Zelenskiren esanetan, Putinek denbora irabazi nahi du gerran segitzeko

Gerra amaitzeko planteamendu «argi eta errealista bat» eskatu dio Ukrainako presidenteak Errusiari. EBk beste zigor sail bat ezarri dio Moskuri: 2022ko otsailetik ezarritako hamazazpigarrena.

Vladimir Putin atzo Moskun, ekitaldi batean. VYACHESLAV PROKOFYEV / EFE
Vladimir Putin atzo Moskun, ekitaldi batean. VYACHESLAV PROKOFYEV / EFE
Igor Susaeta.
2025eko maiatzaren 20a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Kievek eta Europako potentziek Vladimir Putin Errusiako presidenteari eskatzen diote su etenera dei dezala Ukrainan. Donald Trump AEBetako presidenteak harekin hitz egin zuen atzo telefonoz, eta ondoren adierazi Putinek eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «berehala» hasiko dituztela menia baterako negoziazioak. Kremlineko buruak, baina, ez zuen halakorik baieztatu ondoren; zera baizik ez zuen esan, Ukrainak eta Errusiak «bide egokia» hartu dutela, joan den ostiralean Istanbulen elkarrekin egin zuten bileraren ondoren. Bi aldeak prest agertu ziren aurrez aurreko elkarrizketa gehiago edukitzeko. Eta hori guztia kontuan hartuta, Zelenskik adierazi du gaur tregoa bat ez aldarrikatuta denbora irabazi nahian ari dela Putin, gerran segitzeko. «Argi dago».

Hori idatzi du Ukrainako estatuburuak sare sozialetan. «Gure bazkideekin lanean ari gara, presioaren bidez errusiarrak jarrera aldatzera behartzeko». Erresuma Batuak, Frantziak, Poloniak eta Alemaniak Putin ohartarazi zuten joan den astean, eta esan zigor ekonomiko gehiago ezarriko dizkiotela Errusiari menia bat onartzen ez badu. Horrekin lotuta, 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zuenetik Moskuri ezarritako hamazazpigarren zigor saila onartu du gaur EB Europako Batasunak. «Errusiaren aurkako gerra zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta gogorragoa izango da gure erantzuna», azpimarratu du Kaja Kallas EBren diplomaziaburuak, sare sozialetan.

Oraingoz, bere horretan jarraitzen dute Errusiaren eta Ukrainaren arteko negoziazioek. Putinen esanetan, «baliagarria» izan zen Trumpekin edukitako elkarrizketa, baina nabarmendu zuen «gerraren sakoneko arrazoiei» heldu behar zaiela; gehienez ere, tregoa baterako «bide orrian» lan egitea proposatu du. Zelenskirentzat, gerra amaitzeko planteamenduak «argia eta errealista» izan behar du. Iruditzen zaio, hain zuzen, Errusiaren «baldintzak» ez direla «errealistak».

Eta elkarrizketa posibleen harira, Trumpek iradoki zuen atzo negoziazio horietarako lekua Vatikanoa izan daitekeela. «Ideia ona litzateke». Azken orduetan Zelenski ere mintzatu da horri buruz, eta esan du Vatikanoan ez ezik Suitzan edo Turkian ere egin daitezkeela bi aldeen arteko bilerak. Aurreko ostiraleko bilera Turkian izan zen, Istanbulen.

AI-k esan du Errusian lanean segituko duela

AI Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeak nabarmendu du Errusian lanean segituko duela, nahiz eta hango fiskaltza nagusiak ebatzi zuen atzo GKE hori «erakunde arbuiagarri bat» dela eta harekin lankidetzan aritzen direnei jazarriko zaiela. AIren idazkari nagusi Agnes Callamardek ohar bat plazaratu zuen atzo iluntzean, eta, hartan azpimarratu zuenez, Errusiak «disidentzia isilarazi» nahi du; azken erabakia ikusita, AIk Errusian egiten duen «ahalegina» handituko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.