Euskara

'Euskaldunon Egunkaria'-ri buruzko Torrealdairen kontaketa plazaratu dute, liburu batean

Joan Mari Torrealdairen gogoetak eta egunkari haren historia jasotzen ditu Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta liburuak. BERRIAk zuzenean eman du arratsaldeko jendaurreko ekitaldia.

Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 16a
12:07
Entzun 00:00:0000:00:00

Gertuko kontaketa bat, egitateak kontatzeko behar besteko distantzia hartzen duena. Halakoxea da Joan Mari Torrealdai kazetari, idazle eta euskaltzaleak Euskaldunon Egunkaria-ren inguruan emandako lekukotza, BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek liburu batean argitaratutakoa: Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta —eskuragarri dago BERRIA Dendan—. Euskaldunon Egunkaria-ren sorreratik haren itxierara artekoak jasotzen ditu liburuan Torrealdaik, haren bizipenekin eta gogoeta pertsonalekin harilkatuta.

Bere azken bizi urteetan ekin zion kontaketari Torrealdaik, baina, eritasuna tarteko, Joanmari Larrarteri eman zion proiektua bururatzeko enkargua, zeina aurrez ere aritua baitzen egileari liburuarekin laguntzen. Larrartek izan du Torrealdaik landuta emandako pasarteak orrazteko ardura. Liburuaren egitura eta atal bakoitzaren mamia ziren Torrealdairen artikuluak jaso zituen Larrartek egilearengandik, eta horiek garatzen aritu da liburua argitaratu arteko tartean. «Joan Mariren testuei eta aurkibideari ahalik eta fidelen izaten» saiatu dela azaldu du gaur goizean, Martin Ugalde kultur parkean egindako aurkezpenean. Harekin izan dira Lorea Agirre Jakineko zuzendaria, Martxelo Otamendi BERRIAkoa eta Garazi Torrealdai Joan Mari Torrealdairen alaba.

Euskaldunon Egunkaria gizarte ekimenez gauzatutako proiektua izan zela eta «euskalgintzaren arrakasta» izan zela, horixe da liburuaren «tesi nagusia», Larrarteren esanetan. Hala azaltzen du garden Torrealdaik berak, liburuaren sarreran: «Nire iritziz, Egunkaria oso proiektu baliotsua izan da euskararentzat eta, bereziki, euskalgintzarentzat; Egunkaria euskalgintzaren arrakasta izan zen, nire ustez, eta oso ondo erakusten du euskalgintza zibilaren funtzioa eta ekarpena». Proiektuaren atzean herri ekimenaren bultzada zegoela erakustea «Joan Mariren obsesioetako bat» izan zela azaldu du Larrartek, eta hala izan zela, hein batean, «Egunkariaren bizitza osoan eta Egunkaria itxi ondoren erakusten ibili behar izan zuelako ez zuela ETAk sortu, baizik eta euskaltzaleen ekimena izan zela».

Tesi horren kontrako usteak ezeztatzetik haragoko baieztapena da hori, ordea, Larrarteren esanetan: «Adierazi nahi du euskalgintzak, nahi izan zuelako, posible egin zuela Egunkaria. Hau da, euskalgintzaren indarrak badirela zer aurrera egin nahi baldin bada». Ideia hori liburuan oso presente dagoela adierazi du; baita «independentziatik jardutearen» beharra ere: «Euskarak eta euskalgintzak independente izan behar dutela, inoren menpeko ez dutela izan behar, eta hortik lan egin behar dela euskalgintzako proiektuak gauzatzeko».

Larrarteren esanetan, Torrealdaik «gertuegi» sumatzen zuen Euskaldunon Egunkaria haren inguruko historia kontatu ahal izateko, eta horretarako mugatzat zuen, halaber, proiektu hartan izan zuen parte hartzeak ematen zion distantzia hartzeko zailtasuna. «Lehen pertsonan idatzita dago, eta posizioa oso argi izanda». Hala ere, gogoeta pertsonalen eta gertakarien arteko bereizketa egin nahi izan zuela azaldu du; gertaera horiek bere horretan kontatzen ahalegindu dela, alegia. Honela dio sarreran Torrealdaik: «Gertatutakoaren egitatea ezin da aldatu; hori hor geratuko da, eta bada nire interesa hori ezagutu dadin. Gertaerak gertaera dira, eta horiek hor daude; gertaeren gainean egingo den interpretazioa, berriz, norberarena da, eta liburu honetakoa nirea, Joan Mari Torrealdairena».

«Joan Mari ikerlaria»

«Euskal hedabideak sortu eta euskal hedabideak nolakoak izan behar zuten aztertzea» Torrealdairentzat «obsesioa» eta «kezka eremu» nagusietako bat zela azaldu du Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, eta Euskaldunon Egunkaria-n gai horien inguruko galderei erantzuteko «leku eder bat» topatu zuela nabarmendu du. «Ikerlaritik asko» zuen Torrealdaik, Agirreren hitzetan, eta gaur aurkeztutako liburuan «Joan Mari ikerlaria» oso presente dagoela uste du. «Dokumentazio lan ikaragarri bat dago sakonean», haren arabera, eta "lan sistema" hori harengan oso sustraituta zegoela azaldu du: «Hortik, bere dokumentazio eta artxibo lan ikaragarri hura, Egunkaria-ren itxierarekin Guardia Zibilak ebatsi ziona, nahikoa lan izan zuena berreskuratzen eta berarentzat benetan garrantzitsua zena".

Jakinen eta Euskaldunon Egunkaria-ren arteko harremanaz ere aritu da Agirre. Torrealdaik euskarazko egunkariaren proiektuarekin bat egin izana «Jakin Taldearen erabakia» izan zela argitu du, sinetsita Jakinen eginbeharra zela, bere ekinbide propioetatik harago, euskalgintzako bestelako proiektuetan parte hartzea eta hauspotzea. «Jakinentzat oinarrizkoak izan diren sei premisa loratzen ikusteko» aukera eman zion horretan murgildu izanak Torrealdairi, Jakineko zuzendariaren esanetan: «euskalgintzaren autonomia eta buruaskitasuna lantzea eta hortik abiatzea»; «herri erakunde sendoak eta iraunkorrak sortzea»; «euskalgintzako beste erakunde, norbanako eta eragileekin lankidetzan jardutea»; «euskalgintzako langilearen profesional-militante figura oinarrian jartzea eta hori gauzatzea»; «erakunde publikoekin berdinetik berdinera eta modu horizontalean harremanak eta proiektuak lantzeko ahalegina egitea»; eta «gizarte zibilean oinarrituta eta gizarte zibiletik ekiteko beharra eta garrantzia, edozein dela ere proiektua, horrek ematen diolako oinarria eta sinesgarritasuna».

«Askatasunaren» berme

Euskaldunon Egunkaria-n harekin izandako harremanaz aritu da, aldiz, Otamendi, azalduz kazetaritzarekiko zuen ikuspegia. «Oso komunikabide gutxitako kazetari gutxik esan dezakete munduan egin dutela lan guk Egunkarian, Joan Mari lehendakari genuela, egin genuen askatasunarekin», azpimarratu du. Erredakzioko langileen lanean ez esku hartzen saiatzen zela azaldu du, ez zuela agindurik ematen, eta ezta egunkariko lanagatik jaso zitzakeen kexen berri ematen ere: «Seguru nago, gure egunkariaren figura publiko nagusia zelako, kanpoko kexak jasoko zituela, baina ez zizkigun transmititzen. Jan egiten zituen; seguruena, gure babeserako».

Iritzi pluraltasunari toki egiteko egiten zuen ahalegina ere azpimarratu du. «Bizitza guztian bultzatu zuen euskaltzaleen eta abertzaleen elkarlana, Egunkaria-ren sorreran eta garapenean dagoena. Beti eskatzen zuen ahalegina egiteko ikuspegi desberdineko jendea ekartzeko», erantsi du Otamendik. Euskara batuaren eztabaidan zuen posizio irmoa ere gogoratu du. «Batuaren lana aurrera eraman zuen belaunaldikoa» zela azaldu du, eta asko «haserretzen» zuela lan hori zapuztua ikusteko aukerak.

Euskaldunon Egunkaria aitarentzat «ametsa» izan zela azpimarratu du, berriz, Garazi Torrealdaik, «bizitza laburra izan bazuen ere». Orain, liburua argitaratuta, Torrealdaik aspaldi zuen beste «amets» bat gauzatu dela adierazi du; «Egunkaria eta bere historia liburu batean jasotzea, alegia». Horregatik, familiaren esker ona azaldu die Elkarri, Jakini eta BERRIAri, «liburua argitara eman, eta herriaren esku utzi dutelako», eta, bereziki, Larrarteri, Torrealdairen lana burura eramateagatik.

Jendaurrekoan ere, Torrealdairen grinak hizpide

Arratsaldez, liburuaren bueltan lanean aritu direnek herritarrengana eraman dituzte goizez prentsaren aurrean esanak. Joanmari Larrartek eta Imanol Muruak hitzaldia eman dute Martin Ugalde kultur parkean, liburuaren nondik norakoak hizpide.

Muruak eman dio hasiera saioari. Hark idatzia da liburuaren hitzaurrea, eta, azaldu duenez, «ohorea» izan da Torrealdairen eskakizunari men egitea. Izan ere, kontatu zuenez, Torrealdaik enkargu hori egin zion biek ala biek izan zuten azken elkarrizketan, hitzaurrea idatz zezala galdegin zion; kazetariak plazerez esan zion baietz.

Besteak beste, Muruak berretsi du liburuan bista-bistakoa dela Torrealdairen obsesioetako bat, hain zuzen ere, Egunkaria zernahi erakunde edo talderekiko independentea zela erakustea. «Liburuaren orrialde bakoitzaren atzean, lerro bakoitzean, Joan Mariren ahotsa sumatuko duzue esanaz gu euskalgintzatik gentozela, euskalgintzatik aritu ginela, ez ginela inoren menpeko eta guk hartzen genituela erabakiak», azaldu die Muruak ekitaldira bertaratutakoei. Gaineratu du, halaber, Torrealdairen esplikazio horiek ez zirela argudiatu gabeak: «Informazio mendi batekin ematen ditu azalpenak, ez ziren argudiaketa biluziak», adierazi du.

Ondotik, Larrartek hartu dio lekukoa Muruari, eta beste behin aletu ditu, jendaurrean, liburuan jasoak direnak. Berretsi du, gainera, Torrealdairen asmoa ez zela bere buruari buruz hitz egitea: «Atentzioa egunkarian jarri nahi zuen Joan Marik, inola ere ez Torrealdain», argitu du. Nahiz eta kontakizuna haren bizipenetan oinarritu, nahiz eta hurbileko esperientziekin jositako kontakizuna osatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.