Atzo hasi zen Etxealditik Euskaraldira egitasmoaren erronken fasea. Atzo etxean euskaraz jolastera deitu zuen, eta gaur bigarren erronka bota du. «Larunbata lagunekin lasai biltzeko egun aproposa izaten da. Etxealdian egon arren, hitzordu horiei eusteko saiakera egingo dugu... birtualki bada ere?! Hemen gaurko proposamena! Deitu lagunei eta bildu euskarara!». Sare sozialetan zabaldu duen bideoan zehazki online poteoa egitera deitu du. Izan liteke eguerdiko aperitifa edo arratsaldeko poteoa.
Itxialdia hasi zenetik 40 egun baino gehiago pasa dira, eta ohikoak bihurtu dira tarte horretan bideo-deiak. Mintzalagun taldeek konfinamendura bideokonferentziaren bidez egokitu behar izan dute. Lagun talde askok on-line poteoak ere egin dituzte, eta gaur Euskaraldiak horretara deitu du.
Lau fase ditu Etxealditik Euskaraldira dinamikak: aurkezpena apirilaren 20an egin zuten, hausnarketa fasea asteartea eta osteguna bitartean izan da, gaur hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa proposamenena hasi da, eta bukaerako ekitaldia maiatzaren 3an –apirilaren 30ean jakinaraziko dute nolakoa izanen den zehazki bukaera–.