BESTE BATASUNA. BRETAINIA. Bigarrenerako, apustua bikoiztu

Bretoieraren aldeko Ar Redadeg korrikaldiaren bigarren aldia da, eta AEK-k parte hartuko du

2010eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Brezhoneg er Ger (etxean bretoieraz hitz egin), hori izango damezu nagusia Bretainian euren hizkuntzaren alde bigarren aldiz antolatu duten Ar Redadeg korrikaldian. Mezu hori zabalduko dute Bretainia osatzen duten bost departamenduen gaindi, 1.200 kilometrotan, maiatzaren 10etik 15era, sei egunez eta bost gauez etengabe lau haizetara. Eta erronka ez da eskasa, orain dela bi urte antolatu zen lehen Ar Redadeg hari alderatuta, ibilbidearen luzera bikoiztu egin baitute. Bigarren hau Roazhonen (Rennes) abiatuko da, eta Pondin (Pontivy) amaituko. Aurten, gainera, AEK-k ere hartuko du parte. Zehazki, 1098. kilometroan. Hara joateko osatzen ari diren delegazioko kide izango dira Maider Hegi eta Jakes Bortairu, Ipar Euskal Herriko AEK-ko presidentea eta arduraduna, hurrenez hurren.

Ar Redadeg hitzak lasterka esan nahi du, eta Euskal Herrian hain arrakastatsua den Korrika eredutzat hartu zuten 2008ko maiatzean lehen aldia antolatzeko. Ekimen hori Bretainian bretoieraz irakasten duten eskolen federazioaren 30. urteurrenaren ospakizunen barnean sartu zuten. Lehen aldi hark hiru egun eta hiru gau iraun zuen, eta 600 kilometroko luzera izan zuen, Naoned (Nantes) eta Karaez (Carhaix) artean. Lehena izan arren, arrakastatsua izan zen 10.000 lagun inguruk parte hartu baitzuten, eta 73.000 euro eskuratu baitziren kilometroak salduta.

Ezen, Korrikan egiten den bezala, Ar Redadegen ibilbidean ere, lekuko baten eramaileak kilometro bat erosten du. Hori egin dezake pertsona, elkarte, erakunde, enpresa edo kolektibitate publiko batek. Ibilbide osoan, jaialdi eta animazioak antolatzen dira.

Ibilbide bat, lau irizpide

Lehen aldiari alderatuta, beraz, bigarren honentzako erronka bikoiztu egin dute antolatzaileek. Apustu horri aurre egiteko xedean, Ar Redadeg a Di Da Di deitutako elkartebat eratu zuten, 2008ko irailean. Bretoi hizkuntzaren aldeko jardule boluntarioek osatzen duten egitura horrek hartu du beregain bigarren aldi hau.

Antolatzaileek lau irizpideren arabera xedatu dute ibilbidea. Lehenik, bidean izango dira Ya d'ar Brezhoneg hitzarmena sinatu duten herri eta hiriak. Hitzarmen horren izenpetzaile diren udalerriek konpromisoa hartua dute bretoieraren aldeko ekintzak bultzatzeko eta sustatzeko. Bigarrenik, ibilbidea igaroko da bretoierazko irakaskuntza eskaintza publiko, pribatu edo lagunartekoak zein helduentzako bretoiera eskolak dauden herri edo hirietan. Hirugarrenik, ibilbideak Bretainia historikoa aintzat hartu du; hots, gaur egun, bost departamendutan banatuta dagoena. Bosgarren irizpidea segurtasunarena da. Irizpide horiek aintzat harturik, 1.200 kilometroko bigarren Ar Redadeg etzi, goizeko 10:00 inguruan abiatuko da Roazhongo udaletxe aurretik, eta sei egun geroago bukatuko da Pondivi hirian.

Etekinak, bitan banatuko dira

Korrikaren ildo beretik, Ar Redadeg ekimenarekin bretoieraren erabilpena eta sustapena handitu nahi ditu herritarren gogoan, baita diruz lagundu ere helburu honen alde lanean ari direnak. Hala, kilometro bat erostea 100 euro kostako zaie partikularrei eta elkarteei, eta 200 euro enpresei eta erakunde publikoei.

Kilometroak erostetik eta elastiko, itsasgarri eta bestelako objektuak saltzetik aterako den diruaren etekinak bitan banatuko dituzte. Erdia emango zaio federazioari, horrek diruaren behar gorria baitu 3.200 ume eta gazteri bretoierazko irakaskuntza ematen dieten eskola eta ikastetxeentzako. Eta etekinaren beste erdia gizartean bretoieraren lekua eta erabilpena bermatzen duten egitasmoei emango diete.

Antolatzaileek eginiko egitasmo deiari erantzunez, 22 proiektu jaso dituzte. Horien artean, baina, hautaketa bat egin behar izan da, eginbehar hori kulturaren, arteen eta irakaskuntzaren alorretako jarduleek osatutako epai-mahai batek egin duelarik. Azken batean, sei egitasmo dira hautatuta egon, bretoierazko irakaskuntza, irratigintza, antzerkigintza, literatura edo kirolgintza arloetan banatzen direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.