Urteurren istilutsua Tbilisin

Georgiak independentziaren 20. urteurrena ospatu du. Herrialdeak bilakaera gatazkatsua eduki du urte horietan guztietan, eta horren azken adibidea izan dira aste honetako protestak.

mikel rodriguez
2011ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bi hamarkada bete dira Georgiak SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik independentzia lortu zuenetik. Hori ospatzeko, desfilea egin zuen armadak Tbilisi hiriburuko etorbide nagusian atzo. Baliabide militarrak harro erakutsi nahi izan ditu gobernuak, eta lehenbiziko aldiz, adibidez, Didgori tankeak erakutsi ditu, Georgian bertan egindakoak. Desfile militarrek hain berezkoa duten handitasun eta itxurakeriaren gibelean, ordea, hogei urteko egoera ezegonkorra gordetzen du Georgiak. Sobietar garaiko errepublikari zegokion lurraldearen batasuna mantentzeko gatazka armatuetan murgilduta egon da Tbilisi, eta ez du lortu Abkhazia eta Hego Osetiako lurraldeak bere menera paratzea. Errusia bizilagun erraldoiarekin ere tentsio eta liskar etengabean egon da independentzia lortuz geroztik. Hori dena gutxi ez, eta barneko liskar politikoek ere astindu dute herrialdea.

Azkena joan den asteburuan lehertu zen. Oposizioak deituta, hamar mila lagun atera ziren karrikara Tbilisin, Mikhail Saakaxvili presidentearen aurka protesta egitera. Hurrengo egunetan zenbait istilu izan ziren, baina larrienak herenegun arratsean gertatu ziren. Gobernuaren aurkako milaka manifestarik Tbilisi erdiguneko etorbide nagusia hartu zuten, independentziaren atzoko ospakizuna oztopatzeko asmoz. Poliziak ur kanoiekin, negar eragiteko gasarekin eta gomazko balekin sakabanatu zituen. Istiluetan bi lagun hil ziren: manifestari bat eta polizia bat. Gobernuko iturrien arabera, biak Nino Burdzhanadze oposizioko Herri Kontseilua taldeko buruzagiaren segizioko autoek harrapatuta hil ziren, azken horrek istiluetatik ihesi egin zuenean. Atxilotuei dagokienez, berriz, ehun ingururi kartzela zigorra ezarri diete istiluen arratsean bertan, ordu gutxiko prozesu judiziale batean.

Azken egunetako protesta mugimenduei Zilarrezko Iraultza deitu diote Georgiako hainbat hedabidek, manifestari anitz jende edadetua delako. Sektore hori nagusiki erretiro baxuen eta elikagaien prezioen igoeraren aurka atera da protesta egitera. Oposizioko taldeek, berriz, autoritarismoa leporatu diote Saakaxviliri, eta haren «erregimenaren» amaiera eskatu dute. 2007an ere mobilizatu ziren presidentearen aurka. Orduko hartan ere istilu larriak izan ziren, eta protesta batean, adibidez, Poliziak 500 lagun zauritu zituen. Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen.

2008an Saakaxvilik irabazi zituen hauteskundeak berriro, baina istiluek haren irudiari kalte egin zioten, eta orain berriz ere hori gertatzea saihestu nahi du. Horretarako, begi bistako argudioa baliatu du: kanpoko etsaia. Arerioaren izenik ez du aipatu, baina erran du protestak Georgiako «mugetatik kanpo» prestatu dituztela frogatzen duten «agiriak» dituela. «Hau guztia 2008an aurre egin behar izan zioten erresistentziaren mendekua da». Izenik aipatu gabe, Errusiari egotzi dio, beraz, protestak antolatzea, duela hiru urte bi herrialdeek Hego Osetian izan zuten gerrarengatik mendekatzeko.

Mendebaldea eta Errusia

Saakaxvili 2004an ailegatu zen boterera; hain zuzen, egoera gatazkatsu baten ondorioz. Milaka lagun Eduard Xevardnadze orduko presidentearen aurka mobilizatu ziren, Larrosaren Iraultza deitu zen mugimenduaren barruan. Bere zortzi urteko agintaldian, oposizioko taldeek ustelkeria egotzi zioten Xevardnadzeri.

Kaukason, Errusiaren atzeko patioan, Mendebaldearen aliatu fidela da Saakaxvili. Moskurentzat, berriz, nola hala kontrolpean mantendu beharreko herrialde estrategiko bat da Georgia. Istiluek nazioartean sortutako erreakzioek argi irudikatu dute hori. Filip Dimitrov EB Europako Batasunak Georgian duen ordezkariak erran du manifestarien sakabanaketa «bidezkoa eta antolatua» izan dela. Bide beretik jo du John Bass AEBetako ordezkariak, Tbilisiko etorbidean bildutakoen artean «istiluak» sortu nahi zituzten manifestariak zeudela nabarmenduz. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek, aldiz, hagitz bertzelako iritzia plazaratu du. Poliziaren jarrera «askatasunen eta giza eskubideen urratze arbuiagarria» izan dela adierazi du, eta gertatutakoa nazioartean ikertzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.