'Mozal legea’ erreformatzearen alde egin du Eusko Legebiltzarrak

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk babestu dute eskaera. EH Bilduk legea indargabetzeko galdegin du.

Amnesty Internationalek 'mozal legearen' aurka joan den igandean egindako protesta, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2022ko otsailaren 17a
14:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

PP-C’s taldeak eraman du gaia Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara. Ertzaintza eta Estatuko Segurtasun Indarren «duintasuna eta eskubideak» bermatzeko indarrean den legedia babestu du eskuineko taldeak, eta, hala, eskatu du atzera botatzeko mozal legea edo Herritarren Segurtasuna Babesteko legea erreformatzeko Espainiako Kongresuan diren ekinbideak. PP-C’s-ren proposamenak Voxen aldeko babesa baino ez du jaso, eta bertan behera geratu da.

Haren ordez, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostutako proposamenak egin du aurrera, talde horien botoekin. Puntu bakarra du testuak: adierazten du «beharrezkoa» dela mozal legea erreformatzea, modu horretan, «herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzeko nazioarteko estandarrak» beteko dituen lege bat lortzeko. Jon Andoni Atutxa EAJko legebiltzarkideak adierazi du espero duela legealdi honetan mozal legea erreformatzea, eta aldaketa horiek «sakonekoak» izatea. Hala, azpimarratu du erreformaren helburua dela oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babestea, bereziki biltzeko eta manifestaziorako eskubideak, adierazpen eta informazio eskubideak, askatasun sindikala eta grebarako eskubidea. Izan ere, ohartarazi du mozal legea «atzerapausoa» dela herritarren eskubide indibidual eta kolektiboetan. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak argi utzi du erreformaren bidez mozal legea «deuseztatzea» lortu nahi dutela. PSE-EEko Txarli Prietok, berriz, azpimarratu du legearen helburua izan behar duela «askatasuna eta eskubideak» segurtasunaren aurretik jartzea.

Oso kritiko agertu da EH Bilduko Julen Arzuaga. Gaitzetsi du lege horrek «delitu» bilakatu nahi dituela kazetaritza egitea eta adierazpen askatasuna, eta oinarrizko eskubideak urratzen dituela. Horrez gain, osoko zuzenketa baten bitartez legebiltzar taldeei eskatu die mozal legearen aurka agertzeaz gain, araua ez aplikatzeko konpromisoa hartzeko. Hain justu, Arzuagak EAJri gogoratu dio mozal legearen aurka egonagatik 2016tik «45.000 aldiz» ezarri duela lege hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Halaber, EAJri eta PSE-EEri aurpegiratu egin die 2016an Eusko Legebiltzarrean bozkatu zutenaren aurka egitea gaur; orduko hartan, bi talde horiek eta EH Bilduk mozal legearen aurkako proposamen bat babestu zuten, eta hura ez ezartzeko konpromisoa hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.