Ekintzaile eta errefuxiatu afganiarra

Malalai Joia: «Afganistango ahotsik gabeen ahotsa da nirea, traizioa baita mutu geratzea»

Emakumeen eta giza eskubideen alde dihardu ekintzaile afganiarrak. Erbestealdian daramatza ia lau urte, Katalunian: «Talibanei kontra egiten jarraitu ahal izateko joan nintzen».

Malalai Joya ekintzaile afganiarra. DANI CODINA
Malalai Joya ekintzaile afganiarra. DANI CODINA
Julen Otaegi Leonet.
2025eko maiatzaren 21a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Talibanak 2021eko abuztuan heldu ziren agintera Afganistanen, baina ordurako sasian bizi zen Malalai Joia ekintzailea (Farah, Afganistan, 1978), kritikoa baitzen muturreko islamista horien aurretik boterean zegoen gobernuarekin; haren esanetan, «AEBek jarri zituzten boterean txotxongilo eta gerragizon haiek, eta, bide batez, baita talibanak ere». Burka soinean eta bizkartzainen laguntzaz, han-hemenka ibiltzen zen jarraitzaileekin elkartzeko. Talibanak aurrez agintean egon zirenean ere (1996-2001), klandestinitatean aritu zen neskei irakasten, eta horixe bera egiteko asmoa zuen duela ia lau urte. Gertukoek, ordea, ihes egiteko aholkatu zioten. Jaioterritik alde egin behar izan zuen, eta Katalunian bizi da ordutik, erbestealdian. Handik irakasten die telematikoki.

Afganistanen debekatua dute 12 urtetik gorako neskek eta emakumeek ikastea. Zergatik?

Gure armetako bat da hezkuntza: ikasten duten emakumeen beldur dira talibanak; emakumeak beren buruen jabe izateak kikiltzen ditu. Horregatik erakusten dute estremismoa eskoletan, eta oso arriskutsua da hori Afganistanen etorkizunarentzat: erlijioa eta politika nahasten dituzte, eta herritarren kontra erabili, bereziki emakumeen kontra. Ezjakintasunak ez du inoiz ezertarako balio; hezkuntzaren boterean sinesten dut. Emakumeek bere identitatearen jakitun izanez gero, gizartean zeresana izan dezakete.

Hortaz, zer egiten dute emakumeek ikasi ahal izateko?

Klandestinitatean ikasi, ez baitago beste modurik; izan ere, ezin dira eskoletara joan hezkuntzarekin jarrai dezaten. Dena den, ez dugu nahi haiek itxaropenik galtzea, eta horregatik irakasten diegu. Arrisku handia hartzen dute ikasle eta irakasle ausart horiek.

Zeintzuk dira arrisku horiek?

Irakasleak kaleratu, atxilotu, espetxeratu, torturatu eta hil egiten dituzte. Ankerki. Horietako askok —eta herritar aurrerakoiek ere bai— ihes egin dute, baina ezinezkoa zaie denei Afganistan uztea; adoretsuak dira guzti-guztiak, batera edo bestera talibanen aurka egiten dutelako.

Hurrengo belaunaldiek ez dute edukaziorik jasoko; iluntasuna are gehiago zabalduko du horrek. Horregatik lagundu behar diegu afganiarrei, ahalik eta gehien altxa daitezen erregimenaren kontra. Armek agintzea bezain arriskutsua da estremismoak agintzea. Tira, askoz arriskutsuagoa da.

Nola bizi dira afganiarrak?

Ezer baino lehen: talibanena proiektu bat da, aurrez boterean egon ziren gerragizonena bezalakoa. AEBek eta NATOk [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea] sortu eta babestu zituzten talibanak, beren politika estrategiko eta kolonialak betikotzeko xedez. Terrorista horiek boterera heldu ziren, eskuak odolez beterik zituztela, eta, espetxe ez ezik, infernu bihurtu zuten gure herrialdea. Gizonentzat eta emakumeentzat, baina batez ere emakumeentzat. Eta, orain, erregimena are gehiago ari da usteltzen. Segurtasun falta eta pobrezia dago: kulturarena, hezkuntzarena, osasunarena, elikadurarena eta beste hainbesterena.

«Gure herrialdeko emakumeen erresistentziak galarazi egiten du AEBek eta NATOk [taliban] terrorista, misogino, estremista eta erreakzionario horiek aitortzea»

Gorriak ikusiko dituzte askok...

Berriro diot: manifestatzen diren emakumeak espetxeratu, torturatu, bortxatu, harrikatu eta hil egiten dituzte. Talibanek, egiten dutena egiten dutela, emakumeen kontra egiten dute. Baina kemena dute emakumeek. Ez dira isilik geratzen, zapalduak izanda ere.

Zapalduen alde altxatu zara beti, ozenki.

Nire ahotsa Afganistango ahotsik gabeen ahotsa da. Asko gara. Nahiz eta inork ere ez gaituen entzuten. Betebeharra da nirea. Egin, egin beharrekoa, traizioa baita mutu geratzea. Ikus itzazu Afganistanen dauden emakumeak: esperantza eta inspirazio dira niretzat. Talibanak agintera heldu ziren lehen egunetan kalera irten ziren Lana, ogia, askatasuna zioten pankartekin. Izan ere, gure herrialdeko emakumeen erresistentziak galarazi egiten du AEBek eta NATOk terrorista, misogino, estremista eta erreakzionario horiek aitortzea. Eta ez Afganistan bakarrik: gerran dauden beste herrialdeen ahotsa ere izan behar dugu, arazo bera baitugu: inperialismoa eta fundamentalismoa.

Ba al dago aldaketarako abagunerik herrialdean?

Denboran luzatuz joan den arazo bat da, herrialde handienen agendek eragindakoa: egun batean, Errusiaren aurka Gerra Hotzean sortu zituzten gerragizonak babesten dituzte; hurrengoan, berriz, talibanak; eta nork daki, bihar agian Estatu Islamikoa. Gauza bera dira. Atzerriko inteligentzia zerbitzuen eskura dauden tresnak dira, eta jende errugabearen kontra erabiltzen dituzte. Kriminal horiek guztiak epai ditzatela, besterik ez dugu eskatzen. Irabaziko dugu egunen batean. Ziur nago, beste herrialdeen historiak erakutsi digulako nazioak euren kabuz soilik aska daitezkeela. Geu ere harro gara gure historiaz: okupatzaileei erresistentzia eginez erantzun diegu beti.

«Joateko plantak egin zituzten [AEBek 2021ean], hara hor beste gezur bat: okupazioaren forma aldatu zuten, besterik ez»

Hori da bidea, beraz?

Nazio bakoitzak erabakitzen du haren patua, arazoak gaindituz, elkartuz eta kontzientzia hartuz. AEBen leloa terrorearen kontrako gerra omen zen, demokraziarena, giza eskubideena... [2021ean] Joateko plantak egin zituzten, hara hor beste gezur bat: okupazioaren forma aldatu zuten, besterik ez; inongo lotsarik gabe boterean jarri zituzten talibanak. Agur faltsua izan zen, txotxongilo batzuk kendu eta beste batzuk jarri. Hau da: gerragizonak demokraziaren izenean ekarri zituzten —txantxetako demokrazia, hobe esanda—, eta talibanak bakearen izenean. Baina justiziarik gabe bakeak ez du zentzurik.

Nolakoa izango da talibanen osteko Afganistan?

Krudeltasuna dago, baina baita erresistentzia ere. Mendean hartuko ditugu estremista horiek, afganiarrok dagoeneko epaitu baititugu. Espero dugu egunen batean demokrazia edukitzea, boterean den inork ez lukeelako Islama eta politika nahastu behar, are gutxiago jendearen aurka erabiltzeko. Horixe da arazoa. Horrexegatik sinesten dugu sekularizazioan.

Uste duzu noizbait itzuliko zarela?

Erbestealdian nago. Ez nuen nire herrialdea utzi izan nahi. Hitzeman nuen ezetz, ez nintzela joango. Baina azken unean joatea erabaki nuen, familiak eta lagunek exijitu zidatelako. Esan zidaten nire ahotsa behar zutela, neu bizirik egotea behar zutela nik borrokatzen jarrai nezan. Horregatik joan nintzen.

Ez naute inoiz isilduko. Injustiziaren bat dagoenean isilik geratzeari diot beldurra, ez heriotzari. Itxaron egin behar dut, eta, itzuli ahal banaiz, itzuliko naiz. Bien bitartean, ezin dut, hil egingo nautelako bestela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.