Literatura

XXI. mendeko Pernando Amezketarra sortu du Pello Añorgak

Ezohiko liburu bat ondu du idazleak, eta Balea Zuria argitaletxearekin plazaratu: 'Sendatzeko ametsak'. Bere gainontzeko liburu gehienak ez bezala, helduentzat berariaz idatzita dago.

Pello Añorga idazlea, 'Sendatzeko ametsak' liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Pello Añorga idazlea, 'Sendatzeko ametsak' liburua eskuetan duela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko maiatzaren 20a
18:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Haur eta gazte literaturan oparo aritu da Pello Añorga idazle, irakasle eta ipuin kontalaria (Oiartzun, Gipuzkoa, 1956). Liburu eta album asko ditu adin txikikoei emanak —50 baino gehiago—, baina plazaratu berri duen liburua ez da erraz sailkatzekoa. Sendatzeko ametsak «ezohikoa» dela dio Balea Zuria argitaletxeko kide eta editore Juan Ramon Makusok: «Nagusiki helduei zuzenduta dago, eta horrek eragina du». Zer-nolakoa den ezin zehazki deskribatu, eta «saiakeratik eta poesiatik edaten duen lan berezi bat» dela gaineratu du editoreak.

Pertsonaia nagusi batek egituratzen du liburua: Kalixtok. Halaxe aurkeztu du pertsonaia Pello Añorgak berak: «Herri askotan izan dira pertsonaia xelebreak, baina gutxi Kalixto bezalakoak. Hain da arlotea eta aldi berean hain prestua, hain zabarra eta aldi berean hain fina, hain inozoa eta hain soziala, hain gordina eta hain samurra, hain haurra eta hain heldua, hain inozoa eta aldi berean hain eroa eta jakintsua». Kalixtoren pentsamendua, gorabeherak, zirtoak, xelebrekeriak, paradoxak eta kontuak dira, beraz, Añorgak bildu dituenak. Horietariko bakoitzaren azpian, halaber, «gogoeta sakon bat» aurki dezake irakurleak. Hori bera iradokitzen da liburuaren atzealdean jasotako testuan, izenburutik beretik hasita: Infinituaren marra.

«Beti aipatzen da ahozko literatur tradizioa erraza izaten dela mamiz eta formaz; ez duela konbentzionalismorik, ez artifiziorik. Baina hemen bada aipatu beharrekorik: eraginkortasun poetiko bitxi bat dauka»JUAN RAMON MAKUSO Balea Zuria argitaletxeko kidea

«Ausartuko naiz esatera XXI. mendeko Pernando Amezketarra dela», azaldu du Makusok. Ñabardura batzuk egin ditu nolanahi dela ere: «Beti aipatzen da ahozko literatur tradizioa erraza izaten dela mamiz eta formaz; ez duela konbentzionalismorik, ez artifiziorik, berez sortzen direlako sentipenak. Baina hemen bada aipatu beharrekorik: eraginkortasun poetiko bitxi bat dauka». Dotore idatzita dagoela ere nabarmendu du Makusok: «Añorgak hizkera fina eta dotorea darabil, eta pertsonaiaren eskutik ageri da hori».

Sei ataletan barrena hartzen du presentzia Kalixtok, eta denetan ere «pilula» moduko testuetan azaltzen dira haren pasadizoak eta kontuak, editorearen arabera. Lehen atalak —Eskolan— protagonistaren haurtzaroaz dihardu. Bigarren atalean Kalixtok kale gorrian bizi izandakoak batu ditu Añorgak. Hirugarrenean etxe abandonatu batean kokatuta ageri da Kalixto, eta laugarrenean, berriz, bikotekidearen konpainian. Bosgarren atalak gizarteari erreparatzen dio, eta liburuko kontakizun ironikoenak biltzen dira bertan. Eta seigarrenean, berriz, Kalixtoren zahartzaroko kontuei heldu die idazleak.

Bi aldiz ezohiko

Sendatzeko ametsak ezohikoa da Añorgaren gainontzeko liburuen aldean. Eta euskal literaturaren barruan ere bada arrunt bestelakoa. Añorga argitaletxeetan tratuan hasi zenean, erantzun zioten beste genero batzuk hobesten zituztela edo beren bildumetan halako lan batek tokirik ez zuela, Balea Zuria argitaletxekoen atea jo aurretik. Ezezko horiek zirela eta, zenbait lagunen artean zabaldu zuen bere lana, irakur zezaten. Horietako batek honako hau esan omen zion: «Gure sistema literarioan ez zagok sintonian egon daitekeenik».

«Halako liburu bat idazteko denboraren geruza eta herdoila behar da larruan tatuatuta, baita esperientzia eta tenplea ere. Mantso eta pazientzia hartuta idatzi dut»PELLO AÑORGAIdazlea

Añorgak esan du «jakinduria zaharraren kutsua» duela liburuak. Horren harira, adin handian sortutako liburua dela gaineratu du: «Halako liburu bat idazteko denboraren geruza eta herdoila behar da larruan tatuatuta, baita esperientzia eta tenplea ere. Mantso eta pazientzia hartuta idatzi dut». Sortzeko prozesuan duela 30 urte hasi zela esan du.

Lanean aurki litezkeen gai eta arloetako batzuk ere aletu ditu, eta, besteak beste, hauek aipatu ditu: poetika, filosofia, mistika, jakinduriazko erreferentziak, serendipiak, jainkoari buruzko erreferentziak, kontenplazioa eta xamanismoa.

Usainak

Bizpahiru eratara definitu ditu Añorgak liburuan ageri diren testuak. Alde batetik, usaina aditzeko erabil daitezkeela esan du: «Kontakizun bakoitza aroma txiki bat da». Ukenduak ere badira harentzat: «Kontakizunek igurtzia dute, eta sendagarriak izan daitezke, lotzen zaituztelako bizitzari». Makusok «pilula» hitza baliatu du, eta hori ere bere egin du idazleak. «Erresonantziak» ere badirela esan du.

Gomendio bat eman dio irakurleari: «Liburuak beste erritmo eta patxada bat eskatzen du. Bi hemisferio aipatzen dituzte zientzialariek. Kalixtok eskuina du aktibatua beti, hau da, intuizioa; hortik hobeto ikus dezakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.