Sirian izaniko erasoan taldeko buruetako bat hil izana leporatu dio Hezbolak Israeli

Samir Qantar Golango operazio militarren arduraduntzat du Tel Avivek.Hezbolak misilak bota ditu Libanotik Israelera.Damaskon egindako erasoan beste zortzi lagun hil dituzte

Kristina Berasain Tristan.
2015eko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Samir Qantar Damaskon herenegun gauean izandako erasoan hil zuten. Jaramana barrutian, eraikin baten kontra, lau misil bota zituzten bi hegazkinek. Hezbolak Israel egin du erasoaren erantzule. Ezen Qantar Libanoko Hezbola taldeko buruzagietako bat zen eta, antza, jo mugan zuen Tel Avivek; Golango operazio militarren arduraduntzat zuen eta, antza, talde xiita erasoak egitekoa zen han —Siriako Erresistentzia Komite Nazionaleko buruzagitzat zuen 2013tik—. Golan Siriako hego-mendebaldeko ordokia da. Israelek 1967. urtean parte bat okupatu zuen, eta 1981ean bereganatu. Israelen menpeko zatian, 20.000 kolono bizi dira; Siriak kontrolatzen duen aldean, berriz, 20.000 lagun bizi dira.

Jaramanango erasoan beste zortzi lagun hil ziren. Hezbolak, berriz, hainbat misil jaurti zituen atzo arratsaldean Libanotik Israelera.

Tel Avivek, alta, ez du erasoaren erantzukizuna ez onartu eta ez ukatu, ezaguna bada ere zerbitzu sekretuak Samir Qantarren atzetik zenbiltzatela. Gobernuko ordezkarien artean bada haren hilketarekin pozik agertu denik. Yoav Gallant Etxebizitza ministroak esan du «ona dela bera bezalako jendea jada munduan ez egotea». Erasoan Farhan Saanan Hezbolako beste buruzagietako bat ere hil zela eman dute aditzera hainbat iturrik. Ez da aurreneko aldia Israelek Sirian Libanoko talde xiitaren kontrako erasoak egiten dituena; arma biltegien kontrako erasoak egin izan ditu, eta urtarrilean taldeko sei kide hil zituzten —Irango armadako ofizialak zeuden tartean—.

Irani mezua

Analisten hitzetan, eraso honekin mezu bat bidali nahi izan dio Israelek Irani. Hezbolak Siriako gobernua babesten du eta zonaldean ardatz xiita osatzen du Iranekin. Ron Ben adituaren hitzetan «iraganean egindakoagatik baino etorkizunean egin zezakeenagatik» izan da jomuga Qantar.

Drusoa zen Samir Qantar (Libano, 1962). Israelek heriotza zigorrera kondenatu zuen 1979an. Palestinako Askapen Fronteko kide zela lau lagun hil zituen urte hartan. Israelek 2008an askatu zuen talde xiitak preso hartutako bi soldaduen gorpuen truke, eta ordutik talde xiitako buruzagi nabarmenetakoa zen. Palestinako hainbat taldek haren bidetik jarraitzeko hitza eman dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.