11 pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian migratzaileekin trafikatzea egotzita

Guztira bi erakunde desegin eta hamabost lagun atxilotu dituzte. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga pasatzearen truke «etekin handiak» lortzen zituzten sareek, Espainiako Poliziaren arabera.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga. GORKA RUBIO / FOKU
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 21a
13:05
Entzun

Pertsonekin trafikatzen zutela egotzita, Espainiako Poliziak bi talde desegin ditu, eta hamabost pertsona atxilotu. Talde horietako bat Bilbon zegoen finkatuta, eta bestea, Gasteizen. Operazioan 11 pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian: sei Bilbon, hiru Gasteizen eta bi Irunen. Horrez gain, hiru lagun atxilotu dituzte Madrilen, eta bat Lleidan.

Migratzaileak Espainiako kostaldeko hainbat puntutara iristen ziren pateran, eta gobernuz kanpoko erakunde batzuetara bideratzen zituzten. GKE horietan bertan, edo Marokotik irten baino lehen, 200 euro ingururen truke Frantziara lekualdatuko zituztela esaten zieten sareek. Agenteek kalkulatu dute ehunka etorkinek gurutzatu dutela muga erakunde horien bitartez, eta «etekin handiak» lortu dituztela horregatik.

Espainiako Poliziak ohar batean jakinarazi duenez, erakundeetako bi buruzagiak espetxeratu dituzte, eta Gasteizko bi etxebizitza miatu. Bertan, 3.000 euro, ibilgailu bat, 24 sakelako telefono, material informatikoa eta dokumentazioa atzeman dituzte.

Hegoaldetik Ipar Euskal Herrira

Bi erakunde kriminalek hainbat bide erabiltzen zituzten etorkin horiek Irunera eramateko. Udalerrira iristean, erakundeek Lapurdira joateko bidea errazten zuten. Lekualdaketa ez bazuten bideragarria ikusten, migratzaileak GKE horien egoitzetan uzten zituzten, garai aproposena iritsi arte.

Muga zeharkatzeko, sareek hainbat metodo erabiltzen zituzten; besteak beste, etorkinak ibilgailuz eramaten zituzten Baionara, edo ohiko autobus lineak erabiltzen zituzten oso ordutegi jakinetan. Bi kasuetan, etorkinak Baionako GKE batera edo harrera zentro batera eramaten zituzten, eta han itxaroten zuten txartelak jaso arte, Euskal Herrian edo Europako beste herrialde batzuetan zuten azken helmugaraino iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.