Errimak egiteko oso baliagarria da alderantzizko hiztegia. Horregatik da erabilgarria bertsolarientzat, eta Bertsozale elkartearekin elkarlanean jarri du sarean hiztegia UZEIk.
53.000 sarrera baino gehiagoko hiztegia da, eta sarrera gehienak lexiko orokorrekoak diren arren, eguneroko jardunean gehien erabiltzen diren terminoak ere bildu dituztela jakinarazi du UZEIk. Izen arruntak, adjektiboak, adberbioak, determinatzaileak, izenordainak, aditzak, lotura elementuak, esaerak eta onomatopeiak jaso dituzte, eta kanpoan utzi dituzte izen bereziak.
1994an argitaratu zuten Atzekoz aurrera hiztegia, eta agortuta zegoen. Hura eguneratuta sareratu dute orain.