Gazako azken erasoek Mendebaldearen eta Israelen arteko tentsioa areagotu dute

Erresuma Batuak bertan behera utzi ditu Israelekin merkataritza akordio bat lortzeko negoziazioak, eta Europako Batasunak lankidetza akordioa berrikusteko eskatu du. Kanadak eta Frantziak ere «neurriak» hartuko dituzte Gazako erasoaldia geratu ezean.

Israelgo armada Gazara sartzen, gaur. Atzean, erasoek suntsitutako eraikinak. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo armada Gazara sartzen, gaur. Atzean, erasoek suntsitutako eraikinak. ATEF SAFADI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko maiatzaren 20a
20:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak atzo abisatu zioten Israeli «neurriak» hartuko zituztela haren kontra, Gazarako erasoaldia geratu ezean. Aurrez, arratsaldean, Israelek iragarri zien Khan Yuniseko (Gaza, Palestina) herritarrei «inoiz ez bezalako eraso bat» egingo zutela, eta alferrekoak izan ziren hiru potentzia horien ohartarazpenak. Gaur goizaldean mehatxua bete du Israelek: bonbardaketek beste 73 lagun hil dituzte Gazan, iturri ofizialen arabera.

Londresek Tel Aviven aurka egin du jada: David Lammy Erresuma Batuko Atzerri ministroak iragarri du bertan behera utziko dituela Israelekin merkataritza akordio bat lortzeko negoziazioak; haren esanetan, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuaren «ekintzek eragin dute» Erresuma Batuaren esku hartzea: «[Israelgo armadaren erasoak] ezin dira justifikatu, zeharo neurrigabeak dira, baita guztizkaltegarriakere». Bestalde, Atzerri Ministerioak jakinarazi du Ekialde Hurbilerako Estatu idazkari britainiarrak biltzera deitu duela Tel Avivek Londresen duen enbaxadorea, eta Gazako zerrendaren kontrako eraso «neurrigabeak» eta laguntza humanitarioaren blokeo «krudela» azalduko dizkiola.

Israelgo Atzerri Ministerioak ohar bat kaleratu du, eta hartan leporatu dio Erresuma batuari «Israelen kontra obsesionatuta» egotea: «Kontu politikoengatik Erresuma Batuko Gobernua prest baldin badago bere ekonomiari kalte egiteko, berak nahi duelako dago prest». Gainera, adierazi du Londres ez zela ari merkataritza akordiorako elkarrizketak «bultzatzen».

EB Europako Batasuneko Atzerri ministroak Bruselan bildu dira gaur, eta hamazazpi herrialdek eskatu dute EBk Israelekin duen lankidetza akordioa berrikusteko, aztertzeko ea Israelek giza eskubideei buruzko artikulu bat betetzen duenetz. Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburuaren hitzetan, herrialdeen «gehiengo indartsu» batek eskatu du hori: «Presio egitea beharrezkoa da egoera aldatzeko».

Gaurko erasoetan, Israelek zerrenda iparraldean hil du jende gehien. Gazako eremu horretan egindako bi bonbardaketetan 22 lagun hil ditu, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Eraso horiek etxebizitza bat eta barne desplazatuentzako aterpe bihurtutako eskola bat izan dituzte jomugan. Bestalde, zerrenda erdian egin dituzten bi erasoetako batean hamahiru lagun hil dira, eta bestean hamabost. Deir al-Balah hirian eta Nuseirat errefuxiatu esparruan izan dira eraso horiek.

Khan Yunisen zeuden herritarrei —horietako asko barne desplazatuak— hiritik alde egiteko agindu zien atzo Israelek. Bada, Tel Avivek gutxienez bi aldiz bonbardatu du hiri hori gaur gauean abiarazitako erasoan, eta hamar lagun hil ditu, osasun iturriek esan dutenez. Gainera, Israelek berriz egin du Khan Yunisen dagoen Al-Nasser ospitalearen aurka. Gaur, eraikinaren biltegia txikitu du armadak. Ospitale hori da zerrendan oraindik irekita dauden bakarretakoa.

Ez da ustekabekoa erasoek zerrenda goitik behera suntsitu izana. Izan ere, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak atzo jakinarazi zuen «zerrendako eremu guztiak kontrolpean» hartuko zituztela. 

Laguntza, «tanta bat ozeanoan»

Israelgo lehen ministroak gogor egin du bart Frantziaren, Erresuma Batuaren eta Kanadaren aurka. Netanyahuk hiru herrialde horiei leporatu die «Hamas saritzen» ibiltzea: «Israeli eskatzen diote eten dezala bere burua babestea helburu duen gerra bat, gure iraupenaren aurka egiten duten Hamaseko terroristak suntsitu beharrean. Eta estatu palestinar bat eskatzean, Londresko, Ottawako eta Parisko agintariak sari izugarri handia eskaintzen ari dira urriaren 7ko eraso genozidaren truke, eta indartu egiten dute halako erasoak gertatzeko aukera».

Hala esan du gauerdian argitaratu duen ohar batean, eta ohartarazi du ez duela atzera egingo: «Israelek bere burua defendatzen jarraituko du bidezko bitartekoak erabiliz harik eta erabateko garaipena lortu arte». Mendebaldeko hiru herrialde horiek ohartarazpen bat egin zioten atzo Israeli, eta Netanyahuren hitzek mehatxu horri erantzuten diote.

«Londresko, Ottawako eta Parisko agintariak sari izugarri handia eskaintzen ari dira Israelen aurkako urriaren 7ko eraso genozidaren truke, eta indartu egiten dute horrelako erasoak gertatzeko aukera»

BENJAMIN NETANYAHU Israelgo lehen ministroa

Frantziako presidente Emmanuel Macronek, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmerrek eta Kanadako lehen ministro Mark Carneyk ohar bateratu bat kaleratu zuten. Hartan, Israeli eskatu zioten Gazaren aurkako erasoaldia eteteko. Hori egiten ez badu, neurriak hartzekoak dira, eta hiru agintariek nabarmendu zuten neurri horiek «pertsona jakin batzuen aurkakoak» izan zitezkeela.

Bada, Erresuma Batuak gaur iragarri ditu lehen zigorrak bi erakunderen, kolonoen bi kokaleku ilegalen eta hiru lagunen kontra, Zisjordaniako palestinarren aurka «indarkeria babestea eta bultzatzea» eta horiek desplazatzera behartzea leporatuta.

Macronek, Starmerrek eta Carneyk Tel Avivi eskatu zioten modua eman zezala zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko. Israelek hiru hilabetez eten du laguntza humanitarioa, eta atzo berriz eman zuen baimena zerrendan sartzeko: bederatzi kamioi sartu ziren, eta beste 93 gaur. NBE Nazio Batuen Erakundeak, ordea, salatu du oraindik ez dutela laguntzarik banatu zerrendan. Hiru agintariek uste dute kamioi «gutxiegi» direla. Horrenbestez, Frantziak, Erresuma Batuak eta Kanadak Israeli ohartarazi zioten laguntza humanitarioa etetea «nazioarteko zuzenbidearen urraketa bat» izan daitekeela. Horren harira, Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministroak adierazi zuen atzo Gazako zibilek «pita ogi bat eta platerkada bat janari» jasoko dutela egunero; «hori da dena», gehitu zuen. Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Israelen jarrera kritikatu du gaur, eta salatu sartzen utzi duen laguntza zera dela, «ur tanta ozeanoan». Bruselan esan du hori, agerraldi batean. Haren arabera, Israeli dagokio laguntza humanitarioa «desblokeatzea».

Are gehiago, NBEko koordinatzaile humanitario Tom Fletcherrek gaur sare sozialetan esan du datozen orduetan laguntza humanitarioa ez badute areagotzen balitekeela hurrengo 48 orduetan 14.000 ume hiltzea Gazan. Nazioarteko erakundeak ohartarazi du egunero giza laguntzako bostehun kamioi eta erregaiz betetako beste 50 beharko liratekeela egungo krisi humanitarioa gainditu ahal izateko.

Paris, Londres eta Ottawa prest agertu ziren Palestina luze gabe estatu gisa aitortzeko. Hiru agintariek bi estatuen irtenbidea babestu zuten; hau da, Israel eta Palestina estatu gisa aitortzea. Bada, ildo horretatik, bi aldeek su eten bat hitzartzea «lehen pausotzat» jo behar zuten Macronek, Starmerrek eta Carneyk. Horiek horrela, txalotu egin zituzten AEB Ameriketako Estatu Batuak, Qatar eta Egipto horretarako egiten ari diren ahaleginak, eta nabarmendu zuten «beren esku dagoen guztia» egingo dutela «bakea» lortzeko.

Bestalde, salatu egin dute Hamasek eta Palestinako beste hainbat miliziek 2023ko urriaren 7an Israelen aurka egin zuten erasoa, nahiz eta iritzi dioten Israelen erantzuna «gehiegizkoa» izan dela. Hamasi eskatu diote bahituak askatzeko, eta nabarmendu miliziak Gaza kontrolatzeari utzi behar diola.

Israelek sarekadak egin ditu Zisjordanian

Wafa Palestinako berri agentziak kaleratu duenez, Israelgo armadak Zisjordanian ere egin ditu ekintzak gaur. Agentzia horren informazioaren arabera, soldaduek «benetako munizioa» erabili dute, eta hamar lagun atxilotu. Anbatan, Kobarren eta Al-Ein errefuxiatu esparruetan egin dituzte sarekadak, besteak beste. Nablusetik gertu dagoen errefuxiatu esparru horretan, pertsona bat zauritu dute Israelgo soldaduek, tiroz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.