Joan den irailean eta urrian epaitu zuten Donostiako tatuatzailea, hamabi emakumeri egindako erasoengatik, eta, orduan, baldintzapean aske utzi zuen epaileak, espetxean urte eta erdi eman eta gero. 11 urte eta hilabete bateko espetxe zigorra ezarri diote orain, eta kalte ordainak ere ordaindu beharko dizkie biktimei. 2014 eta 2018 urteen artean hainbat emakumeri eraso egiteagatik zigortu dute: zehazki, hiru sexu eraso, sei sexu abusu, jazarpen delitu bat eta derrigortze arineko delitu bat leporatu dizkiote. Tatuajeak egiten zituen gizonezkoak, eta testuinguru hori erabilita, emakumeei sexu ukituak eta iruzkin sexistak egiten zizkien, bertzeak bertze.
Fiskaltzak 28 urteko espetxe zigorra eskatua zuen epaiketaren azken saioan, eta hiru sexu eraso, zazpi sexu abusu, hiru jazarpen delitu eta derrigortze delitu bat eskatu zituen: sexu abusu bat gutxiago eta jazarpen delitu bakarra leporatu dizkiote. Akusatuak ukatu egin zuen egindakoa azken auzi saioan, eta haren defentsak absoluzioa galdegin zuen.
Donostiako Udaltzaingoak 2018ko otsailean atxilotu zuen tatuatzailea. Guztira 21 emakumeren salaketak jaso zituen, baina hamabirenak iritsi ziren azkenean epaiketara. Biktimetako batek sare sozialetan egindako salaketaren ondoren abiatu zuten ikerketa, eta hara bildu ziren andre gehiago.