Oteizaren iraultza eta porrota

Jorge Oteiza artistak Bilboko alondegirako egindako proiektua aztertu du Iskandar Rementeria ikerlariak. Kulturgintza iraultzeko tresna bilakatu nahi zuen sortzaileak, baina porrot egin zuen

Iskander Rementeria ikertzailea, Oteizaren alondegirako proiektuaren maketaren aurrean azalpenak ematen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kristalezko kubo formako eraikin bat baino ez zen itxuraz, baina maskara horren atzean euskal kulturgintza guztia goitik behera inarrosteko tresna bat ezkutatu nahi izan zuten JorgeOteiza artistak eta Francisco Javier Saenz de Oiza eta Juan Daniel Fullaondo arkitektoek. Bilboko alondegian eraiki nahi zuten iraultza kulturalaren ernamuina izan behar zuen proiektua. 1988an hasi ziren lanean, baina haren maketa bat baino ez da geratzen egun, ez baitziren iritsi lehen harria jartzera ere. Porrot egin zuen Oteizaren ametsak. Urteak eman ditu Iskander Rementeria ikerlariak proiektu hura ikertzen: doktore tesia egin zuen gai horri buruz, dokumental bat osatu zuen Zinebi jaialdirako, eta liburu itxura eman dio orainlan horri guztiari Oteiza y el Centro Cultural Alhóndiga de Bilbao. Una interpretación estética lanean (Oteiza eta Bilboko Alondegiko Kultur Zentroa. Interpretazio estetiko bat). Oteiza fundazioak argitaratu du liburua, eta porrot haren atzean ezkutatzen zen iraultza saiakera errekuperatzen du argitalpenak.

Hasia zen hiriaren desindustrializazioaJose Maria Gorordo alkate bihurtu zenean. Sumatu zuen eraldaketa hark, eta kulturan ikusi zuen berregituraketa ekonomikorako aukera. Alondegiak ordurako urteak zeramatzan hutsik hiriaren erdigunean, eta eraikin hartan ikusi zuen alkate izandakoak hiria berrasmatzeko aukera. 1988an hartu zuen Oteiza bere bulegoan, eta han egin zion proposamena. Bisitatu zuen eraikina Oteizak, eta bere proiektu artistiko eta politikoa garatzeko azken aukera ikusi zuen eraikin huts hartan.

Baina ezin. Beste porrot bat Oteizaren ibilbidean.

Polemika luzea piztu zuen proiektuak hasieratik. Ricardo Bastida arkitektoak eraiki zuen alondegia, 1905ean, eta kultur ondare izendatua zuten eraikina Oteizak, Saenz de Oizak eta Fullaondok beren proposamena egin zutenerako. Kritikoenen ustez, esaterako, apurtzaileegia zen haien diseinua. Hori lehen kolpea, baina ez zen bakarra izan. Gehiago ere bazeuden.

Auzoetako herritarrak ere ez zeuden pozik proiektuarekin, eta kexu azaldu ziren, proiektu haren atzean kultura zentralizatzeko asmoa ikusten zutelako. Zenbait arkitektoren hitzetan, altuegia ere bazen proiektua, inguruan zituen eraikinekin alderatuta. Sinadura bilketak izan ziren eraikinaren alde. Sinadura bilketak izan ziren eraikinaren aurka... Eta polemika horren lekukotza ematen dute garai hartako egunkarietan proiektuari eskainitako ehunka eta ehunka orrialdeek.

Eta polemika horren berri ere biltzen du Rementeriaren liburuak.

Espektakuluaren aurka

Bilboren trantsizio fasean txertatzen du Rementeriak Oteizaren proposamena. Orduan hasi ziren hiriko ekonomia kulturaren eta zerbitzuen sektoreen bidez berrasmatzeko saioak, eta orduan egin zioten proiektu eskaria artistari. «Hor hasi zen, ziur asko, gaur egun Bilbo den hiria». Halere, egungo kultur ereduaz bestelakoa zen Oteizak amesten zuena. «Arteak funtzio soziala zuen harentzat, eta arte garaikidearen proiektu politikoa esaten ziona aurrera eramateko azken aukera ikusi zuen alondegian».

Kultura osoa transformatzeko nahi zuen Oteizak artea. Giza askapenerako. Ez berregituraketa ekonomikorako. Ez apaingarri izateko.

Espektakuluaren ideiaren erabat aurka zegoen, esaterako. Rementeria: «1958an aipatu zuen Oteizak hirien espektakularizazioa. Ikusten zuen jadanik artelanak kalean jartzen zituztela agintariek, baina, haren ustez, ez zen hori artearen egitekoa. Oteizarentzat, artelanak desagertu egin behar zuen hirian, bestelako hiri eredu batzuei leku egiteko».

Horregatik hasi zen arkitektoekin lanean eta urbanistekin harremanetan. «Oteizaren ustez, estetikaren esparrua izan zitekeen gainontzeko jakintza esparru guztiak artikulatuko zituen erdigune neuralgikoa».

Eskultura utzia zuela esaten zuen ordurako; hirira pasatu zela.

Eta hori zuen buruan alondegiko proiektuan murgiltzerakoan ere. Guztia irauli nahi zuen artistak, baina ez zekien eraikina nola sortu. Ametsa zuen Oteizak, baina jakintza zuen faltan, eta horregatik jo zuen Saenz de Oiza eta Fullaondo arkitektoengana.

«Arkitektoei oso zaila iruditzen zitzaien beti Oteizaren ideiak eraikinetan txertatzea», aitortu du Rementeriak, «baina, aldi berean, beti topatzen zituzten oso ideia interesgarriak».

Artxibo lanarekin batera, hainbat adituri egindako elkarrizketak ere badaude liburuan. Haien artean dira, esaterako, Juan Luis Moraza eta Txomin Badiola artistak, Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia, Federico Arruti COAVN arkitekto kolegioko kidea eta Xabier Sanez de Gorbea arte historialaria. Eta proiektua sakonago ulertzeko baliatu ditu haien hitzak ikerlariak.

Badu liburuak Oteizaren aire bat ere. Izan are, artistaren aparatu teorikoa baliatu du Rementeriak artistaren proiektua ikertzeko. Oteizari aplikatu dizkio Oteizaren neurgailuak, eta, ikerlariak dioenez, interesgarria da emaitza. «Eragin ikaragarria izan du Oteizaren pentsamoldeak gaur egungo euskal artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.