Euskal Herriko 27 pertsona ezagunek, Euskal Herria Batera izena hartuta, apirilaren 12an Aberri Eguna balkoietan ospatzera deitu dute, ikurrinak eta Nafarroako banderak jarriz, elkarrekin abesti bat kantatuz eta ikur digital erraldoi bat eginez. Gaur zabaldu dute deialdiaren bideoa. Zehaztu dute 12:30ak izango dela balkoietara ateratzeko garaia. Lehenik eta behin, ordu horretan minutu bateko isilunea gordeko da hildakoen omenez, eta, gero, Txoria txori kantatuko dute, gaixotasunaren aurkako auzolanean harrotasuna eta aurrera egiteko indarra azaltzeko. Irratietan kanta hori jartzeko eskatuko dute.
Maialen Arzallusek bideoan dio garai berezian iritsiko dela aurten Aberri Eguna, etxean egon beharko delako, baina aukera bat zabaltzen duela gaineratu du, «euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta batera ospatzeko». Dolua adieraziko dutela eta zaintzan ari direnei esker ona emateko ere baliatuko dutela diote. «Horiei guztiei herri gisa besarkada kolektibo bat emateko eguna izango da». Horregatik, banderetan xingola beltz bat jartzeko aukera ere aipatu dute bideoan.
Jakinarazi dutenez, Aberrieguna.eus webgunea prest da jada elkartasun mezuak jasotzeko. Horiek batu, eta mosaiko erraldoi bat osatuko dute, datorren igandean sare sozialetan zabalduko dena; «historiarako ikur bat», dio Kristina Jacas suhiltzaileak. Gainera, Amaia Nausiak bideoan parte hartzeko gonbidapena egiten dio nahi duen eragile orori. Horrez gain, iragarri du adierazpen bat lantzen ari direla norbanakoen atxikimenduak jasotzeko.