Aurkeztu dituzte aurtengo Ibilaldia jaiko abestia eta bideoklipa. Bizkaiko ikastolen aldeko jaia Sopelan eta Leioan egingo dute aurten, Ander Deuna eta Betiko ikastolek antolatuta; lema Kala kalata! da. Hori jakina zen lehenagotik, eta hainbat artista ideia horri musika eta irudia jartzeko arduradunak izan dira. Letra Xabi Payak egin du, musika Xabi Aburruzagak, eta, ikastolako ikasleez gain, abeslariak izan dira Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain eta Itziar Ituño. Bideoa IN-komunikazioa agentziak egin du.
Antolatzaileen arabera, Payak «inork baino hobeto jakin du berba gutxitan biltzen Kala kalata! leloarekin adierazi nahi dena, hots, bidaia honetan, goitik behera eta hezur mamiraino, busti beharra dagoela. Busti beharra, azken batean, euskaraz bizitzen ikasteko». Maiatzaren 30ean egingo dute festa.
Dena den, azaldu dute hasieratik izan dutela argi Ibilaldia, haren egitaraua eta jaiak bereak dauzkan gainerako osagaiak ahalik eta modu kooperatiboenean egin behar zituztela Betiko eta Ander Deuna ikastoletako komunitateak.
Letra (Kala kalata!)
Sopelan eta Leioan
Ibilaldian aurten,
bidea egin nahi dugu
euskaldunak izaten, (bis)
iturri zaharreko ura
ez dadin inoiz eten.
Maringora kikunbera,
dzanga geurera, boga!
Euskara indartsu dator
zuzenean golkora, (bis)
Bizkaiko kostaldekora
eta bularrekora.
Aspaldi ikasi genuen
putzutik ateratzen,
zubi gabeko ibaiak
igerian pasatzen, (bis)
eta korronteen aurka
beldur barik ibiltzen.
Kala-kalata gure etxean,
Kala-kalata gure herrian,
Kala-kalata ikastolan,
Kala-kalata ibilaldian.
Ikasi nahi dugu zer den
euskaraz bizitzea,
edonorekin edonoiz
lasai erabiltzea, (bis)
busti ezean, ordea,
zaila dugu lortzea.
Euskara ailega dadin
ostertzetik harago,
mintzoa eta mingaina
berdin dira zeharo: (bis)
mintzatzea nahi badugu
busti beharra dago.
Abentura honetarako
ez zaigu ezer falta,
hizkuntza da iparrorratza, (bis)
bizinahia da mapa,
denok amaituko dugu
goitik behera kalata.
Kala-kalata gure etxean,
Kala-kalata gure herrian,
Kala-kalata ikastolan,
Kala-kalata ibilaldian.