Abigail Lazkoz
Erakusketa: Eskultura publikoa. Lekua: Marzana Espazioa. BIlbo. Noiz arte: azaroaren 8ra arte.
Marzana espazioak berriro ere Euskal Herriko artista ezagunenetako baten lana hurbildu digu, honako honetan, Abigail Lazkoz bilbotarraren marrazkiak. Eskultura publikoa izenburupean, ibai ertzeko arte espazio txiki horren pareta eta lurrak eraldatu ditu, ikusleari artefaktu, monumentu eta paisaiaren arteko harremanaren beste ikuspegi bat eskaintzeko marrazkiaren bitartez. Agian Lazkozen lana ezagutzen duzuenoi arrotz egingo zaizkizue bertan erakusten dituen hainbat lan. Haren formatu handiko muralak munduan ezagunak egin dira, hainbat arte espaziotan bere marrazkiak tokian garatu dituelako. Orain, formatu txikiko hainbat lan eskaintzen ditu; baina areto erdian eta poto baten gainean ezartzen den formatu handiagoko lan bat gailentzen da beste guztien artean.
Lazkozen gaiak beti izan dira nahiko ilunak: 2007an, Lleidako La Paneran aurkeztu zuen Desastres naturales proiektua; urte berean, Guggenheimen antolatu zen Chacun A Son Gout erakusketan aurkeztutako 130.000 años de últimas tendencias instalazioa (hilerri baten bitartez monumentu eta memoriaren ikuspegi bat aurkezten zituen) eta 2006ko Gure Artea sarietan aurkeztutako hainbat lan; besteak beste, gudaren gaiaren inguruan eraikitzen zen Más medallas.
Eskultura publikoa izenburu duen erakusketa izanik,bazirudien iluntasun hori alde batera geldituko zela, baina ez da horrela. Erakusketa biltzen duen diskurtsoa nahiko tristea da hemen ere. Zuri-beltzean oinarritzen diren marrazkiek pentsamendutik eraikitako forma natural eta abstraktuak eraikitzen dituzte, beti ere atmosfera ilun eta desegonkor bat islatuz. Horrek utzitako parkeen ideia bat eragiten du ikuslearengan, nolabait artistak artelan nagusiaren azpian kokatu duen poto zahar horrekin indartzen den ideia, parkeetan pilatzen diren objektuen adibide. Objektu hori erreferentzia zuzena da erakusketako marrazkiaren bidimentsionalitateak eskulturarekin duen harremana eraikitzeko orduan. Hiru dimentsioetarako gerturatze horren lehen arrastoak 2009an Rekalde aretoan aurkeztu zuen Máquinas extraordinarias erakusketan ikusi genituen, non lehen aldiz elementu eskultoriko eta tridimentsionalak erabili zituen, bere ohiko lanekin nahastuz.
Nahiz eta Lazkozen azken urteotako lanean 3Drako joera bat ikus dezakegun, marrazkiaren erreferente eta defendatzaile garrantzitsu bat bilakatu da. Urteetan marrazkiak eta, orokorrean, bidimentsionalitatean oinarritzen diren artelanek eduki dituzten konbentzioak apurtzen saiatu da. Marrazkiaren kasuan, papera eta markoan kokatu dira muga horiek, eta Lazkozek formatu handiko muralen bitartez apurtu zituen bere garaian. Hemen bi elementu horiek erabiltzen ditu, baina beste ikuspegi batetik ulertu behar dira; hau da, ez dira soilik marrazkia sostengatzen duten elementu hutsalak, eta marrazkiarekin batera elementu tridimentsionalak osatzeko gai dira. Paperaren kasuan, bere ibilbidean ohikoak ez diren collage eran aurkeztu dizkigu, eta paper zati txikien loturaren bidez marrazkia eraikitzen du. Prozesu hori baliatuta, irudiak apurtu eta paperaren beraren bolumenarekin jolastu nahi du, artelanaren garrantzia elementu bidimentsionaletatik tridimentsionaletara pasaz. Markoa paretatik atera, eta elementu eskultoriko gisa aurkezten da marrazkiarekin batera, eta erakusketako pieza nagusiak aretoko espazioa eta ibilbidea markatzen du.
Askotan esan dugu Marzana Espazioa berezia dela. Areto txiki horretan, kalitate handiko artisten lana aurkezten dute, eta, arte garaikidearekin lotuta, Bilboko harribitxietako bat da. Aretoaren eta azken erakusketaren lotura aztertzen badugu, tridimentsionalitaterako pausoak ezinbestean oso fina behar zuen. Collage-en kasuan artistak bete-betean asmatu duela iruditzen zait, paperaren bolumenarekin jolasterako orduan pauso horren aztarna bat uzten baitio ikusleari, aztarna sentikor eta txiki bat, aretoaren mailan. Bestalde, erakusketako pieza nagusiaren kokapena eta dimentsioak gehiegizkoak dira. Era sotilan aretoko ibilbidean eragin beharrean, hori guztiz apurtzen du. Gehiegizko haustura espazio txiki batentzat.
Artea. Kritika
Gehiegizko haustura

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu