Delia eta Ana haren alaba nerabea Jaenen daude Gabonak Andaluziako familiarekin igarotzen. Delia txiletarra da, eta Bartzelonan bizi zen senarra zenarekin —andaluziarra zen gizona—. Orain, ama-alabak gizonaren heriotzari aurre egiten ari dira, bakoitza bere erara. Ana ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da, eta Deliak taxilari lanak egiten ditu gauez. Deliaren senarra zenaren familiak nahi du ama-alabak haiekin gelditzea, landan, oliba uztak biltzen. Ez dute nahi Anak bere jatorria ahaztu dezan. Deliak, berriz, Bartzelonara itzuli nahi du, lanean jarraitu eta aurrera egiteko. Orduan, etxea alokatzen dien agentziaren abisu bat jasoko dute: jakinaraziko diete eraikina putre funts batek erosi duela eta etxea utzi beharko dutela.
Garai batean dortoka (gaztelaniaz tortuga) deitzen zitzaien landako bizitza utzi eta hirira aukera hobeagoen bila joaten zirenei, bizkar gainean eramaten baitzituzten beren ondasun guztiak. Izen hori baliatu du Belen Funes zinemagile katalanak bere bigarren film luzerako: Los Tortuga. Funes zuzendari laguntzaile eta script ibili zen ibilbidearen hasieran, eta 2015ean idatzi eta zuzendu zuen lehen laburra, Sara a la fuga. Hari esker, laburrik onenaren Zilarrezko Biznaga saria jaso zuen Malagako jaialdian. Katalanak 2019an estreinatu zuen lehen film luzea, La hija de un ladrón, Eduard eta Greta Fernandez aita-alabak protagonista zituena. Sari ugari jaso zituen lan hark: besteak beste, Greta Fernandezi aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra eman zioten Donostiako Zinemaldian, eta Funesek zuzendari berri onenaren Goya saria eskuratu zuen. Los Tortuga-ren aurrestreinaldia Torontoko jaialdian egin zuten, eta, Malagako jaialdian, zuzendaririk eta gidoirik onenaren sariak jaso ditu, baita epaimahaiaren sari berezia ere.
Los Tortuga geruzaka eraikitzen den istorio bat da. Gurutzatzen diren, kontraesanak dituzten eta elkarri eusten dioten zenbait istorioz osatua. Ama baten eta alaba baten kontakizuna da. Haien harremanari buruzko erretratua. Askotan elkar ulertzen ez badute ere, sostengu dira bata bestearentzat, eta ahal duten eran erakusten diote maitasuna elkarri. Doluari buruzko film bat ere bada. Bi emakumeek ez dute berdin bizi izan galera, eta bakoitzak bere modura prozesatzen du samina.
Gainera, migrazio istorio bat ere bada Los Tortuga. Txiletik Espainiara migratzen duen emakumearen istorioa, landatik hirira migratzen duen familiarena. Bartzelona ezleku bilakatzen da ama-alabentzat, eta txiletar-andaluziar-katalanak diren horiek beren txokoa bilatu beharko dute ongietorria egin nahi ez dien hiri batean. Eta geruza horiek guztiak lotzen ditu klasearen auziak. Are, istorio guztiak zeharkatzen ditu. Gidoia idazten ari zirela, gaiak nahasten aritzea aurpegiratzen zieten Funes eta Cebrian gidoigileei. Zuzendariak, ordea, argi zuen: gai horiek nahastuta sortu ziren; protagonistak beste egoera ekonomiko batean egongo balira, filma beste zerbait litzateke. Izan ere, gizarte klaseak dolua ere baldintzatzen du.
'los tortuga'
Zuzendaria: Belen Funes. Gidoilariak: Belen Funes, Marçal Cebrian. Aktoreak: Antonia Zegers, Elvira Lara, Mamen Camacho. Argazkia: Diego Cabezas. Musika: Paloma Peñarrubia. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 109 min. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: maiatzaren 23an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.
Beste estreinaldi batzuk:

'hija del volcán'
Zuzendaria: Jenifer de la Rosa Martin. Gidoilaria: Jenifer de la Rosa Martin. Aktoreak: dokumentala. Argazkia: Andres Campos Sanchez. Musika: Kenji Kishi. Urtea: 2024. Iraupena: 109 min. Herrialdea: Espainia.
Nevado del Ruiz sumendiaren erupzioak, 1985eko azaroaren 13an, Kolonbiako historiako tragedia handienetako bat eragin zuen, 23.000 pertsona baino gehiago hil eta Armero herria ia erabat suntsitu baitzen. Jenifer de la Rosa izan zen bizirik atera eta herrialdetik kanpo adopzioan eman zituzten haurretako bat; urte eta erdi besterik ez zuela iritsi zen Valladolidera. 30 urterekin, bere sustraiak ikertzea erabakiko du. Ikerketa horrek bere jaioterrira eramango du, zinemaren bidez islatuko duen katarsi bidaia batean.
'leurs enfants après eux'
Zuzendariak: Ludovic Boukherma, Zoran Boukherma. Gidoilariak: Ludovic Boukherma, Zoran Boukherma. Eleberria: Nicolas Mathieu. Aktoreak: Paul Kircher, Angelina Woreth, Sayyid El Alami, Louis Memmi. Argazkia: Augustin Barbaroux. Generoa: drama. Urtea: 2024. Iraupena: 144 min. Herrialdea: Frantzia.
1992ko abuztua. Arratsalde itogarri bat Frantzia ekialdeko haran galdu batean. 14 urteko Anthony eta haren lehengusua aspertuta daude laku ondoan. Anthonyrentzat bere lehen amodioaren uda izango da, haurtzaroaren amaiera eta adin nagusitasuna definitzen dituena. Hacine auzoko gazte errebeldeak motorra lapurtuko dio Anthonyri, eta bizitza guztiz aldatu.
'ezra'
Zuzendaria: Tony Goldwyn. Gidoilaria: Tony Spiridakis. Aktoreak: Bobby Cannavale, William Fitzgerald, Robert De Niro, Rose Byrne. Argazkia: Daniel Moder. Urtea: 2023. Iraupena: 100 min. Herrialdea: AEB.
Maxek asko maite du Ezra, autismoa duen 11 urteko semea, baina, haren hezkuntza behar bereziak direla eta, etengabe aritzen da eztabaidan emazte ohi Jennarekin. Maxek bere karrera eta bikote bizitza arriskatu ditu stand-up komiko bihurtzeko, eta orain aitarekin bizi da, Stanekin. Ezra beste eskola batetik kanporatuko ostean, Maxek erabaki polemiko bat hartuko du: mutikoa hartu, eta ihesi abiatuko da herrialde osoan zehar.