten inguruan mintzatzen dira. Bada, Ane Elgezabalek (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1996) etxean bertan topatu du bere libururako protagonista, amaren inguruan mintzo baita Haizearen erpeak lanean. Hain zuzen, haren bizitzako hainbat pasarte jaso ditu, eta, egilearen esanetan, «baliabide literario asko» erabiliz ondu du eleberria. Elkar argitaletxeak plazaratu du.
Pandemia garaian hasi zen Elgezabal proiektuarekin. «Ez genekienez zer gertatuko zen, amarengana gerturatu, eta zelako bizia izan zuen galdetu nion». Hala, kontatutakoak koaderno batean idatziz joan zen egilea. Pixkanaka, koadernoa bete zuen, eta amaren beste alde bat deskubritzen hasi zen, ordura arte ezagutzen ez zuen alde bat. «Despistatu samarra» denez, idazki horiek galtzeko beldurrez, eskuz jasotakoa ordenagailura pasatzea erabaki zuen.
Orduan hasi zen liburua idazteko lana: «Amak kontatutakoa barneratu, eta nik bizia eman nion; ni neu protagonista izango banintz bezala». Imajinazioari tiraka eta baliabide literarioez lagunduta egin zuen lan hori. Era zuzenean konta zitekeen hori zeharka kontatu nahi izan duela ere azaldu du. Kontatutakoak gogorrak direla esan du; hori dela eta, «era gozoan» kontatu nahi izan ditu, irakurleak errazago barnera ditzan.
Haizearen erpeak-ek ez du izenik duen protagonista eta kokalekurik, ez eta data zehatzik ere. Xabier Mendiguren Elkarreko editorearentzat, horrek egiten du berezi liburua: «Estilo oso desberdina du. Hainbeste ahots eta liburu dauden garai honetan, ez da erraza zerbait desberdina egitea».
Erronkei aurre egitea
Libururako, amaren bizitzako «pasadizo dramatikoak» aukeratu ditu egileak, nahita, kontakizunari indarra emateko. Baserri giroa, ikastetxe izandako Bilboko mojen eskola, Gernikako giro politikoa... asko dira jasotako pasarteak, XX. mende erdialdetik aurrerakoak. Elgezabal: «Euskal Herriko gizartea garai hartan nolakoa zen azaldu nahi izan dut, eta gaur egungo gazteok zein urrun ikusten dugun».
Hogei atal laburrez osatuta dago Haizearen erpeak. Egilearentzat, ordea, horietako bat izan da gogorrena. Amak Gernikako supermerkatu batean egin zuen lan hainbat urtez, eta hura itxi egin zuten, baita langile guztiak kanporatu ere. Elgezabal amaren bizitzako pasarte horren testigu izan zen, eta horregatik iruditu zaio latzena. Halaber, amak beti erronkei eta arazoei aurre egiteko izan duen indarra azpimarratu du.
«Badira amaren hainbat gauza ez nituzkeenak jakingo liburua idatzi izan ez banu»ANE ELGEZABALIdazlea
Mendiguren liburuaren lehen idazkia esku artean izan zuenekoaz oroitu da: «Lehen atalean, baserrirako ur bila iturri batera oinez joan behar zuen pertsonaren inguruan irakurri nuenean, ama ni baino helduagoa zela pentsatu nuen. Ane [Elgezabal] ezagutu nuenean, ordea, guztiz aldatu zitzaidan ikuspegia, gaztea baita». Elgezabalek horri egin nahi izan dio erreferentzia: «Irakurleak ikusi ahal izango du zenbat aldatu diren gauzak denbora gutxian».
Amak, baina, zer erreakzio izan zuen jakin zuenean alabak haren bizitzaren inguruko liburu bat idatzi zuela? «Bere bizitzaren inguruan galdetzen nionean, ez zuen uste horrelakorik egingo nuenik», esan du idazleak. Aldi berean «lotsaz eta harrotasunez» hartu du, Elgezabalen hitzetan. Aurkezpenean, kazetarien eta bestelako ikusleen artean egon da ama, eta, amaitutakoan —begietako hunkidura ezkutatu ezinda—, alabak esandakoa berretsi du: «Ez nuen uste liburu bat egingo zuenik». Elgezabal pozik dago egindakoarekin: «Badira amaren hainbat gauza ez nituzkeenak jakingo liburua idatzi izan ez banu».