Seyma Yildirimek lau urte eman beharko ditu kartzelan, Turkian Palestinaren alde aritzeagatik. Abendu hasieran boikot batean parte hartu zuen, TRT telebista kate publikoko ekitaldi batean, salatzeko Turkiak bide ematen duela bere portuetatik Israelera petrolio findugabea esportatzeko, nahiz eta Ankarak adierazi izan duen eten egin dituela bere eta Tel Aviven arteko merkataritza harremanak. Mila Gazte Palestinaren Alde taldearekin batera, Yildirimek Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen mintzaldia eten zuen TRTn, «ez elikatu genozidioa!» oihukatuz. Protestariak aretotik kanporatzen ari zirela, Erdoganek zera erantzun zien: «Hemen ez jokatu sionismoaren eledunak izango bazinete bezala». Bederatzi protestari atxilotu zituzten, eta «presidentea iraintzea» egotzi zieten; lau urteko kartzelaldia ere ezar dezakete Turkian delitu horrengatik.
«Israelek Gazan esku hartu zuenean hasi ginen antolatzen, [2023ko] urriaren 7an. Ikusi genuen Israelek ez zeukala asmorik Palestinako lurraldeak okupatzeari uzteko, eta beste zerbait egin nahi izan genuen; nabarmen utzi nahi genituen Israelekin oraindik ere harremanak dituzten herrialdeak», azaldu du Yildirimek. «Konturatu ginen Turkiako Gobernuak Israelekin salerosketan diharduela oraindik, eta hori salatu nahi genuen. Gainera, gobernuak modua ematen dio Azerbaijani Turkiako portuetatik petrolio findugabea Israelera esportatzeko, tonak eta tonak», kontatu du.
Gazako zerrendan eta Zisjordanian gerra hasi zenetik, Turkia izan da Israelen eraso militarrak gogorren salatu dituzten ahotsetako bat, eta erasoak «genozidio, okupazio eta inbasiotzat» jo zituen hasieratik. Gobernuak berak protesta jendetsuak antolatu izan ditu herrialdeko hiri nagusietan, eta mehatxu egin du esku hartze militarra abiatuko duela Israelek ez badio amaiera ematen palestinarren aurkako oldarraldiari. Alabaina, zapaldu egiten ditu bere kontrolpetik at dauden iniziatibak; adibidez, Turkiaren eta Israelen arteko merkataritza salatzeko protestak, eta Turkiako portuetatik behin atera zen aktibisten flota txiki bat, itsas blokeoa hautsi eta Gazara laguntza humanitarioa eraman nahi zuena. «Presioa etengabea da. Protesta bat egin genuen Azerbaijango enpresa baten aurrean, Israelekin salerosketan aritzen baita Turkiako portuen bitartez. Gutako hamahiru atxilotu zituzten orduan. Beste batzuk itsas portuetan atxilotu zituzten, eta Poliziak egindako sarekadetan ere bai, etxean bertan. Jendeari jakinarazi nahi diogu zer gertatzen ari den gure muturren aurrean, horixe besterik ez», dio Yildirimek.
«Gobernuak modua ematen dio Azerbaijani Turkiako portuetatik petrolio findugabea Israelera esportatzeko, tonak eta tonak»
SEYMA YILDIRIMMila Gazte Palestinaren Alde taldeko kidea
Israelen erasoek porrokatu egin zuten Ankarak eta Tel Avivek harreman diplomatikoa estutzeko egindako saiakera, 2020. urtearen hasieran abiatu zutena. Izan ere, zenbait urte lehenago liskarrak izan zituzten biek, Israelek eraso egin baitzion Turkiako Mavi Marmara itsasontziari. Israelen itsas blokeoa haustea eta Gazara laguntza humanitarioa eramatea zen ontzi horren helburua. Erasoaren ondorioz hamar lagun hil ziren, eta 50 baino gehiago zauritu; Israelgo buruek oraindik ez dituzte auzitara eraman erantzuleak.
Debekuari, izkin
Israelek Gazan gerrari ekin eta sei hilabetera, Turkiak bertan behera utzi zuen bere eta Israelen arteko merkataritza bilaterala, eta, ondorioz, baita 54 kategoriatako produktuen esportazioak ere —besteak beste, altzairua, eraikuntzarako materialak eta gailu mekanikoak—. Orduan, Israelekiko merkataritza bolumena 6.800 dolarrekoa zen urtean, eta kopuru horren %76 Turkiako esportazioei zegokien. Bien arteko merkataritza etenda dago. Alabaina, Israelekiko merkataritza eten eta berehala, %526 handitu ziren Turkiak «Palestinako lurraldeetara» egindako esportazioak, herrialdeko TUIK estatistika institutu ofizialak plazaratutako datuen arabera.
Bat-bateko hazkunde horrek susmoak piztu zituen, Turkiak merkataritza debekuari izkin egiten dion susmoak, hain justu; izan ere, Israelgo agintariek Palestinara iristen diren esportazio guztiak ikuskatzen dituzte, eta galarazi egiten dute produktuak eta zerbitzuak lurraldera zuzenean sartzea. Gainera, datuek erakusten dutenez, Israelekiko harremanak moztu aurretik saltzen zituen produktu berberak esportatzen ditu orain Turkiak Palestinara: altzairua, porlana eta ehun gaiak. «Ez sinestekoa da, datu guztiak publikoak dira eta. Turkiak ez du ezkutatzen Israelekin salerosketan ari dela oraindik, eta Palestinarekin ariko balitz bezala jokatzen du», azaldu du Zeynepek, Mila Gazte Palestinaren Alde taldeko kidea hura ere. «Inguruko gobernu asko ibiltzen dira horrelako azpijokoetan; Netanyahu [Benjamin, Israelgo lehen ministroa] kondenatzen dute, baina ez dute atxilotuko, Nazioarteko Justizia Auzitegiak hala agindu badu ere», dio.
Horrenbestez, gazte horiek bat egin dute beste herrialde batzuetako erakundeekin, hala nola Stop Fuelling Genocide taldearekin. Elkar hartuta, kanpo merkataritzaren nondik norakoei erreparatu, eta Turkiako portuetatik Israelera petrolioa daramaten kargaontziak aztertzen dituzte, salerosketa horren frogak biltzeko. Turkiako Gobernuak, ordea, ukatu egin du Azerbaijanek petrolio findugabea bidali izana Israeli Turkiako portuen bidez, baina itsasotik egindako jarraipenaren datuek eta sateliteetako irudiek kontrakoa ematen dute aditzera. Turkiako agintariek ezin diete Turkian porturatzea debekatu ontziei; nazioarteko enpresa batzuek osatutako partzuergo batek kontrolatzen ditu hango portuak, eta, ondorioz, Turkiak dekretu bidez baino ezin ezar lezake debeku hori, baldin eta gerra piztuko balitz. Alabaina, aktibistek uste dute Ankarak presioa egin dezakeela debekua aurrera eramateko. «Bidegabekeriak, mehatxuak eta akusazio guztiak gorabehera, sionismoaren eta haren kolaboratzaileen aurkako borrokari eutsi behar diogu. Ezin dugu ahaztu Palestinak pairatzen duen zapalkuntza, horri buruz hitz egin behar dugu», adierazi zuen Emre Tekinkaya aktibistak Palestinaren aldeko protesta batean atxilotu zutenean.