Aita Mari ontziak noraezean zeuden 44 migratzaile erreskatatu zituen apirilaren 13an, Mediterraneoan. Horiek Palermon porturatu zituzten, baina Italiako Gobernuak, kaian zeudela, erabaki zuen ontzia ikuskatzea. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundea negoziatzen aritu zen Italiako itsas autoritateekin, eta ekainaren 26an lortu zuten handik abiatzeko baimena, Pasaiako (Gipuzkoa) portura itzultzeko. Bihar dira iristekoak, 11:00 aldera.
Mediterraneo itsasoan etorkinak erreskatatzeko erabiltzen duen itsasontziak 49 egun igaro zituen blokeatuta. Iñigo Gutierrez GKEaren presidenteordeak BERRIAri azaldu zion blokeoa 55.000 euro kostatu dela, eta horrek «erdibitu» egin duela proiektua. Eusko Jaurlaritzak aste honetan bertan adierazi du 350.000 euro emango dizkiola Itsas Salbamendu Humanitarioari, Aita Mari ontziak aurrera jarrai dezan Mediterraneoan pertsonen bizitzak «zaintzeko helburuarekin».
Gutierrezek gogor jardun zuen Europako Batasunaren migrazio politiken aurka: «Argi hitz egin dezagun: hau Europa da. Europak ez du immigraziorik nahi, ez ditu erreskate ontziak nahi, ez migrazio bideak, ez ezer. Europak nahi duena da jenderik ez etortzea».
GKEaren ustean, Italiak «nazioarteko araudiaren interpretazio interesatua» egin du, eta haiei egindako eskakizun berak egiten dizkiete gainontzeko erreskate ontziei ere. «Sea-Watch ere blokeatu egin dute», salatu dute gaur, ohar batean.
Erromak itzultzeko baimena eman zien, ontzian aldaketa batzuk egitearen truke. Aita Mari ezingo da portutik atera horiek egin gabe, baina GKEak nabarmendu du eskakizun horiek «tranpa administratiboak» direla, eta ontziak «arau guztiak» betetzen dituela. «Gure ontziaren neurriari ez dagokion ekipamendu bat eskatu digute», esan dute. Salatu dute Italiaren asmoa «Mediterraneoa ontziz hustea» dela.