'Aita Mari' ontziak 69 lagun erreskatatu ditu, eta Italiara bidean da

Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak jakinarazi du sei adingabe daudela erreskatatutakoen artean.

'Aita Mari'-k erreskatatutako ontzietako bat. JAVIER BERNARDO / @MAYDAYTERRANEO
Iosu Alberdi.
2023ko urriaren 13a
13:19
Entzun

Aita Mari ontziak 69 lagun erreskatatu ditu bart gauean Mediterraneo itsasoan. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, orduak zeramatzaten noraezean, egurrezko bi ontzitan. Italiako Gobernuak Napolin porturatzeko agindu die, nahiz eta hasieran Genovara bideratu nahi zituen, erreskatea egin duten lekutik 965 kilometrora.

Tripulazioak aste hasieran ekin zion misioari, Burrianatik (Herrialde Katalanak) Mediterraneorantz abiatuta, eta handik lau egunera egin dute lehen erreskatea. Azaldu dutenez, hemezortzi lagun erreskatatu dituzte ontzi batetik, eta 51 beste batetik. Gehienak gizonezkoak dira, baina azaldu dute artatu dituztenen artean sei emakume eta beste horrenbeste adingabe daudela, eta gehitu hainbatek «trauma psikologikoak» dituztela noraezean pasatu duten denboraren ondorioz. Horiek artatzen ari da ontziko sorospen taldea.

Italiaren jarrera ere gogor kritikatu dute, esanez Genovan porturatzeko agindua nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa zela, hark gertuen dagoen portura bidaltzeko agintzen baitu. Are gehiago, goizean salatu dute inoiz ez zaiola hain urrun porturatzeko agindu halako itsasontzi bati. Horiek hala, Simon Vidal ontziko kapitainak azaldu du bide «arriskutsua» dutela aurrean: «Bi metro eta erditik gorako olatuei aurre egin behar diegu, 33 korapilotik gorako abiadurako haizearekin». Jarraian, Italiak iritzia aldatu du, eta Napolin porturatzeko agindu.

Ontziak aurten egindako hirugarren misioa da martxan duena; ia hirurehun pertsona erreskatatu zituzten, eta beste 162 lagundu. Guztira, ontzia beste hamar aldiz aritu da Mediterraneoan erreskate lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.